aiaraldea.eus

Frankismoak fusilatutako biktimak omendu zituzten atzo Valladoliden, Angel Egaña gudaria barne

Erabiltzailearen aurpegia Txomin Egiluz   Historia  Arrankudiaga-Zollo
Frankismoak fusilatutako biktimak omendu zituzten atzo Valladoliden, Angel Egaña gudaria barne

Erregimen frankistak eraildako 2.650 lagunei omenaldia egin zieten atzo Valladolideko El Carmen hilerrian. Angel Egaña gudari arrankudiagarra ere omendu zuten, bertan fusilatu baitzuten 1938an. Udalak ordezkaritza bidali zuen ekitaldian parte hartzeko.

Jendetza batu zen atzo Valladolideko El Carmen hilerrian Frankismoak hildako 2.650 lagun omentzeko. Berez, oraindik 245 biktimen gorpuak besterik ez dituzte berreskuratu eta 7 hobietan sartu zituzten.

Edonola ere, eraildako pertsona guztien izen eta abizenak jaso dituzte. Horien artean Angel Egaña Arrankudiagako gudaria dago. Txutxi Ariznabarreta alkateak parte hartu zuen ekitaldian, lore eskaintza eginez, antolatzaileek gonbidatuta.

Udalak berak oharra zabaldu du herritarraren biografia azaltzeko: "Angel Egaña 1914an jaio zen Arrankudiagan eta 1936an estatu kolpe faxistaren aurrean euskal milizietako Padura batailoian sartu zen. Hainbat gerra frontetan hartu zuen parte teniente karguarekin. Bereziki aipagarriak Gorbeiako borrokaldiak. 1937ko ekainean Bilbo erori ondoren, Santander aldera egin zuen batailoiak eta Santoñan atxilotu zuten faxistek irailean. Azaroan Valladolidera eraman zuten eta abenduan egin zen gerra-kontseiluan heriotza zigorrera kondenatu zuten. 1938ko ekainaren 2an fusilatu zuten Valladoliden eta El Carmen hilerriko 7. hobi komunean lurperatu zuten".

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa