aiaraldea.eus

61 egun

Erabiltzailearen aurpegia Christian Alemany Arteta   Kultura

Bi hilabete. Bi gertakari. Zuritik beltzera. Aktore berdinak ia. Kontestu komuna eta ulertzen zaila dirudien mezua. Bi puntuen arteko lotura sasi-kronika honetan.

Maiatzak 7

Merezimenduz eta arrazoiez hornituta omendu zuen Amurrioko Udalak eta Musika Eskolak Diego Martin Etxeberria. Orkestra zuzendariak sari garrantzitsuak bildu ditu nazioartean. Musika ikasketak bere sorterrian abiatu zituen; Amurrio-Gasteiz-Bartzelona-Berlin, horratx bere ikasketa bidai partikularra. Txalo eta laudorioek, kontrako bidea. Nazioarteko sariak lehenik, ondoren Gasteizen pregoilari eta azkenik, herrikideen aitorpena.

Ekitaldia EMUSIK jaialdiarekin bat burutu zen, Amurrio 59 egoitzetako bat zela probestuz. Kontestu indartsua eta ordezkaritza neurrikoa ere: Josune Irabien alkatea eta Musika Eskolako Fundazioko lehendakari Monserrat Canive eta Pedro Bazterra zuzendaria. Ekitaldi zaindua eta hedabideetan oihartzuna.

Uztailak 8

Musika Eskolako Juntaren ohiko batzarra. Gai-ordenaren azken puntuan oso bestelako kontua: langile baten kaleratzea, oboe eskolak eskaintzatik ezabatuz. Kaleratzearen alde bi alderdi eta fundazioko lehendakaria, kontra beste bi alderdi eta abstentzioa zuzendariak. Kaleratzeari baiezkoa beraz. Fokorik gabe, titularrik gabe. Lana sortzea gauza polita baita, deuseztea ez horrenbeste. Formak ere aipatzekoak. Kaleratzear zen irakaslea informatu gabe, jada matrikulatuak ziren ikasleak informatu gabe. Musika Eskolako klaustroak irailean jakingo zuen 19 urtez lankide izandakoaren patua, norberak lekarkeena atalean.

Diegok oboea ikasi zuen Amurrion. Txalotu zuten berberek, beste Diegorik ez dute nahi. Hala ote? Bi gertakariok lotuz, galdera-erantzunak parrastan.

Post

Kaleratzea ekidin zitekeen, araurik aldatu gabe, nahikoa zen inplikatuak aurretik informatzea; kaleratzea ondorio baino helburu, beraz.

Krisiaren abaroan, bi lanpostu gutxiago jada, 16 langileko lan-talde batean. Aurrekontu eta langile kopuru aldetik, Udaleko organismo autonomo garrantzitsuena da Musika Eskola.

Lotura egina, zein da norabidea?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa