Arrankudiagako lubakietako gerra hotsak, ahots

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko mai. 13a, 09:00
Arrankudiaga-Zolloko lubakien argazkia, 1937an eginikoa. / Bizkaiko Foru Aldundia

Eskualdeko beste herri batzuetan bezala, 1937ko maiatzetik ekainera hainbat bonbardaketa eman ziren Arrankudiaga-Zollon Nazien Kondor Legioaren eskutik. Hilaren 12tik 14ra Gaztetxean ikusgai egongo da “Arrankudiaga-Zollo 1937” erakusketa.

1936ko udan Gerra Zibilak bete-betean harrapatu zuen Euskal Herria; eta, baita Aiaraldea ere. Horren adierazle da Laudio eta Arrankudiaga-Zollo inguruan eraikitako “Burdin hesia”. Helburua Bilbo babestea zen. Ez, ordea, hiria bakarrik: “Zolloko urtegiaren bidez hornitzen zen Bilbo. Toki inportantea zen”, azaldu du Txomin Egiluzek. Markel Iturrizarrekin batera antolatu du “Arrankudiaga-Zollo 1937” erakusketa.

Maiatzaren 12an, egingo dute aurkezpen solasaldia Arrankudiagako Gaztetxean; eta hilaren 14an, 10:00etan egingo dute txangoa plazatik Albitzarrira. Bilduma historikoa 19:00etatik 21:00etara egongo da ikusgai ostiral eta larunbatean; eta igandean, berriz, 12:00etatik 14:00etara.

Bonbardaketa ugari
Santa Magdalenan eta Ollargan ziren, besteak beste, Burdin Hesiaren parte; eta makina bat lehergailu jaurti zituzten bertan frankistek. Baita Iberlandan, Elexondon eta Arenen ere.

Gerra Zibilean osaba galdu zuen Esperanza Urkijoren hitzetan, gurasoak hiltzeko zorian izan zituen:  “Lotsagabe horien erruz egon ziren hiltzeko puntuan nire gurasoak ere. Frankok euskara eta dena kendu zigun. Gu gorriak ginen, separatistak, ez genuen ezertarako eskubiderik haiek edozer egin zezaketen”.   11  urte zituen Gerra Zibila hasi zenean; egun iltzatuta ditu orduko mina eta beldurra: “Bonbardaketak etengabeak ziren, lehergailuak edo metrailak. Sumatzen zuten edozein gauza arraro bonbardatzen zuten”.  Untzuetapiku mendiaren magalean, Uspizagan ikusten zuen egunero lehergailuetako bat, pinu orriek estaltzen zuten.

“Alkauetea”
Izan ere, denek ez zuten eztanda egiten. Hori dela eta, batzuk gailuak harrikatzera joaten ziren. “Batek bete-betean lehertu zuen mutikoetako bat, zuhaitzetaraino iritsi zen haren gorpu zatikatua. Hori da, nik dakidala, lehertu gabeko bonbek eragin zuten heriotza bakarra”. “Alkauetea” deitzen zioten ingurua arakatzera joaten zen hegazkinari: “Genuen dena apurtu zuen: ogia egiteko laba, paretak...”. Untzuetapikutikhurbiltzen zen bakoitzean babesara edo ezkutura jotzen zuten arrankudiagarrek ziztu bizian, erasoa zetorrela esan nahi baitzuen. Esperanza Urkijo Uribarrikoa izaki, trenbide azpira joaten zen auzokideekin, errekaren igarobidera, “horrek salbatu zigun bizia”.
Urkijoren esanetan, haien etxearen eta bizilagunarenaren artean bota zuten bonbetako bat: “Balak gelditzeko are zakuak genituen etxeetan”.

Alertan bizi ziren. Bazekiten gerra hegazkinen asmoa. “Bederatzi hegazkin etortzen ziren, hirunaka. Egunero hurbiltzen ziren. Guk ahuntzak genituenez, gauero joaten ginen haien bila. Behin bengala bat jaurti ziguten, baina ez ziren han geundela ohartu, eta alde egin zuten”.



Desagertuak eta hildakoak
Luzea da Gerra Zibilaren ondorioz hildako lagunen zerrenda. “Arbideko bi anai desagertu ziren, Astondoatarrak, ez dugu haietaz beste ezer jakin. Poiuko Gorrotxa gaztea ere hil egin zuten. Arandiako beste bat Bartzelonan desagertu zen, anaia bila joan zen bizkletan, baina hura gabe itzuli zen”, dio Urkijok.

Aterpeak zituzten toki segurutzat; horregatik ez zituen hil Gerra Zibilak hainbeste herritar Arrankudiaga-Zollon. Borrokan zendu ziren gehienak, Domingo Egia gudari arrankudiagarra kasu; Lekeition, Arana Goiriren batailoian.

Esperanza Urkijok osaba bakarra zuen, gudan hil zen. Haren aita bezala, Santoñan egon ziren gizon asko:  “Francoren aldeko gizon batek lagundu zion aitari etxeratzen. Xelebrea zen: etxeko armairuan gudari bat ezkutatu zuen. Handik bi egunera heldu zen aita etxera oinez, eguzkia zen bere iparrorratza”.

Hala ere, beste hainbatek ez zuten zorte bera izan. Presoak zeramatzaten bagoiak agurtzera gerturatzen zirela oroitu du Urkijok, “ez dut inoiz ahaztuko zenbat negar egiten zuen jendeak”.  Iberlandako zelaietan egiten zuten instrukzioa gudariek, “han entrenatzen zituzten 1936an gerrarako”.

Juan Dorronsoro Etxeberria da bizirik dagoen lekukoetako bat.  Arakaldoko jaietako pasartea ekarri du gogora, idiaren kontra sokatira proba antolatu zutenekoa: “Faxistak zetozela oihuka agertu zen Rosa, eskopeta eskuan, hemendik ez dira pasako esanez”.

Dorronsoren anaia Arabako Batalioiko boluntarioa izan zen 19 urte zituenean. “Gorbeiara joan ziren, handik Urduñara, eta gero Santanderrera. Harrapatu eta espetxeratu egin zituzten. Adoktrinatu egiten zituzten, ejerzitoan barneratzeraino”.

Leherketak
Untzuetapikurako bidean, autopista inguruan, kañoi bat omen zegoen. Alta, Aretako tren geltokia ere zartarazi zuten. “Hegan egiten ikusi nuen”, dio Dorronsorok. Aldameneko bi etxebizitzak garretan kiskali ziren.

Antonio Del Río arrankudiagarrak 6 urte zituen bere etxetik 10 metrora bonbak Elezkano ezizeneko bat hil zuenean. “Eskailera batean sartu zuten, izara jarri, eta Arakaldoko hilerrian ehortzi zuten”. Arakaldoko 2-3 bonbardaketa ere oroitu  ditu, baita Ellakuriako erasoaldiak ere: “Arregi hil zuen horietako batek. Nire etxetik igo zen batailoietako bat.

Horrez gain, Arakaldoko herriko tabernaren atzean erori zen bonbetako bat, ibaiaren atzera. Hango arketan ezkutatzen ziren  herritarrak”. Aretako geltokiko leherketaren lekuko ere izan zen: “Bi anai hil zituzten, Goio eta Angel”. Aretako erretegia zegoen tokian ere jasan zituzten eztandak. Dena den, bi aldeetako kideak hil ziren Arrankudiagako lurretan: “Mugarrietara eraman zuten urduñako faxista bat 4-5 lagunek, eta bertan garbitu zuten”. Ildo beretik, hainbat etxek hartu zuten su, haren arabera.



Bonbak jostailu gisa
Aitortu duenez, jolas moduan, obusak hartu eta Alpitxu mendira joaten ziren, su emateko: “Bertan hil ez ginenean... Nire anaiak eta lagun batek pistoia kendu zioten bonba bati, aizkorarekin moztu zuten... Laudioraino iritsi zen zartada! Barruan lehergailurik ez zuelako atera ziren bizirik”.

Umeak zirenez, ez ziren arrisku aukeraren jabe. Are, Aretako erromatar zubiaren gainera joaten zirela aitortu du Del Riok, arrantza egiteko teknika berria deskubrituta: “Bonben pistoiak Uretara bota eta lelotu egiten ziren arrainak, eta horrela, animaliak  harrapatzen genituen. Bonba-zinta horiek Arakaldoko mendi batean hartu genituen”.

Zeberio, Arakaldo, Laudio... Asko dira Gerra Zibilak astindu zituen herri eta familiak. Arrankudiaga-Zollon ekin diote memoria historikoa biltzeari, iragana ez dadin ahaztu eta herriak historia ezagutu dezan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide