aiaraldea.eus

Adio foie-gras

Erabiltzailearen aurpegia Anuntxi Arana   Iritzia

Martxoaren 3an eman zuten abisua: hegazti gripea ofizialki sartu da Euskadin, Zuberoako muga iraganez. Aspaldi da inguruan dabilela. Diotenez, azaroan haztegi batek birusak kutsatu animaliak bidali zituen Armagnac eskualdeko beste haztegi batera, bertan galkatzeko, hau da, elikadura bortxatuaren bidez gibela -koipez handiturik eta gaixoturik- gizenago bilaka dadin.

Otsailean, Landetan 600.000 ahate hiltzea agindu zuen autoritate sanitarioak, nahiz eta laster “arindu” zuen kuota 300.000ra. Via campesina-ko senide den Confédération Paysanne sindikatuko kide baten arabera,  hazkunde intentsiboak biderkatzen ditu pandemiak. Antibiotikoz eta beste erremedioz hanpatuak diren animalia ahulduek zernahi harrapatzen dute: afta-sukarra, mihi urdina, tuberkulosia... Iparraldeko abeltzain batek adierazi duenez, gehiegizko garraioek zabaldu dute epidemia. Gelditu gabe erabiltzen baitituzte hegaztiak kamioietan: hemen txitatu, hor hazi, han gizendu, haratago hil... Eta bide guztietan birusak uzten  dituzte opari. Abereen sufrimenduak kezkatzen dituen lagunek eskatzen dute etxaldean bertan hiltzea, kamioietan pasarazten dizkieten sufrimenduak ekiditeko behintzat. Suedian berrikitan estreinatu dituzte kamioi-hiltegi ibiltariak: animaliek, heriotzara joateko, etxaldetik metro batzuk baizik ez dituzte egin behar, oinez eta lasai, abeltzainek lagundurik. Osterantzean, pandemiak mozteko errezeta-mirakulu bat bada: garia, indaba, aza… ekoiztea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa