aiaraldea.eus

Lopez sindromea

Erabiltzailearen aurpegia Christian Alemany Arteta   Iritzia

   Buruan darabilt Lopez lehendakari egin zuteneko eguna. Egun handia aski diseinatu eta planifikatua. Gernikan, zehaztasun txikienak ere mezua zekarren. Protokoloan gauzak kendu eta beste batzuk jarri. Nabari zedin maizter berria zuela Ajuria Eneak. Dantzaren orduan, ohi denez: aurreskua. Dantzaria eszenara, ia ohiko janzkeraz. Ia. Behingoagatik jaun ta jabe eta zer arraio!, ospatu behar. Fuera gerrikoa eta alkandora sueltoan. Errematea musikan, txistuaren ordez oboea. Lehioak ireki eta aire garbia ei zekarten, hiritartasunaren lurrina, zokokeriaren kiratsa zegoen lekura. Ideiak, mezuak eta konplexuak detaileen atzetik.

   Ikasturte hontan, Musika Eskolak dantza taldearen gonbita jaso du. Abuztuak 15 plazan egin ohi duten dantza emanaldian musikaren ardura hartzeko. Gonbitak baldintza bakarra zekarren. Baldintzak berak betoa. Txisturik ez. Musika Eskolan den euskal musika tresna bakarra, euskal dantzen emanaldian? Hobe ez. Zeozer berria, berezia egin dezagun. Ideiak, mezuak eta konplexuak atzetik.

    Amurrion Kukai dantza talde laudatua izan genuen. Gelajauziak ikuskizunaren emanaldia eta hitzaldi batekin (transmisioaren garrantzia). Konpainia honek euskal dantza eta garaikidea uztartzen ditu, konplexurik gabe. Ikusgai izan genuen lanagatik Max saria jaso zuten Madrilen. Zehazki musika izan zen saritua. Egileak Xabier Erkizia eta Sabin Bikandi. Musika elektroakustikoan eta esperimentazioan izen handi bat lehena. Kurrikulum luzeko musikaria bigarrena, eta kasualitateak zer duen, Amurrion musika eskolan irakasle ibilitakoa. Hareago, txistularia.

   Herritik atera gabe, Jalgiren jardunaldiek gogoeta mamitsuak utzi zituzten eta transmisioaren kezka. Ideia eta mezuak, entzun nahi dituenarentzat.

    Bitartean, hemen, orain, Lopez sindromeak darrai.

 

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia Ni neu Erantzuna | #1

Nik izenburua aldatuko nioke, Christian Alemany sindromea jarriko nioke. Christian agurgarria, zergatik?? Egun horretan inolako protagonismorik izan ez zenuelako ez zutelako txistulariaren beharrik izan. Dexentetan ikusi izan zaitut txistua jotzen, ta agian besterik gabe, zure buruari galdetu behako zenioke zer dela eta Aiara dantza taldekoek aurtengo emanaldirako berrikuntza baten bila "jo behar izan duten". Zorionak AIARA dantza taldeari eta noski aurtengo musikari prestuei.

Erabiltzailearen aurpegia Christian Alemany Arteta Erantzuna | #2

Milesker iruzkinagatik "Ni Neu", baina oker zabiltza. Protagonismoari dagokionez, kale. Labur. Aiara D.T.n garai ezberdinetan aritu naiz. Lehena duela 21 urte inguru, azkena duela ia urtebete. Azken etapan, dantzataldeko arduradun berriek nigana jo zuten, txistularirik gabe geratzear zirela eta. Hortarako aproposak ziren eta ezagun nituen guztiei eskeini nien. Guztiek ezetz esan zuten. Egoera hortan, ardura ni neuk hartzea erabaki nuen. Bizpahiru urtez aritu naiz. Lana, gustora egin dut. Unea helduta, ni neuk erabaki dut taldea uztea. Beraz, zure argudioari tiraka, ez da protagonismoa ukatua izan zaidala, baizik eta protagonismoari ni neuk uko egin diodala. Hala ere, azalduko dizut: eskenatokira igo, antzokira agertu edo plazara ateratzen naizen bakoitzean, egiten dudan hortan siniesten dudalako, plazeragatik eta nire ogibidea ere badelako egiten dudala.

Bestalde, "berrikuntzatzat" duzu aurtengoa, eta hortan ere kale. 90eko hamardan Zuhatzan, Urduñan eta baita abuztuak 15eko emanaldian ere, musika tresna unibertsalak erabili genituen, kasu hartan euskal soinutresnekin uztartuz, eskutik eskura. Emanaldi horien bideoak eta argazkiak testigu. Gogoan dut abuztuak 15ekoan besteak beste kontrabaxua, pianoa, flauta, biolina, akordeoia, multiperkusioa, alboka eta txistua erabili genituela. Ondo gogoratzen dut musika moldaketak eta zuzendaritza nire kontu izan zirelako. Beraz, zaharrak berri.

Aitzitik, irrikitan nago zure iritzi eta ekarpenak irakurtzeko artikuluan plazaratzen ditudan ideien inguruan. Animatu nahi zaitut hortaz idaztera. Hala ere, eztabaida arlo pertsonalera eraman nahi izatekotan, eskertuko nizuke nor zaren agertzea, ezkutatu gabe, horrela zure argudioak eta motibazioak hobeto ulertuko baititut. Eskerrik ask

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa