EDU IBERNIA

"Enpresa handiak arduragabe jokatzen ari dira"

Erabiltzailearen aurpegia

Aiaraldean, Tubacexeko 150 lanpostu daude jokoan. Azken asteetan kaleratzeak iragarri dituzte beste talde batzuen lantegietan.

Laudioko eta Amurrioko (Araba) Tubacex enpresako langileek uda luzea dute aurretik, baina ez nahiko luketen modukoa. Oporraldiaren aurretik jaso zuten albistea: 150 lanposturen kostua aurreztu nahi du enpresak. Kaleratzeen beldur dira bailaran, enpresa nagusienetako bat baita. Sindikatu guztiak batera ari dira. ELAko Eduardo Ibernia (Bilbo, 1972) da enpresa batzordeko presidentea.

Tubacex, Gamesa, Aernnova, ITP Aero... Enpresa handi batzuetan kaleratzeak iragarri dituzte. Zer ezaugarri komun dute?

Harrituta gaude. Uste dugu egungo egoerari aurre egiteko tarte handiagoa dutela. Enpresa txikiak eta ertainak ahal duten moduan eusten ari dira, eta haiek, berriz, arduragabe jokatzen: besteentzako eredu izan beharko lukete, eta justu kontrakoa izaten ari dira. Aldi baterako krisi bat ari dira erabiltzen pandemiaren aurretik buruan zituzten egiturazko aldaketa batzuk aurrera eramateko.

Aitzakia dela diozu?

Momentuz, bai. Horren erakusgarri da zeinen bizkor baliatu duten egoera aurreko urte eta hilabeteetan egindako mehatxuak egia bihurtzeko. Itxaron zezaketen. Denbora daramagu deslokalizazioaren mamuarekin eta zamarekin lan egiten, garai onenetan ere bai, eta orain gauzatzea erabaki dute; bazuten gehiago itxaroteko aukera. Haien ikuspuntua argia da: Tubacex Euskal Herrian sortua da, baina multinazional bat da, eta, hemengo produkzio kostuak kanpoan baino garestiagoak direnez, atera egin nahi dituzte. Errentagarritasuna bilatzen dute soilik, eskulanaren kalitatea eta beste faktore batzuk ez dituzte aztertzen.

Enpresa batzuek argudiatu dute sektore jakin batzuetan egiturazkoa dela krisia, egoerak ez duela hobera egingo.

Gurea zehazki gorabehera handiko sektorea da. Petrolioren prezioaren menpe gaude: garesti dagoenean, petrolio enpresek inbertitu egiten dute instalazioetarako tutuetan, eta merke dagoenean, ez. Hori gertatu da orain. Baina, gureak eta aipatutako beste enpresa horiek orain krisian dauden arren, lan bolumen handikoak dira, eta milaka milioiren etekinak lortzen dituzte. Ez da sinesgarria egungoaren moduko egoera batean haiek ezin eustea eta beste batzuek bai. Multinazionalek kanpoan dituzten lantegietan lortzen dituzten etekinak inberti ditzakete hemengoek dituzten galerak orekatzeko, baina ez dute nahi.

Langileak kaleratu ala soldatak jaitsi. Beste biderik ez dago?

Zuzendaritzak bata eta bestea nahi ditu. Hamar milioi euro aurreztu nahi ditu Aiaraldean, baina oso zaila da imajinatzea 150 langile gutxiagorekin hori lortzea. Pentsa: martxora arte, aldi baterako 150 langile gehiago zeuden gurean. Ekoizpen normal baterako, egungo lantaldea eta beste horiek behar dira. Uste dugu zuzendaritzakoek ere ez dakitela oso ondo nola lortu nahi duten aipatutako helburua, baina kaleratze masiboen ideia zabaltzen ari dira, klase politikoan eta gizartean errotu dadin.

Urriaren 15erako epea duzue negoziatzeko. Zein da zuen proposamena?

Zuzendaritzak ezin ditu erritmoak baldintzatu. Oporren aurretik eman du albistea, eta ez digu eman ia tarterik ondoren negoziatzeko. Gainera, planteamendu orokor bat egin digu: ez digu zehaztu kaleratzeen zenbatekoa, soldaten murrizketarena, ezta hamar milioi euro horiek aurrezteko beste modurik ba ote dagoen ere. Zenbakiekin-eta ez digute erakutsi nola lortu nahi duten helburu hori. Jakin arte, nekez egin dezakegu guk gure proposamena. Baina albiste honekin presioa sartu nahi izan digute lantaldean, giroa nahasteko gure artean eta haranean, eta negoziazioak baldintzatzeko.

Zer iritzi duzue soldaten inguruan Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomia Garapenerako sailburuak esandakoez?

Ez dakit guri buruz ari zen ala orokorrean. Dena den, tamalgarria da. Enpresen diskurtsoa bere egin du. Egungo egoeran, gizartearen parte baten aurrean itxuroso ager daiteke esanez soldatak altuegiak direla eta horiek murriztea izan daitekeela kaleratzeak eragozteko modua. Baina hori ez da bidea. Ezin dugu ahaztu egun ditugun lan baldintzak aurreko krisiarekin eta lan erreformarekin okertu zirela, eta soldatak duinak izatea hobea dela gizartearentzat, ekonomiaren motorra direlako.

Instituzioen aldetik zer espero duzue?

Uste dugu interes kontrajarriak egon daitezkeela. Tapiak esan dezake soldatena, baina hemengo alkateek-eta beste iritzi bat izan dezakete, eskualdean izan dezakeen eragina aztertzen badute. Hori ikusarazi nahi diegu irailaren 17ko manifestazioarekin.

Manufaktura industriak Aiaraldean duen pisua %40koa da. Zein da egoera 2008ko krisitik?

Eskualdeko ekonomia lau-bost enpresa handik mugitzen dute. Tubacexen inguruan, adibidez, beste 1.000 enplegu daude. Egungo egoera ez da erraza. 2008koari nola edo hala eutsi genion, baina kaleratzeak egon ziren, enpresa batzuk jabez aldatu zituzten, eta azken urteak zailak izan dira, Tubos Reunidosen eta Guardianen, bereziki. Enpresa horietako zuzendaritzek ere baliatu nahi izango dute egungo egoera. Hala gertatuko balitz, bailarak jasoko lukeen kolpea oso gogorra izango litzateke: behin betikoa.

Tubacexen, 1990eko hamarkadan ere bizi izan zenuten krisi larri bat: irakaspenik?

Enpresaren egoera askoz ere okerragoa zen orduan, eta lantaldeak mantendu zuen bizirik. Horri esker, multinazional bilakatu zen. Egungo zuzendaritzako kideek ez zuten hori guztia bizi izan, eta hain justu nazioarteko izaera hori erabiltzen ari dira orain deslokalizazioa gauzatzeko. Gogoan izan beharko lukete langileek orduan egindako borrokarengatik daudela haiek ere hemen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide