aiaraldea.eus

"Juan Ibarrolak gehiegikerien aurrean esku hartzen zuen"

Erabiltzailearen aurpegia Edurne Begiristain   Historia

Errepublikaren alde jarri zen Juan Ibarrola guardia zibilari buruzko biografia argitaratu du Laudio Memoria elkarteak. Ibarrolak "hasieratik adierazi zion leialtasuna errepublikari, eta hitza bete zuen".

"Juan Ibarrolak gehiegikerien aurrean esku hartzen zuen"
Laudio Memoriako kidea da Jon Muñoz. / Aiaraldea.eus | Ikusi handiago | Argazki originala

Laudio Memoria elkarteko kideek kasualitatez izan zuten Juan Ibarrolaren berri (Laudio, Araba, 1900-1976). 36ko gerrari buruzko informazioa biltzen ari zirela, Ibarrolak eskuz idatzitako memoriak topatu eta idazki haiek transkribatzen hasi zirenean jabetu ziren pertsona haren balio historikoaz. Hainbat historialariren laguntzarekin eta artxiboetan bildutako informazioarekin, Juan Ibarrola Orueta. El precio de la lealtad (Leialtasunaren prezioa) biografia idatzi du Laudio Memoria elkarteak. Guardia Zibileko ofizial bat izan zen Ibarrola altxamendu frankista hasi zenean, eta errepublikaren alde jarri zen, hasieratik azken batailara arte. Euskadiko armadaren dibisioetako bat gidatu zuen, eta 36.000 soldadu errepublikano bere aginduetara izan zituen. Bostehun orrialdeko liburu batean bildu dituzte haren gogoetak eta bizipenak, baina oraindik gehiago sakontzeko tartea dagoela uste du Jon Muñozek, egileetako batek (Laudio, 1977).

Nor izan zen Juan Ibarrola?

Ibarrola 1900. urtean Laudioko Larrazabal auzoko baserri batean jaio zen. 10 urte zituela, ikasteko beka bat jaso zuen, baina baldintza gisa ikasketa militarrak eginbehar izan zituen. 20 urterekin militar gisa lizentziatu zen, eta Afrikako gerrara joan zen, 1921ean. Gerra hura mugarria izan zen haren bizitzan, eta bide militarra uztera eraman zuen.

Zergatik?

Gerraren krudeltasuna bizi izan zuelako, ikusi zuelako soldaduak utzita zeudela, gaizki pasatzen zutela, goseak jota zeudela, hildako asko zeudela... Baina benetan bide militarra alboratu zuen ikusi zituenean agintari militarrek soldaduei egiten zizkieten abusuak. Ibarrolak ikusi zuen armadako ofizialak anbizioz betetako pertsonak zirela, eta armadak ez ziola ekarpenik egiten interes orokorrari. Berak zerbitzu bat eskaini nahi zion jendeari, eta uste zuen 36ko gerran sartuta herritarrengandik gertuago egon zitekeela.

Zer egiteko izan zuen 1934ko matxinadetan?

1934ko matxinadetan instrukzio epaile izatea egokitu zitzaion; salatutako herritarrei deklarazioa hartu eta epaia jartzen zien. Baina berak bazekien salaketa horietako asko faltsuak zirela, eta, ez zuenez zigor fisikorik ezarri nahi, haietako asko eta asko errugabetzat jo zituen. Kontuan izan behar dugu Juan Ibarrola oso fededuna zela, eta bere printzipioetan oinarrituta jokatzen zuela beti. Bere memorietan oso presente daude sinesmen erlijiosoak.

Altxamendu faxista iritsi zen, eta Ibarrolak errepublikaren alde egin zuen.

Hasieratik adierazi zion leialtasuna errepublikari, eta hitza bete zuen gerra piztu zenean ere. Horrek islatzen du fede katolikoa zuela, eta bere sinesmenekin bat egiten zuela emandako hitza betetzeak.

Guardia zibil moduan hasi eta teniente koronela izatera iritsi zen. Haatik, ez zen ohiko buruzagi militar bat izan.

Ibarrola ez zen bulegoko pertsona bat; gustuko zuen frontera joatea eta unitateekin egotea. Ezberdina zen, besteak beste saiatu egiten zelako bere unitateak zaintzen. Oso argi zuen bere baliabideak oso mugatuak zirela eta ahalik eta etekin gehien atera behar zizkiela, eta, horregatik, erasorako baino gehiago, defentsarako unitateak izan ziren haren esku egondakoak. Erresistentzia gogorra ezarri zuten. Ibarrolaren unitateak egon ziren eremuetan zaila izan zen altxatuek aurrera egitea. Baina bera oso pertsona xumea zen, eta ez zuen gustuko merituak jasotzea.

Nolako harremana izan zuen komunista, anarkista eta abertzaleekin?

Hasieran, harremanak ez zien samurrak izan, guardia zibila izanik ez zirelako harekin fio. Miliziano komunistek, anarkistek eta abertzaleek ez zituzten guardia zibilak begiko, baina Ibarrola ezagutu ahala hari buruz zituzten aurreiritziak alboratuz joan ziren. Ibarrolak miliziano nahiko garrantzitsuekin izan zuen harremana, besteak beste Fulgencio Mateosekin, Amilibiarekin eta Valeriano Markinarekin. Oro har, harreman nahiko ona izan zuen abertzaleekin, anarkistekin eta komunistekin. Guardia zibila izateak mesfidantza sortzen zuen, baina Ibarrolak jakin zuen guztien konfiantza irabazten.

Altxamenduaren aldeko frankistena ere bai?

Ibarrolak harreman normala izan zuen eskuineko jendearekin ere. Berak ez zuen jendea politikoki baztertzen inoiz; are gehiago, ahal zuen heinean laguntza eskaintzen zion, baita eskuineko ideologiako herritarrei ere. Gehiegikerien aurka esku hartzen zuen. Justiziaren printzipio hori oso argi zuen, eta alde batekin zein bestearekin erabiltzen zuen. Fede kristauak pisu handia zuen harengan.

Gerra amaitutakoan, atxilotu, espetxeratu eta heriotza zigorra ezarri zioten. Ordea, zigorra barkatu egin zioten.

Atxilotu, eta Alacanteko Los Almendrosko kontzentrazio esparruan sartu zuten, oso baldintza gogorretan. Heriotza zigorrera ezarri ziotenean, haren emaztea hasi zen haren aldeko abalak eskatzen eskuineko jendeari. Nahikoa abal lortu zituen, eta heriotza zigorra saihestu egin zuen; hala ere, 30 urteko espetxealdira zigortu zuten. 1943an geratu zen aske.

Eta zer gertatu zen Ibarrolarekin hortik aurrera?

Errepublikaren alde egin zuenez, Guardia Zibilak desleialtzat jo, eta handik kanporatu zuten. Hortik aurrera, bizitza berri bati ekin behar izan zion. Bilbon mertzeria bat ireki zuen, eta bertan lanean aritu zen 70eko hamarkadara arte.

Eta zergatik okurritu zitzaion bere memoriak idaztea?

Badakigu bere iloba batek animatu zuela memoriak idaztera. Garai hartan, Ibarrola gaixorik zegoen, eta ziurrenik bere osasunak ere bultzatu egin zuen erabaki hori hartzera. Albaran batzuetan idatzi zituen memoriak. Eta eskerrak halako pertsonak animatzen direla beren memoriak idaztera; izan ere, horrelako bizipenak izan dituzten pertsonak hil eta ez dutenean ezer idatzita uzten, hutsune handia geratzen da historialarientzat.

Zer aurkituko du irakurleak liburu honetan?

Liburuak bi zati ditu. Lehena 36ko gerra baino lehenagokoa da, eta, hor, Ibarrolak Laudiori buruzko kontakizun oso polita egiten du , eta akademia militarrean eta Afrikan bizi izandako esperientziak jasotzen ditu. Bigarren atalean, gerrari eta gerraosteari buruzko kontakizunak jaso ditugu, tartean Ibarrolak berak bizitzari eta gerrari buruz egindako hainbat gogoeta. Nik irakurlea gonbidatuko nuke aurreiritzirik gabe gerturatzera liburu honetara. Albora dezala Guardia Zibilari buruz duen erreferentzia, eta eman diezaiola aukera bat Ibarrolak kontatzen duena irakurtzeko. Eta gero irakurle bakoitzak atera ditzala bere ondorioak.

Biografia mardula osatu duzue, baina Ibarrolari buruzko informazio gehiago jasotzeko prest zaudete.

Bai, edozein ekarpen jasotzeko prest gaude, eta dei egiten diogu gaiaren inguruan daturen bat izan dezaketenei gurekin harremanetan jartzeko.

Elkarrizketa hau Berria.eus atarian plazaratu da eta Creative Commons lizentzia baliatuta ekarri dugu hona. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa