aiaraldea.eus

Amurrioko Inauteriak Kakarro Birigarro mozorro lehiaketarekin animatuko dira

Erabiltzailearen aurpegia Amurrioko Udala   Kultura  Amurrio

Aurten, lehen aldiz, desfileko musika errepertoriorako abestiak proposatu ahal izango dira. Aurten, mozorro lehiaketaren D kategoriaren, umeekin doazen helduei zuzendutakoaren, gaia animaliak izango dira. Mozorro lehiaketan parte hartzeko izen-emateak otsailaren 17tik 21era egingo dira Kultur Etxean.

Amurrioko Udalak hainbat jarduera antolatu ditu inauteriak ospatzeko, eta horien artean mozorro desfilea azpimarratu behar da. Jarduerak larunbatean hasiko dira, 17:00etan, Juan Urrutia plazan, Bakk Producciones taldearen musika animazioarekin, eta 19:00etan hasiko da Kakarro Birigarro mozorro lehiaketa ezaguna.

Mariaka eta Marigabon buru izango diren eta Tabarra fanfarrearen musika animazioa izango duen desfilea Andre Mari elizan abiatuko da, eta Elexondotik, Aiaratik, eta Iturraldetik igaro ondoren Juan Urrutia plazan amaituko da. Desfilearen ondoren txokolate jana eta diskofesta koreografikoa egingo dira. 20:30etik aurrera kategoria guztietako sariak banatuko dira.

Aurten, mozorro desfilean parte hartzen dutenek, astelehenean, otsailaren 17an, Kultur Etxean megafoniatik entzungo den musika errepertorioa osatzeko abestiak proposatu ahal izango dituzte. Ohiko desfilean parte hartzeko interesa dutenek otsailaren 17tik 21era bitartean eman ahal izango dute izena, Kultur Etxean. Izen-ematea ostiralean amaituko da, 13:30ean. Mozorro lehiaketak lau kategoria ditu:

  • A kategoria, 1 eta 3 pertsona artean. Lehen saria, 75 euro eta Kakarroren irudi bat.
  • B kategoria, 4 eta 10 pertsona arteko taldeak. Lehen saria, 250 euro eta Kakarroren irudi bat. Bigarren saria, 150 euro eta Kakarroren irudi bat. Hirugarren saria, 90 euro eta Kakarroren irudi bat.
  • C kategoria, 10 pertsonatik gorako taldeak. Lehen saria, 450 euro eta Kakarroren irudi bat. Bigarren saria, 200 euro eta Kakarroren irudi bat. Hirugarren saria, 100 euro eta Kakarroren irudi bat.
  • D kategoria, umeekin doazen helduei zuzenduta. Gutxienez hiru pertsonak hartu beharko dute parte. Aurten, kategoriaren gaia animalien mozorroak izango dira. Lehen saria 200 eurokoa izango da, eta bigarrena 125 eurokoa, biak ere Kakarroren irudiarekin batera.

Horrez gain, desfileko koreografia onenak 120 euroko saria izango du APYMCAko baletan eta Kakarroren irudia, eta lehiaketan parte hartzen duten guztien artean 200 euroko balioa izango duen bidaia pack bat zozketatuko da. Merkatariek eta ostalariek ere saria jaso ahal izango dute, euren lokalaren apainketari esker. Inauteriekin erlazionatutako gaiekin bere negozioa ondoen girotzen duenak 200 euro eta Kakarroren irudi bat jasoko du.

Inauteri asteartea
Inauteri astearteko jarduerak umeei zuzenduta egongo dira, San Anton plazan. 16:45etik aurrera txokolate jana egongo da, eta 17:00etan umeei zuzendutako “Ttiki ttaka irratia” diskofesta hasiko da. Arratsaldeko 18:30etik aurrera, Kakarro Judas erre ostean, Inauteriek agur esango dute datorren urtera arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa