aiaraldea.eus

Eroritako haritz bat "indultatu" dute Artziniegan

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Alea   Ingurumena  Artziniega

Mehatxatutako kakalardo baten mesedetan, bere horretan utzi dute zuhaitza.

Eroritako haritz bat "indultatu" dute Artziniegan
Ohar bat jarri dute haritzaren alboan, herritarrei informazioa emateko. / Arabako Basozainak | Ikusi handiago | Argazki originala

Ezaguna da eroritako zuhaitzek izaten duten patua: udal zerbitzuek berehalakoan kendu ohi dituzte, estropezurik ez sortzeko. Halere, biologoek jakin badakite hildako zuhaitz horiek rol garrantzitsua jokatzen dutela, bereziki, ekosistema txikien aterpe direlako.

Horretaz jabetuta, Artziniegan eroritako haritz bat bere horretan uztea erabaki dute herriko udalak eta Aldundiak, Arabako Basozainen Elkarteak ezagutzera eman duenez. Keinu txiki horren garrantzia nabarmendu dute. "Espezie bitxi eta ezezagun asko daukagu gure probintzian, eta, askotan oso ikusgarriak ez diren arren, beraien egoera hobetze aldera ekintza txikiek garrantzi nabarmena har dezakete".

Zuhaitza bere horretan uzteak Cerambyx cerdo espezieko kakalardo urriari onura ekarriko diolakoan daude, eta "intsektu berezi honen janari eta bizileku" izatea espero dute. Ekintza hori testuinguruan jartzeko, ohar bat jarri dute zuhaitzaren alboan, Santiago Pagola-Carte entomologoak landutako testu batean oinarrituta.

Albiste hau Alea.eus atarian argitaratu dute eta Cretive Commons lizentzia erabilita ekarri dugu hona.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa