Euskararen eguna(k)

Erabiltzailearen aurpegia

Datorren abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu EAEn. Nik dakidala, bertoko instituzioek, ez Nafarroan ez eta Iparraldean ez baitiote egun honi inolako garrantzirik emango.

 

Batean Euskara ofizialki existitu ere ez delako egiten eta bestean bertoko gobernua delako ofizialki onarturik duen hizkuntzaren etsairik handiena.

Batzuok ospatu egingo dugu, baina ospatuko dugu era berezian, oraindik ere gauza asko egiteke daudela aldarrikatzeko.

 

Aldarrikatuko dugu Euskarak Iparraldean eta Nafarroan zelan egoera tamalgarrian biziarazten duten. Aldarrikatuko dugu EAEn oraindik ere gauza asko egiteke daudela; biztanleriaren % handi batek ez du euskara ezagutzen, ofiziala den hizkuntza ikasteagatik jendeak ordaindu egin behar du. Oraindik lana badugu.

 

AEKn ari garenok, lan handia dugula jakinda ere, euskararen egun asko ditugu ezagutza, erabilera, normalkuntza eta sustapenean ari garelako.

Euskararen egun hauek, guztiek, guztion elkarlana behar dute, jendartean gauden eragile guztiok euskararen erabilera helburu jarri behar dugu.

 

Ezagutzetik erabiltzera egin dezagun salto eta espazioak irabaz ditzagun erabiltzetik normalizatzera pasa gaitezen. Era horretan euskararen egunak denak izango dira eta denak izango diren neurrian izango dugu zer ospatu abenduaren 3an.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide