aiaraldea.eus

Ixteko norabidean ezarri dute Garoña

Erabiltzailearen aurpegia Berria Egunkaria   Jendartea

Iberdrolako presidenteak sindikatuei jakinarazi die zentrala itxiko dutela, ELAk azaldu duenez. Akziodunen batzarrean, «hitz magikoa» falta zela esan zuen Galanek. Enpresa, isilik.

Iberdrolako presidenteak sindikatuei jakinarazi die zentrala itxiko dutela, ELAk azaldu duenez. Akziodunen batzarrean, «hitz magikoa» falta zela esan zuen Galanek. Enpresa, isilik.

Baieztapen publikorik ez dute zabaldu, baina elkarrizketa pribatu batzuen berri jakinarazi dute. Garoñako zentral nuklearra berriro martxan jartzeko asmorik ez du Iberdrolak. Sindikatuekin bilera egin zuen joan den astean enpresak, eta Ignacio Sanchez Galan presidenteak Garoña ez irekitzeko asmoa aipatu zien. Hori azaldu dute ELA eta CCOOk sindikatuek. Enpresarekin harremanetan jarririk, ordea, ez dute ezer baieztatu. Joan den astean ere egin zioten galdera akziodunen batzarrean, eta erantzun argirik ez zuen eman Galanek. «Denbora kontua da hitz magikoa esatea: itxiko da, ez da itxiko». Nabarmendu zuen zentrala jardunik gabe dagoela 2012tik. Enpresak geldiarazi zuen.

Akziodunen batzarra egin zuen Iberdrolak Bilbon aurreko astean. Haren jiran zabaldu dira Garoñako zentral nuklearra berriz martxan ez jartzeko aukerak. Batetik, sindikatuekin egindako bileran. Akziodunen batzarraren aurretik, bilera egin zuten beharginen ordezkariek eta zuzendaritzak —ohiko bilera da, enpresaren egoera aztertzekoa—, eta han aipatu zuen Garoña ixteko aukera Galanek, ELAk azaldu duenez. Ohi denez, bileran hitz egindakoaren berri langileei jakinarazi die sindikatuak; tartean, Garoñaren ingurukoa. Hala zabaldu da berria.

«Aipamena» izan zen Galanena, eta «arrazoi ekonomikoak» eman zituen argudio gisa. Ez zuen xehetasun gehiagorik eman, hala ere. Hain justu, gaia hedabideetara iritsita, pauso hori emateko eskatu dio ELAk enpresari: publikoki esan dezala zer asmo duen. Bidenabar, Garoña «berehala eta behin betiko» ixtea galdegin du.

Bilera horretan ziren beste sindikatu batzuetako ordezkariak ere. CCOOk baieztatu du aipamena egin zuela Galanek. Haren arabera, Iberdrolako buruak adierazi zien zentrala ez dela «interesgarria» ekonomikoki. Aipamen bat soilik izan zen, ordea. Ixteko pausorik-eta ez zuen agertu Galanek.

Akziodunen batzarrean

Bilera hartatik kanpo ere hitz egin zuen Galanek Garoñari buruz aurreko astean Bilbon. Akziodunen batzarrean ziren Greenpeaceko kideak, eta galdera egin zioten zentral nuklearrari buruz. Erantzuna: «2012. urtetik ez du funtzionatzen. Denbora kontua da hitz magikoa esatea: itxiko da, ez da itxiko. Baina ez baitu funtzionatzen. 2012tik funtzionatu gabe dago». Bideoan jaso zuten esana.

Horraino Galanen keinuak. Ez dago baieztapen ofizialik. Garoñaren jabea Nuclenor enpresa da, eta horko kide da Iberdrola, Endesarekin batera. Erdibana dute.

Iberdrolako buruaren adierazpen horiek gorabehera, egoera ez da aldatu ofizialki. Jarduna etena dauka zentralak 2012ko abendutik. Ez du elektrizitaterik sortzen, eta erregairik ere ez dauka barruan —nuklearrentzako tasa berriak saihestea da horren helburua—. Nuclenorren azken jakinarazpen ofiziala joan den azarokoa da, eta hau dio zentralaren egoerari buruz: «Garoña geldialdian dago arrazoi ekonomikoen ondorioz, ez arrazoi teknikoen edo segurtasunarekin lotutakoen ondorioz». Hain justu, arrazoi ekonomiko horiek dira orain Galanek sindikatuei mahai gainean jarritakoak.

Kontua da zentralaren jarduna luzatzeko prozedura martxan dagoela. Nuclenorrek baimena eskatua du 2031 arte lanean aritzeko —60 urte izango lituzke Garoñak orduan; orain arte, 40 urteko lanaldia eduki dute nuklearrek—. Enpresaren arabera, jarduna ordura arte luzatzeak egingo luke «bideragarri» Garoñako zentrala.

Prozedura ofiziala

CSN Segurtasun Nuklearrerako Espainiako Kontseilua ari da gaia aztertzen. Orain arte egindako hobetze lanak ontzat jo ditu. Beraz, uste izatekoa da Garoñak lanean jarraitzearen aldeko txostena egingo duela; ekainetik aurrera espero dute adierazpen hori. Edozein kasutan, CSNren baiezkoa ez da bete beharrekoa. Espainiako Gobernuaren gain geratuko da Garoñaren etorkizuna. Eta airean dago gobernuan nor egon.

Ofizialki lehengoan dago egoera. Hori esan du Industria ministroak, Jose Manuel Soriak. Ez dutela zentrala ixteko eskaririk jaso. PP agertua da Garoñak lanean jarraitzearen alde. Izatez, araudia aldatu ere egin zuen, zentralak baimena berritu ahal izan dezan.

Galanen adierazpenen ostean, zain geratu dira eragile asko, Iberdrolak baieztapenik egingo duen. Greenpeaceko kideak, adibidez, esperoan dira. Hala daude alderdi politiko gehienak ere. EH Bilduk hitz egin du: «zuhurtzia» eskatu du. Ixtea ez ezik, Garoña «desagerraraztea» galdegin du. Eraisteko egutegia zehazteko eskatu du.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa