aiaraldea.eus

Zuzkidura etxebizitzak Mendikon

Erabiltzailearen aurpegia Christian Alemany Arteta

Zerbitzu komunak dituzten alokairuzko etxebizitza txikiak dira zuzkidura-alojamenduak. Ezaugarri hauekin 45 etxebizitza eraikitzeko xedez, orubea eman dio Amurrioko Udalak Jaurlaritzako Etxebizitza sailari. Lur-eremua Mendiko kalean kokatzen da, parkearen ondoan. Egun bertan den baserria baliatuko da proiekturako.

Zerbitzu komunak dituzten alokairuzko etxebizitza txikiak dira zuzkidura-alojamenduak. Ezaugarri hauekin 45 etxebizitza eraikitzeko xedez, orubea eman dio Amurrioko Udalak Jaurlaritzako Etxebizitza sailari. Lur-eremua Mendiko kalean kokatzen da, parkearen ondoan. Egun bertan den baserria baliatuko da proiekturako.

60 eta 40 metro kuadroko alokairuzko etxebizitza babestuak eraikiko dira Amurrioko Mendiko kalean. Alokairuaren prezioa 200 euro ingurukoa izango da eta bereziki gazteei begira pentsatuta egongo dira. Titulartasun publikoko eraikinok espazio komunak aurreikusten dituzte, hainbat zerbitzu partekatzeko. Adibidez, arropa garbitu eta lehortzeko lekua. Prentsak argitaratutakoaren arabera berogailu zentrala, eguzkitiko energia jasotzeko panelak, bizikletak gordetzeko lekua eta etxebizitzako aparkaleku bana izango ei dira.

Amurrioko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren elkarlan hitzarmenean aurreikusten ziren mendiko kaleko etxebitza hauen eraikuntza, 2009ko urtarrileko boletin ofizialak jasotzen duenez. Berriki Udalak orubearen debaldeko lagapenarekin beste pausu bat eman du. Udaleko Hirigintza sailetik adierazi digutenez ostegun honetan proiektua aurrera eramateko beharrezkoa den plan berezia onartuko da.

Aurreproiektua

Udal iturriek adierazi digutenez, Jaurlaritzak lehiaketara atera zuen proiektua; irabazle Ramón Martinez de Lecea eta Idoia Garcia arkitektoak izan ziren. Lehen proposamenean baserria eraistea aurreikusten zen. Udala aurka agertu eta baldintza gisa baserria berritzea jarri zuen, Etxebizitza sailaren onarpena erdietsiz. Hirigintza sailak aurreproiektuak ikusi ditu soilik, eta horietako azkenengoan etxebizitza bakoitzeko logela, sukalde-jangela eta komun bana aurreikusten zen. Bai baserrian eta baita horren atzean eraikiko zen eraikinean bizilekuak egongo ziren. Espazio komuneei dagokionez egongela eta ikuzgela edo garbitoki bat aipatzen ziren. Jaurlaritzak oraindik ez du behin betiko proiektua Udaletxean aurkeztu, ezinbesteko pausua udal-lizentzia jaso eta obrak hasteko. Proiektuaren ardura Etxebizitza Sailak duenez, bertara jo dugu epeak, proiektuaren zehaztasunak eta obra esleitu den jakiteko. Sustatzaileak, baina, ez digu informaziorik eman.

2006ko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko legean aurreikusten ziren zuzkidura-alojamenduak. Etxebizitza babestuak dira, alokairuzkoak eta txikiak. Aldi baterako bizileku gisa definitzen dira: “bizi-zirkustantzien bilakaeraren arabera, etorkizunean egungoez bestelako bizitegi-premiak izan ditzaketenentzat”. Bereziki gazteentzat, adineko eta diru-sarrera urriko pertsonentzat. Espazio txikia behar eta alokairu kuota murritza behar dutenentzat. Berezitasun modura, zerbitzu batzuk espazio komunetan aurrikusten dituzte.

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia lastoaurkoarenbegian Erantzuna | #1

Itxura polita du egitasmoak bada. Nahiko nituzke nire herrian (eta nire gazte denboran)!
Bai eta nire udalak (amurriokoak orain egin duen bezala) ondarea eta baserri zaharrak defenditzea ere!
Ondo egiten denean txalotu behar delakoan...lastorik ez hurkoaren begian! Oraingoan...:)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa