aiaraldea.eus

[IRITZIA] Politika zentzugabea

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Gastaka Urruela   Iritzia

Asteburu honetan eta asteartean, bereziki lokaztua egon den inbestidura prozesua izan da protagonista politiko-instituzionala Estatu espainiarrean. Protagonista sentzazionalista eta zentzugabea, hiru apendize gogaikarri dituena, munduko potentziak berriro ere zuzentzeko indarra sentitzen duen birus baten ondorio: faxismoa.

Komedia zentzugabearen, bigarren hezkuntzako gela aztoratu baten eta ardura dosi oso txikien arteko nahasketa izan da Pedro Sánchez Espainiako gobernu berriaren lehendakariaren hautaketan bukatu den hiru eguneko prozesua. Eskuin demokratikoz mozorrotutako hiru buruko monstruo faxista izan da haren aitzindari, eta auzo-lotsa soberan eduki dugu tamainako burugabekeria ikusteko gai izan garenok.

Pasa den larunbatetik ikusten zen gutxi izango zirela inbestidura sesioan emango ziren agerraldi zentzudunak. Larrialdi antifaxistak era bidegabean aprobetxatu duen PSOEren garaipena ospatzen zuen Pedro Sánchezek, alderdia eta bere burua bera ere oztopotzat izan ondoren, testuinguruak hobetutako emaitza txar batzuekin pozik zegoen Pablo Iglesiasek lagunduta. Azken honek, hitzetan geratu beharko ez liratekeen aldarrikapen sozialak botatzen zituen, ohikoa den bezala. Eta aurrean, hazten ari den ultra faxisten talde bat zegoen, lotsagabe, testosterona gehiegirekin. Eta heziketa atzerakoi baten seme-alaba harro bezala, euren ideia autoritarioekin ados ez zegoen edozein diputatu iraintzen, herriak hautatutako ordezkari baino, gaizki hezitako nerabe talde baten modura. Arrimadasek, Casadok eta Abascalek osatutako hirukoteak eta euren PPko, Ciudadanoseko eta VOXeko jarraitzaileek ez zuten euren porrota onartu (Pedro Sánchezek berak eta beste diputaturen batek esan bezala), baina horrez gain ez zuten erakutsi herritarrok mantendutako estatu-erakunde batean egoteko gutxieneko heziketa. Euren jarrera oposizio modura argi geratu da: euren imajinario neofaxistatik irtetzen denaren aurkako gorroto irrazionala.

Hurrengo bi egunetan areago gaiztotu zen larunbateko agerraldiak utzitako anbientea. Hiru buruko monstruoa, arrazionaltasuna gaindituta, oihu erasokorren eta zizekadura zentzugabeen artean kulunkatzen zen matxito batzuk besterik ez zen. Ondo irudikatu zuen Ivan Espinosa VOXeko diputatu ultraeskuindarrak, era heldugabe eta zentzugabean duintasunaren kontrako ustezko eraso bat zalatzean. EH Bildu, ERC edo CUP bezalako alderdien parte-hartzeek erasoen gorakada ekarri zuen, baita bestelako erreakzioak, EH Bilduko Oskar Matuteren agerraldian VOXeko diputatuek eginiko ihesean bezala, honek “La Voz”-eko epaimahaiarekin alderatzen zituen bitartean. Meritxel Batet Kongresuko Lehendakaria, PNVko Aitor Estebanek esan bezala (diskurtso apart baten hasieran), bigunegia izan zen zenbait diputatuen jarrerakin. Ondo ekin zion, hala ere, eskuineko monstruo hirukoitzak Koroaren kontrako ustezko erasoak salatzean. Beharbada Batet andrearen erantzunak, eta Esteban eta bestelakoen hitzak izan ziren jardunaldi hauetan berreskura genezakeen alderdirik positiboena. Dena den, eta Matutek Altsasuko 3 urteko kondena eta Muguruzaren hiltzailearen urtebeteko kondena alderatu zituen antzera, penagarria da ere Estatuburua bezalako erakunde publikoen kritika eskubide hori ez izatea berdina kartzela edo ihesaldia sufritu behar dutenen gazte kondenatuentzako. Agian honako gobernua, politika espainiarrean inoiz eman ez den nahasketa batean oinarritua, eta Oskar Matute berak esan bezala, gai izango da biktima guztientzako egia, justizia eta ordaina bermatzeko prozesua hasteko. Espero dezagun iraganeko biktimekin hastea, baina espero dezagun ere iraganeko gobernuek erakutsi ez zuten irmotasun eta gaitasuna erakustea gaur eguneko indarkeriekin, genero indarkeriarekin, (ez familia barneko indarkeria, ultraeskuinak dioen moduan), herrien kontrako indarkeriarekin, indarkeria ekozidarekin, indarkeria arrazistarekin eta klase indarkeri eta dominazioarekin. Ez baitago ezer larriago, premiazkoago, ezta hiltzaileago, kapitalismo heteropatriarkala baino.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa