Amurrioko EH Bildu abstenitzeko prest, EAJ 690.000 euroko inbertsio planarekin konprometitzen bada

Aitor Aspuru Saez 2018ko eka. 4a, 10:30
Amurrioko EH Bilduko udal taldeko zinegotziak. / Aiaraldea.eus

Koalizio independentistaren abstentzioak erraztuko luke aurrekontuen onarpena, baina EH Bilduk adierazi du EAJk publikoki konpromisoa hartu behar duela inbertsio plan horri dagokionez. Gaur izango da udal osoko bilkura 18:30ean.

EH Bilduk prentsa ohar bidez azaldu du prest dagoela abstenitzeko aurrekontuen bozketan, baldin eta Udal Gobernu Taldeak 690.000 euroko inbertsio plana bermatzen badu.

Orain Amurriok aurka egingo du eta Amurrio Guk Baik jakinarazi du litekeena dela gauza bera egitea, euren ustez, EAJk iazko zuzenketak sartu ez dituelako.

Gauzak horrela, EH Bilduren abstentzioak lagundu dezake aurrekontuen onarpena gauzatzen, baina koalizioak aipatu du Udal Gobernu Taldeak ez diela jarrera irmorik erakutsi, momentuz. Horregatik, planarekiko babes publikoa eskatu diote EAJri.

Inbertsio plana
EH Bilduk gauzatu nahi duen inbertsio planean, 300.000 eurokoa da egitasmo garestiena: gasolindegi zaharrean zegoen tokian errotonda jartzean datza.

Izartzako Guardetxea abian jartzeko beste 40.000 euro erabiltzea nahi dute udal taldeko kideek, eta 45.000 euro gehiago eskatu dituzte baita ere, tokiko espezieen landaketak egiten jarraitzeko, baso publikoaren kudeaketa planari jarriki.

Horrez gain, Landako auzoaren eta Maskuribai industriagunearen arteko lotura ahalbidetuko duen konponketarako 62.000 euroko gastua egitea eskatu du EH Bilduk.

Parte hartzea
Horrez gain, parte hartze prozesuen bidez jasotako ekarpenak egikaritzeko 240.000 euro nahi dituzte.

Bigarren fasea: Aztarna Museoa, San Pedro mendia...
Soberakinetatik bitarteko ekonomiko berriak aktibatzen direnerako, EH Bildu Amurriok lehentasuntzat jotzen ditu hurrengo egitasmoak: Aztarna museoaren konponketa eta birkokapenera 30.000 euro bideratzea, 60.000 euro San Pedroko mendiari balioa emateko, 40.000 euro agertoki berri baterako eta 15.000 euro etorkizuneko musika eskola parte hartze prozesu baten bidez egiteko.

Planak eta arauak sortzea
Inbertsio plan horrekin batera, bestelako aurrekontu-konpromiso batzuk mahai-gaineratu ditu EH Bilduk. Besteak beste, mugikortasun jasangarrirako plan berria, etxebizitzaren inguruko ikerketa, ziklo motzeko landaketak mugatuko dituen araua erredaktatzea edota jardunaldi osoan egongo den euskara teknikaria. Udal Gizarte Zerbitzuetan eta Nagusien Etxean ere eragin nahi du koalizioak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide