Tokiko Garapen Agentziak 577 pertsona trebatu zituen 2015ean eta legealdiko jarduna abiatu du

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Fernandez de Pinedo 2016ko mai. 16a, 09:04

Laudioko Tokiko Garapen Agentziak 2015-18 legealdiko Enplegurako sektore-kontseiluaren bilera zikloa abian jarri du maiatzaren 12an burutu berri den Enplegu Batzarrarekin. Aurreko legealdian eta 2015. urtean izandako jardunaren balantzea eta datozen hiru urtetarako egitasmoak izan dituzte aztergai, besteak beste, eragile sozialak, erakundeetako ordezkariak eta alderdi politikoetako ordezkarien foroan.

Laudioko Tokiko Garapen Agentziak 2015-18 legealdiko Enplegurako sektore-kontseiluaren bilera zikloa abian jarri du maiatzaren 12an burutu berri den Enplegu Batzarrarekin. Aurreko legealdian eta 2015. urtean izandako jardunaren balantzea eta datozen hiru urtetarako egitasmoak izan dituzte aztergai, besteak beste, eragile sozialak, erakundeetako ordezkariak eta alderdi politikoetako ordezkarien foroan.

Aurreko legealdian dinamika horren ondorioz bultzatutako ekimenei dagokienez, Laudioko udalak Arabako Merkataritza Ganberarekin luzatu berri duen elkarlanerako hitzarmena baliatuta sortu den Enpresen Foroa azpimarratu du Iñigo Martinez Cerrillok, Tokiko Garapen Agentziako zinegotziak.

Horrez gain, herriko lurzoru industrial beharrak eta egun definituta dauden esparruen erabilpen aukerak aztertzeko udalak, SPRIk (Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak) eta Araba Garapen Agentziak osatuko duten organoaren garrantzia azpimarratu du EH Bilduko zinegotziak.

Garapen Agentziaren Balantzea

Laudioko Tokiko Garapen Agentziak 2015. urtean trebakuntza, enpleguaren sustapena, ekintzaile eta ETEak eta merkataritza arloetan izandako jardunaren balantzea eskaini du.

Prestakuntza arloari dagokionez, 577 pertsona aritu dira antolatutako 39 trebakuntza jardueratan. Langabetuak, enplegua eskuratzeko aukerak hobetu nahi duten pertsonak, ekintzaileak, langile autonomoak eta merkatariak izan dira ekimenetako edukiek kontuan izan dituzten profilak.

23 pertsona enplegu planetan aritu dira eta Nerbioiko ur-bazterren garbiketa

Tokiko Garapen Agentziak 300.000 euro erabili ditu; guztira 23 pertsona lanean aritzea ahalbidetu duten lau planetan. Atal horren finantzazioaren %54a Eusko Jaurlaritzak emandako diru-laguntzen bidez gauzatu da eta gainerako bitartekoak, %46a, Udalak berak sortu ditu.

Atal horretan 2015. urtetik oraindik bideratu gabe dago Nerbioi ibaiaren ur-bazterrak garbitzeko plana. Izan ere, gizarteratze enpresen bidez bideratzeko asmoak, Laudioko udala bakarrenetakoa da horrelako aukera jorratzen, Ura Agentziak horrelako zereginetarako ezartzen dituen bermeen kudeaketa zaildu du.

Egitasmoaren memoria helarazi dio Garapen Agentziak Urari eta plana aurki abian jartzea espero dute arduradunek.

Ekintzaileen sustapena

Ekintzaileen atalari dagokionez 15.000 euro bideratu ditu Tokiko Garapen Agentziak saltoki edo enpresa asmoak sustatzeko laguntzatan eta 36 ekintzaile hurbildu dira 2015eko maiatzetik abendua bitarteko tartean Merkataritza Ganberarekin eskaintzen den aholkularitza zerbitzura. Azken horretatik 5 ekintzailek aurrera atera dituzte fisioterapia, dantza akademia, energia aholkularitza, argazkigintza-estudio eta tatuaje proiektuak.

Merkataritza atalean berriz, PERCO ikerketaren berrikusketa eta merkataritza plan estrategikoa abiatu dira 2015ean. Horrez gain, udala eta APILLen arteko hitzarmena %25ean handitu da.

2016rako egitasmoak

Udalak maiatzean onartu behar duen aurrekontu proposamenak 980.000 euro aurreikusi ditu Tokiko Garapen Agentziarako. Bere jardunaren ardatzak izango dira enplegu planen sustapena eta gainerako erakundeekin, Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza batik bat, elkarlana areagotzea, ahalik eta diru-laguntza deialdi aukera gehienak jorraturik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide