"Ezagutu ez dudan pertsona bati egin diodan omenaldia da diskoa"

Julen Solaun Martinez 2019ko abe. 4a, 07:00
David Isasik bere lehen diskoa atera du. / David Isasi

DAVID ISASI (Artziniega, 1978) abeslariak disko berria atera du, bere bizitzan osoan konposatutako hainbat abesti bilduta. El viajero incansable izenpean, Loreni dedikatuta dagoela esaten du, nahiz eta inoiz ez zuela ezagutu argitzen duen elkarrizketan. Spotifyn entzun ahalko da lana. 

Zergatik El viajero incansable diskoa?

Ezagutu ez dudan pertsona bati egiten diodan omenaldia da, Loreni. Pertsona oso garrantzitsu baten aita zen, artista nekaezina.

Egurrarekin asko egiten zuen lan, eta margolaria eta eskultorea ere bazen; lotura berezia egon da, bere etxean nagoenean magia antzeko bat sentitzen dudalako. Bera bidaiari nekaezina zen, inoiz gelditzen ez zen norbait, beti zegoen gauzak egiten.

Zertan inspiratu zara, Lorenez aparte, diskoa egiteko?

Lorenentzat, diskoaz aparte, abesti bat ere badut. Baina, azkenean, abestien multzo bat da eta abesti bakoitzak bere mundu txikia du. Abesti batzuk etxean nituen, grabatzen nindoan, baina ez nekien egunen batean diskoa egingo nuenik. Hurbileko jendeak grabatzera eta biltzera bultzatu nau, disko bat egitera.

Egia esan, abesti asko geratu dira kanpoan. Berez, ez ditut abestiak zenbatu. Nire ideia hogeita hiru edo hogeita lau bezalako zenbakiak jartzea zen, abesti hauek baino lehen beste asko geratu direlako kanpoan, seguruenik beste disko baterako.

Urte pila bat egon naiz abestiak egiten eta pena ematen zidan han geratzea eta hurbileko pertsonek entzutea bakarrik.

 

"Bi arima ditut, rockeroa bata eta bakarlariarena bestea"

 

Zein izan da abestien aukeraketa prozesu hori?

Zaila da, ezin duzu hogeita hamar abestietako disko bat egin. Disko bikoitza osatu dezakezu, asko jota.

Dinamikoa den zerrenda bat bilatzen saiatu naiz, abesti motel batzuk azkarragoak diren beste batzuekin uztartu ditut, rockeroagoak direnekin. Horrela diskoa dinamikoagoa da, ez da dena motela edo dena rocka izango.

Azken finean, bi arima ditut, rockeroa bata eta bakarlariarena bestea; abestien tarte batzuk Benito Lertxundiren antzekoak dira, beste batzuk Medina Azahara bezalako talde baten antza dute.

Beraz, hamar abesti aukeratu ditut zortzi ez jartzearren, edo hamabi, esaterako. Abesti luzeak dira ere bai, diskoak hirurogei minutu baino gehiago irauten du.

Nola moldatu zara genero desberdin horiek tartekatzeko?

Abesti batzuetan, adibidez, ez dago bateriarik, dena da gitarra akustikoa. Beste batzuk distortsionatutako gitarrarekin dira, rockeroagoak. Luzeraren gaiaren harira, nik horrela konposatzen dut.

Badago jendea oso luzeak direla esan didana. Baina, nik, azkenean, abesti bat konposatzen dudanean ez dut begiratzen zenbat denbora daramadan, abestiaren joera nagusiarekin jarraitzen dut.

Badago abesti bat hiru minutu eta hamaika segundo irauten duena, eta beste batek hiru minutu eta berrogeita hamar segundo irauten du. Beste guztiak nahiko luzeak dira, bai.

La trilogía del mineral del hierro abestia hiru partetan banatu duzu. Zer dela eta?

Bizkaian burdinak izan duen historiari egiten diodan omenaldia da. Lehenengo partea Plinio el viejo da, erromatarra. Bere garaian bazekiten penintsulako iparraldean burdinez osatutako mendiak zeudela.

Gero, Gallarta, Ortuella eta Arboledako meatzari zonaldeari buruz hitz egiten dut, abestiaren erdiko partea da hori. Amaieran, Ferrería el Pobali buruz ari naiz. Trilogia baten modukoa da, haien artean nahiko ondo konbinatzen baitira.

Gorlizeko gizon batek lagundu zidan. Bere ahotsa asko gustatu zitzaidan, eta abestien amaieran eta hasieran dagoen narrazioa egitea eskatu nion. Bera da Plinioren papera egiten duena eta burdinolaren istorioa kontatzen duena.

Gaztelerazko abestiak dituen disko batean bat euskaraz dago, Bizi, hil, bizi. Zer esanahi du?

Euskaraz abesti batzuk ditut. Baina, azken finean, ni erdalduna naiz eta nire euskara oso mugatua da.

Hitz egiteko defendatzen naiz, baina ehuneko ehunean euskaraz adierazteko ez naiz gai. Hala ere, euskararen sonoritatea gogoko dut, noski. Abesti horren testua, hasiera batean, gazteleraz zen, baina nire barnean abesti hori euskaraz izan behar zela ikusten nuen. Donostiako lagun bati bidali nion testua eta berak itzuli zuen, era poetikoago batean, eta musika jarri nion.

 

"Ez naiz gai euskaraz ehuneko ehunean adierazteko, baina sonoritatea gogoko dut"

 

Nondik dator abesti horren izena?

Nirea ez den poema bat da. Landare baten metafora moduko bat da. Landare hori jaio egiten da, gero hazten da eta, amaieran, zimeldu egiten da. Hilzorian geratzen da, baina berriz bueltatzen da bizitzara. Pertsonala ez den istorio bat bat, baina asko gustatu zitzaidan prozesu hori.

Diskoko zer zati da pertsonala?

Abesti hori izan ezik, beste guztia nik konposatutakoa da. Ez dago bertsiorik, denak dira nire abestiak, nahiko pertsonala da. Lana entzun duten pertsonek diote nire barneko gaiak landu ditudala.

Diskoaren portadan bale bat dago, zergatik?

Lehenengo abestiagatik. El viajero incansablek horri egiten dio erreferentzia. Argazkia interneten ikusi nuen eta gustatu zitzaidan.

Baleak ere bidaiari nekaezinak dira, milaka kilometrora doaz hiltzera. Uneoro daude mugimenduan.

Maketazioa Artziniegako neska batek egin du, Loreak. Berak izan zituen ere barruko marrazkien eta diseinuaren ideiak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide