aiaraldea.eus

Amurrioko Udalak pertsona bat kontratatu du, adinekoen bizitza kalitatea hobetzeko programa aurrera eramateko

Erabiltzailearen aurpegia Amurrioko Udala   Jendartea  Amurrio

Programaren jatorria, bakarrik edo beste adineko batzuekin bizi diren 75 urtetik gorako pertsonei buruz Udalak 2018an egin zuen diagnostikoan dago. Aurrera eraman beharreko ekintzak 4 ardatzetan egituratzen dira: ondoan egotea, informazioa eta sentsibilizazioa, osasunaren sustapena eta garraioaren hobekuntza.

Amurrioko Udalak pertsona bat kontratatu du, adinekoen bizitza kalitatea hobetzeko programa aurrera eramateko
Amurrioko Udalaren artxibo irudia. / Aiaraldea.eus | Ikusi handiago | Argazki originala

Arabako Foru Aldundiak diruz lagundutako enplegu programaren bitartez, Amurrioko Udalak pertsona bat lanaldi osorako kontratatu du 6 hilabetez Amurrioko adinekoen bizitza kalitatea hobetzeko programa aurrera eramateko.

Programaren jatorria, bakarrik edo beste adineko batzuekin bizi diren 75 urtetik gorako pertsonei buruz Udalak 2018an egin zuen diagnostikoan dago. Azterketaren ondoren, hainbat behar hauteman dira, eta zenbait proposamen egin dira horietarako. Horiek izango dira epealdi horretan aurrera eraman beharko direnak.  

4 garapen ardatz
Aurrera eraman beharreko ekintzak lau ardatz nagusitan garatzen dira. Alde batetik, antzemandako laguntzaren inguruko beharrak daude, eta horietarako hainbat ekintza jasotzen dira, etxean laguntza emateko edo etxetik kanpoko jarduerak egiteko sareak garatzea eta adinekoekin boluntario izatea sustatzea, besteak beste.

Informazioaren eta sentsibilizazioaren inguruan lan egitea izango da programaren beste oinarrietako bat. Horretarako, beharrezkoa izango da sektoreari zuzendutako baliabideei eta prestazioei buruzko informazio kanpainak egitea, baita sentsibilizazioa eta prebentzioa ere, etxeko segurtasunari buruzko "in situ" kanpainak eginez.

Azterlanaren beste ardatzetako bat osasunaren sustapena da. Horretarako, ariketa fisikoa sustatzeko eta nutrizio aholkularitza emateko ekintzak gauzatzea proposatzen da. Osasun mentalaren arloko prebentzio eta detekzio programak ere egingo dira, arloko elkarteekin eta profesionalekin koordinatuta.

Azkenik, sarbideak eta garraioa hobetzea aztertuko da, mendekotasuna duten pertsonentzat eta herrigunetik urrun dauden guneetan bizi direnentzat, batez ere.

Adinekoen Udal Saila
2016tik, Udalak adinekoentzako sail espezifikoa du, lehen gizarte ekintzaren arloan sartuta zegoen arren. Duela hiru urte, Udalak herritarren sektore horretara bideratutako udal politika indartu zuen, eta Munduko Osasun Erakundearen "Adinekoekin Lagunkoiak diren Hiriak" proiektuan oinarrituta dagoen Lagunkoia sarean sartu zen. Proiektu hori zahartzearen beste faktore batzuetan oinarritzen da, osasun arloko laguntzatik haratago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa