Klika, klika, klika, badator Korrika!!

Erabiltzailearen aurpegia

Iritsi da bi urteren ostean euskararen alde “klika” egin eta zapatilak berriz janzteko unea! Goizeko 06:00etarako iratzargailua jarri eta Korrikari ongietorria egingo diogu amurrioarrok apirilaren 10ean, une hunkigarriak eta zirraragarriak beste behin bizitzeko prest.

Korrika dihardugula, euskararen alde egindako lana aintzat hartuko dugu eta urrats gehiago egiteko lekukoari heldu. Amurrion asko izan zarete azken hamarkadetan, eta baita azken bi urteotan ere, euskara bultzatzen kementsu aritu izan zaretenak: ikastetxeak, 1.000 ahobizi zein belarriprest, Berbalagunak, gurasoak, Etorkizuna futbol taldea eta hainbat elkarte, Inauxa eta Amurrio Ferrocarriles enpresak, merkatariak eta ostalariak… denak gara ezinbesteko euskararen normalizaziorako.

Baina bada aitortza hori modu berezian eskertu beharreko eragile bat: euskaltegiak. Hamarkada luzez helduen belaunaldiak euskalduntzen etengabe nekaezin aritu dira, Euskal Herri osoan. Eta horretan aitzindari AEK izan dugu, egun Amurrion dugun euskaltegi bakarra, hainbat amurrioarrek gure herritik kanpoko euskaltegietan ikasten badute ere. Bejondeizuela guztiei! Helduak euskalduntzeko lanean bidelagun izango gaituzue.

Eta Korrika pasatakoan ere, Amurrion euskarari “klika” egiten jarraituko dugu, mingainak astinduz, maiatzaren 17ko Euskaraz Bizi Nahi Dut Egunean, Berbalagunen, hurrengo Euskaraldian, lantegietan, kiroldegian, kalean… eta nola ez, euskaltegian!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide