aiaraldea.eus

Korrika badator!

Erabiltzailearen aurpegia Asier Amondo   Iritzia

Apirilaren 6an eta 7an, 20. KORRIKA izango dugu Aiaraldean. Aurten, askok eta askok eskatu izan duzuen bezala, ordu egokian igaroko da gure eskualdetik; beraz, ordua ezin daiteke aitzakia izan gure herriko kaleak ez betetzeko; euskararen zein KORRIKAren aldarria lau haizetara ez hedatzeko. “BATZUK” diogu 20. KORRIKA honetan, zergatik? Euskara hizkuntza, kultura eta mundu bat delako: bertoko hizkuntza, gure kultur izaera, eta munduan nor izateko modua.

AEK-k Euskal Herri euskalduna du helburu, askotariko mundua baitu amets. Hizkuntza eta hiztun guztiak berdintasunean biziko diren Euskal Herria eta mundua nahi ditu. Justizia kontua da: hizkuntza gutxitu baten biziraupenerako babesa eta hiztunen eskubideen defentsa. Herritar guztiok bizi behar dugulako aukera-berdintasunean egunero, plaza guztietan. Nik, hik, hark. Guk, zuk, zuek, haiek. Bat eta batzuk: nire hizkuntza, zure hizkuntza; gure kultura, gure kulturak; mundu hau, mundu hauek. Finean, hizkuntza baten alde egitea guztien alde egitea da. Baten eta batzuen munduaren alde. Kultura unibertsalaren alde.

Horrenbestez, jakin ezazue gonbidatuta zaudetela hizkuntza-berdintasunaren aldeko jaira. Mundu unibertsalagoa sortu nahi dugu. ZUK izatetik BAT izatera; hala, BATZUK asko izango gara!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa