aiaraldea.eus

“Ez, Elvis ez dago bizirik eta atzerritarrak ez dira Ness lakuko munstroa”

Erabiltzailearen aurpegia Amurrioko Udala   Jendartea  Amurrio

CEAR-Euskadik eta Amurrioko Udalak “Nahasten ez gaituzten erakusleihoak” xenofobiaren aurkako kanpaina jarri dute martxan. Ekintza hori Arabako Foru Aldundiaren 2019ko zurrumurruen aurkako estrategiaren barnean kokatzen da. Saltoki eta espazio publikoetan esku hartzeko proiektu sortzaile baten bitartez, Amurrioko hamar dendatako erakusleihoak dekoratuko dira. Horretarako, kartelak eta elementu atseginak erabiliko dira, herritarrak Whatsapp-eko, Facebook-eko edo auzoko ohiko elkarrizketetako gezur arrazistak sinestea zalantzan jartzera animatzeko xedeaz.

“Ez, Elvis ez dago bizirik eta atzerritarrak ez dira Ness lakuko munstroa”
Sortutako karteletako bat./ CEAR-Amurrioko Udala | Ikusi handiago | Argazki originala

Kanpaina horren oinarria herritarren iruditegi kolektiboan dauden zurrumurru irrigarriak hautematea izan da. “Elvis bizirik dago”, “ile urdin bat kentzen baduzu, zazpi aterako zaizkizu” edo “zukua azkar edaten ez baduzu, bitaminak galduko ditu” dira horietako batzuk. CEAR Euskadik gezur horiek guztiak bildu eta 10 kartel erraldoiren erdigunera eraman ditu. Karteletako bakoitza denda baten barruan egongo da, eta Amurrioko herritarrek honako hauek irakurtzeko aukera izango dute: “Ez baduzu sinesten bihurguneko neskatxa existitzen denik, zergatik sinetsiko duzu migratzaile eta errefuxiatuek tokiko osasun-sistema saturatzen dutela?”

Kanpaina hau diseinatzeko ideia azterlan akademiko prestigiotsuetan oinarritu da, zeinek demostratu baitute gezurrak eta hiri-kondairak iritzi publikoaren arreta desbideratzeko sortzen direla. Ondorio horretatik abiatuta, CEAR-Euskadiren xedea da herritarrei ohartaraztea zein den egun ahoz aho dabiltzan gezur arrazisten jatorria. Bestalde, solasaldiko gaien inposaketa-saiakerei aurre egitera ere animatzen ditu herritarrak. Honako hau irakurri ahal izango da dendetan banatuko den triptikoan: “Nazioarteko ikerketek demostratu dute gezurrak eta hiri-kondairak gure arreta desbideratzeko sortzen direla. Dena den, AMURRIO EZ DA NAHASTEN UZTEN. Ez, Elvis ez dago bizirik eta atzerritarrak ez dira Ness lakuko munstroa. Hitz egin dezagun benetan garrantzitsua denaz: bizikidetzaz, elkartasunaz eta auzotasunaz, batu egiten duen aniztasunaz. Hitz egin diezaiogun elkarri”.

Honako hauek dira kanpainara atxiki diren saltokiak: Aranoa Zapatak, Centro Óptico Josu, Floristería Gala Ramos Joya, Frutería Selene, Gancedo Complementos, Hit Denda, Joyería Madis, Karisma Denda, Maritierra eta Olerki.

Datorren otsailaren 14an jarriko da abian kanpaina. Kartelak zortzi egunez egongo dira Amurrioko erakusleihoetan, eta, gero, otsailaren 23an, kartel-erakusketa bat egongo da herriko Udaletxe Plazan, 11:30etik 14:30era. Erakusketarako, tripode gainean jarriko dira kartelak plazan, eta gaur egun migratzaile eta errefuxiatuen inguruan dauden gezurrak desmuntatuko dituen kontrako informazioz betetako triptikoak banatuko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa