aiaraldea.eus

Musikaz bapo datoz Amurrioko jaiak

Erabiltzailearen aurpegia Christian Alemany Arteta
Musikaz bapo datoz Amurrioko jaiak

Iguarrakoaren jeitsierarekin festa lehertu zen atzo Amurrion. Jaiak musika behar du halaber eta aurtengo egitaraua musikaz ondo hornitua dator. Abuztuak 17ra bitarte musikazaleok aukera zabala dugu, beraz. Hona entzungai izango dugunaren errepasoa bat.

Iguarrakoaren jeitsierarekin festa lehertu zen atzo Amurrion. Jaiak musika behar du halaber eta aurtengo egitaraua musikaz ondo hornitua dator. Abuztuak 17ra bitarte musikazaleok aukera zabala dugu, beraz. Hona entzungai izango dugunaren errepasoa bat.

 Erromeriak, dantzaldiak, kale-musika eta estilo anitzeko kontzertuak programatu dira aurtengo jaietarako. Behar eta gusto anitz asetzeko modukoak programa ofizialak eta jai herrikoien aldeko programak osatutakoa.

 Euskal dantzetan aritzea gustoko dutenek hitzordu bikoitza dute abuztuaren 14ean. Gurean aski ezaguna den Patxi Perez-ek bere taldearekin erromeria eskeiniko baitu 20:30etatik aurrera. Dantzan aritu eta dantzak ikasteko aukera paregabea plaza giroa sortzen maisu den lapurtar honen eskutik. Adin eta maila guztientzako gomendagarri. Energia guztiak bertan xahutzen ez duenak bigarren zita Izargi taldearekin du. Aiaraldeko talde gazte honek erromeria eta berbena nahasten ditu bere emanaldietan, beti ikuspegi gazte batetik eta euskal soinutresnak eskenatokira ekarriz. Uda hontan inguruko herri askotan izango ditugu entzugai eta dantzagarri. Hitzordua gaueko ordu bi t´erdietan txosnagunean. Ezin ahaztu Erroke Deuna zelaietan jaietako azken egunean izaten den erromeria, aurten Orots taldea izango da arratsaldeko lauretatik aurrera.

 Ostiralean, Amurrioko jaietako klasiko batek txosnetako eskenatokia bere egingo du: Amaiur. Gaueko hamabietatik aurrera denak dantzan jarriko dute “beterano” gazte hauek, dudarik gabe. Beraien errezeta arrakastatsua: euskal musikaren kalitatezko bertsio propioak moldatzea. Ska, rock edo arin-arin. Gainera, aurten, trikitilari berria dute taldean. Amaiurren aurretik baina, talde interesgarri batek beteko du eskenatokia. Bete, hitzez hitz, asko eta geldi egoten ez diren horietakoak baitira Ze Esatek! gipuzkoarrak. Disko berriarekin besapean, bere kantu propioak aurkeztera datorz ska, rock eta punkaren bidetik. Kontzertu erabat dantzagarria eskeiniko dute haize hirukote (tronpeta, saxu eta tronboia) eta trikitixarekin jantzita. Irrika pizten joateko hona bideo batzuk: http://www.myspace.com/zeesatektaldea

 Larunbatean, rock kontzertuei dagokionez, jaietako plater nagusia dastatzeko aukera izango da 23:30ean parkean izango baitira Obrint Pas kataluniarrak. Ska eta rocka katalan musikaren ikutuekin nahasten dituzte valentziako mutilek. Azken urteotan urtero bisitatzen dute Euskal Herria arrakasta handiko kontzertuak eskainiz. Haize hirukoteari gralla (kataluniako dultzaina) gehitzen diote eta katalanerazko hitz konprometituekin janzten dituzte beren abestiak. Musika eta bideoak: http://www.myspace.com/obrintpas

 Rock kontzertuen atalak hasierako kapituloa izan zuen atzo txosnetan Amets Gaizto, Apurtu Arte eta Itxaropen Zikina gazte taldeekin. Hala ere, “etxeko” beste talderik ere izango da txosnagunean. Ostiralean gaueko ordu batak inguru Patxaran Party-ren jaira gonbidatuta gaude eta.

 Baina egitarauan badira beste harribitxi batzuk. Igandean eguerdiko ordu batean plazan Gasteiz Big Band talde izango da. Kalitate haundiko taldea, hogei musikaritik gora batzen ditu soinu indartsu eta dantzagarriak eskainiz. Jazz-a, musika beltza, hip-hopa... haizezko tresnak, perkusio sekzioa, teklatu, gitarra eta baxu eta ukitu elektronikoak erabiltzen dituzte emaitza bikaina lortuz. Bi binilo eta cd bat kalean dute Gasteiztarrek. Gehiago jakiteko klikatu hemen: http://www.gasteizbigband.com/. Estiloz erabat aldatuz proposamen interesgarria dugu asteartea 12rako (gaur). Arratseko zazpi t´erdietan San Anton baselizan “a capella” kontzertua izango da bi talderekin. Kaliforniatik Noka hirukotea eta ipar Euskal Herritik Xiberutar Laukotea. Amerikako Estatu Batuetatik emakumezko hiru ahots eta Zuberoatik gizonezko lau: Jean Bordaxar, Jean Noel Pinque, Jean Pierre Luro eta Robert Larrandaburu. Kontraste polita ahots hutsezko kontzertu interesgarri honetarako. Folkloreari helduta, Chamuyo talde argentinarra izango dugu bisitan, gaur bertan, 12:30etan Juan Urrutia plazan. Folkloretik musika herrikoi modernoaren mitoetara: The Beatles. Talde haundi hori omentzen baitu bere kontzertuetan The Blisters taldeak. Mcartney, Lenon... berpiztuko dira (musikalki) abuztuaren 15ean, herriko plazan, ordu xelebrean: 23:20.

 Bob Marley, Tito Puente, zeltiar musika, Pirritx eta Porrotxen doinuren bat... topikoak hausteko asmoz Txistulari Kontzertu berritzailea eskainiko dute 50 bat musikarik larunbatean Guk eskulturaren inguruan 19:30ean. Txistulariak musika talde zabal baten laguntza izango dute moldeak apurtzera datorren kontzertuan: abeslariak, metal hirukotea (tronpeta, saxo tenorra eta tronboia), teklatua, gitarra, baxua, bateria, trikitixa, txalaparta... Aurkezle lanetan bi bertsolari ere izango dira.

 Adi egon beharko dugu baita ere txosnagunean 15erako gaueko hamarretarako iragartzen diren Kontzertu Akustikoak zertan diren ikusteko.

 Guzti honetaz gain egunero berbenak izango dira plaza-talde eta orkestra ezberdinekin: 12an Kresala 22:30, 13an Jaguar 22:00, 14an Tukan 00:00, 15ean Pensilvania 22:00 eta 00:45 , 16an 23:00 Egan eta 17an Trio Menta 21:00. Nagusientzako dantzaldia, berriz, 12an Mobi Dick-en eskutik 16:00ean.

 Kaleko musika ere ugari izango da: txistulari, trikitilari, bertso-kupela, herriko gazteek sortutako Motz&Motz´s fanfarrearen estrenoa...

 Anitz aukerak beraz, gozatzeko beta baliatu!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa