aiaraldea.eus

Klima aldaketara egokitzeko proiektua egin dute Arrastarian

Erabiltzailearen aurpegia Amurrioko Udala   Ingurumena  Amurrio  Amurrio: Arrastaria

Hainbat azterlan eraman dira aurrera, haraneko hazkuntzen eta belardien egokitzapenerako ahalmena handitzeko eta klimaren aldaketaren eraginak arintzeko.

Klima aldaketara egokitzeko proiektua egin dute Arrastarian
Arrastaria landa eremua da./ Aiaraldea.eus | Ikusi handiago | Argazki originala

Amurrioko Udalak, Biodiversidad Fundazioaren laguntzarekin gauzatu duen proiektuak lurraldearen egokitzapenerako ahalmena handitzea bilatzen du eta, Arrastaria Resieliente izenarekin, hainbat azterlan egin dira, haraneko hazkuntzen eta belardien egokitzapenerako ahalmena handitzeko eta klimaren aldaketaren eraginak arintzeko xedez.
    
Arrastaria, Natura 2000 Sarearen (LIC-ES2110004) barruan dagoen landa lurraldea da, nekazaritza-abeltzaintza eta landazabal gisa katalogatutako balio estrategiko handiko azalera handiarekin eta, aldi berean, zaurgarritasun handia erakusten du klimaren aldaketaren aurrean. Klimaren aldaketaren eraginek arriskuan jartzen dute nekazaritza sektorearen eta bailararen errentagarritasuna eta, ondorioz, biziraupena.

Gaur egun, lehen sektorea nolabaiteko atzerapena ari da jasaten Arrastarian, EAEko beste gune batzuetan baino gutxiago bada ere, baina sektore horren garrantzia funtsezkoa da paisaiaren egituran, eta potentzial azpimarragarria du lurraldeko baliabideetan oinarritutako ekonomiaren garapenean.

Klimaren aldaketaren ondorioen eta sistema ekonomiko globalen ondorioz beharrezkoa da bertako produktuak eskainiko dituzten eta klimaren aldaketaren agertoki posibleetara egokituko diren estrategia bereizleak bilatzea. Estrategia horiek, klimak, gaur egun ulertzen dugun bezala elikagaiak ekoizteko aukeren murrizketa zorrotza eragingo duen inguruneari eman beharko diote erantzuna, ekoizpen metodoei, barietateei, uraren erabilerari… dagokienez.
Horretarako, hainbat ikerketa lan egin dira:

1. Arrastariako lurraldearen arriskuen azterketa, klimaren hiru mehatxu posibleren aurrean: izozteen eragina, uholdeen eragina eta lehorteen eragina.
2. Arrastariako lurren ahalmen agroekologikoaren ezaugarritzea.
3. Kontsumorako, komertzializaziorako, hazkuntzarako edo klimaren aldaketara egokitzeko baldintzak hobetzeko interesgarriak diren espezie basatien eta tokiko barietateen identifikazioa.  

Lortutako emaitzekin eta inguruko ekoizleekin izandako elkarrizketekin, Arrastarian klimaren aldaketara egokitzeko eta horren eragina arintzeko neurrien dokumentua prestatu da. Dokumentu horrekin etorkizunean uraren eta energiaren aurrezpenarekin, bioaniztasuna eta lurreko materia organikoa hedatzearekin erlazionatutako toki garapeneko proiektuak garatu ahal izango dira etorkizunari begira, dauden ustiapenen bideragarritasuna handitzeko eta belaunaldien arteko errelebua eta sektorearen biziraupena bermatzeko, klimaren aldaketa erakusten duten agertokien eta muturreko gertakari klimatiko posibleen aurrean haranaren erresilientzia hobetzeaz gain.

Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren Biodiversidad Fundazioaren laguntzarekin finantzatutako proiektua ekainean amaitu da, eta Amurrioko Udaletik definitutako neurrien garapenean lanean jarraitu nahi da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa