“Jolasteko eta norberaren izaera adierazteko tresna da niretzat moda”

Erabiltzailearen aurpegia Andrea Ulloa Téllez 2016ko ots. 9a, 18:39

Goizane Avilesek (Laudio, 1991) modari buruzko bloga eta YouTube kontua ditu. Bere eguneroko jardunaren inguruan mintzatu da.

 

Goizane Avilesek (Laudio, 1991) modari buruzko bloga eta YouTube kontua ditu. Bere eguneroko jardunaren inguruan mintzatu da.

 

Dakigunez bloger eta youtuber moduan aritzen zara, moda arloan. Nola hasi zinen mundu honetan?

Kazetaritza ikasten hasi nintzen eta ez nuen lau urte itxaron nahi lanean hasteko. Orduan zer egin nezakeen pentsatzen hasi nintzen eta burura etorri zitzaidan blogaren ideia.

Nik oso gustukoak nituen modari buruzko blogak, estilo pertsonala erakusten zutenak, zehazki, beraz aurrera ekin nion ideiari eta gaur arte. Bideoak beranduago etorri dira. Garapen naturala izan da, aurrera egiteko beharraren ondorioz jaio dira.

Zein da bloger/youtuber baten eguneroko lana?

Alde batetik, edukian egin behar dugu lan: materialak planifikatu eta garatu behar ditugu ekoitzi baino lehen, eta horren ostean argitaratzea eta sare sozialen bidezko hedapena ere programatu behar dugu.

Honez gain, egindako lanaren emaitzak neurtu egiten dira, eta datu horiek oinarri, edukiari buruzko erabakiak hartu.

Hortaz gain, enpresekin egiten den lana dago. Haien proposamenak hausnartu eta gustatzen zaizkizunak negoziatu egin behar dituzu, baita gero hitzartutakoa aurrera eraman, noski. Beste aldetik, audientziari dagokion lana dago.

"Blogean zein YouTuben oso garrantzitsua da ikusleekin harremana mantentzea, komentario zein e-mail edo sare sozialen bitartez".

Azken batean, edukiek ez lukete zentzurik izango kontsumitzailerik ez balego.

Zer azaldu edo adierazi nahi duzu zure YouTube kontuaren bidez?

Blogarekin hasi nintzenean hobby moduan neukan, baina denbora pasa ahala konturatu nintzen niretzat moda jolasteko eta norberaren izaera adierazteko tresna bat zela.

Denborarekin, esku artean aukera bikaina nuela konturatu nintzen: besteak laguntzeko aukera zen ere, adibidez haien buruarekin erosoago sentitzeko aholkuak emanik edo armairuan dagoeneko daukaten arropari joko gehiago nola eman irakasteko.

Zure ustez, zein da arrakasta lortzeko formula zabiltzan mundu horretan?

Ez dut uste formula zehatza dagoenik, baina niretzat oso garrantzitsuak diren hainbat gauzen nahasketa da. Lan gogorra, jarraikortasuna, originaltasuna, beti kalitate handiko edukia eskaintzea, karisma pixka bat izatea, zure audientziari entzutea eta zaintzea… eta noski, zorte pixka bat.

Ikusten denez euskaraz arazorik gabe mintzatzen zara eta Euskal Herrikoa izanda, zergatik ez duzu bloga edo bideoak euskaraz egiten?

Betidanik euskaraz ikasi eta euskaraz mintzatu naiz, karrera barne. Nire gaitasunak beste hizkuntzetan ere garatzea garrantzitsua iruditu zait beti eta horregatik bloga gaztelaniaz eta ingelesez idaztea erabaki nuen.

"Gaur egun gaztelera baino ez dut mantentzen blogean zein bideoetan, publikoa dela eta".

Nirea zehazki Espainian eta Latinoamerikan kokatzen da batez ere, horregatik alde batera utzi nuen ingelesa.

"Kontuan hartu behar dugu ere moda gai oso bisuala dela. Nire ustez hizkuntza ez da beharrezkoa moda ulertzeko eta gozatzeko".

Gustukoen dudan blogetako bat suediarra da, eta egileak bere hizkuntzan idazten du. Idazten duena ulertzen ez dudan arren, bere lana bikaina iruditzen zait, eta noizbait xehetasunen bat jakin nahi badut itzultzailea erabiltzen dut.

Ezagutzen al duzu bideoak edo bloger lana euskaraz egiten duen norbait?

Gaur egun ez dut modaren inguruko euskarazko blogik ezagutzen, egia esan. Duela hainbat urte pare bat jarraitzen nituen haien lana euskaraz, gazteleraz eta ingelesez egiten zutenak.

Youtuben egon badaude gai ezberdinen ingurukoak, eta duela gutxi txapelketa bat antolatu zuten horren inguruan, baina ez ditut oso hurbiletik jarraitzen.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide