aiaraldea.eus

[IRITZIA] Analfabetismo ideologikoa

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Gastaka Urruela   Iritzia
[IRITZIA] Analfabetismo ideologikoa
Ilustrazioa: Eneko Gastaka Urruela | Ikusi handiago | Argazki originala

Iragan igandean, El Salvadorreko lehendakari Nayib Bukelek agerraldi gogorra egin zuen bertako Asanblada Legegilearen aurrean, militarrez inguraturik. Komunikabide baten batek “kolpe” hitza ere erabili izan du, lehendakariak organu legegilea indarrez hartzeko ideia ere aipatu zuelarik.

Gauzak horrela, zenbait erakundek egin dituzte Giza Eskubideen eta bakearen aldeko agerraldi eta adierazpenak. Baina harrigarriena beharbada Sortu bezalako bestelako nazioarteko aktoreen jarrera da. Ezkerreko ideologiaren jarraitzaile, arintasun ikaragarriz salatu dute Bukeleren jarrera. Ideologia kuriosoa, Giza Eskubideen urraketa askoz grabeagoak egin dituen auzokide Daniel Ortegari buruz txintik esaten ez duena.

Interesgarria da teknologiaren garapen azkar eta amaigabea gizakion pentsamendu eta etikaren moteltasunarekin alderatzea. Teknologiak zerikusi gutxi dauka honako artikuluarekin, baina konparaketak argi erakusten digu erabat aldrebestuta ditugula gure lehentasunak, eta badela denbora asko gure garapen ereduak birplanteatu behar ditugula.

Gizarteak egiten duen aurrerapauso bakoitzeko, badirudi bi pauso goazela atzerantz. Iraganean argiak ziruditen kontzeptuek, gaur egun erabat hustuta dihardute bozeramaileen ahotan. Gero eta zabalduago dagoen “ez matxismorik ezta feminismorik ez” esaldia ez da bakarra. Faxistak eta antifaxistak zaku berdinean sartzea, aurreko artikuluan aipatzen zen modura, logika berdinerantz lerratzen da.

Kontzeptuak erabat hustuta, denbora pasa ahala gero eta gaitzesgarriagoa dirudi ezkerrarekin edo eskuinarekin identifikatzea. Badirudi erdian geratzea eta “distantziakidetasuna” mantentzea dela aukerarik zentzudunena eta “enpatikoena”. Eta honakoaren adibide da Nayib Bukeleren izendapena El Salvadorreko lehendakari modura.

Bere aitarekin batera jada iraultzailea ez den FMLN alderdian hasita, ekintzaile honek ego eztabaida baten ondorioz eskuineko alderdi GANA aukeratu zuen botererako baliabide modura. Espainian aski ezagutzen dugun diskurtsoa erabilita, “iraganeko borroka zaharrak ahaztea” aldarrikatzen du, eta bere ekintza eta politikek hauteskunde-kanpainaren lerro berdina jarraitzen dute: sare sozialen bidezko propaganda.

Herrialdeko adopzio sistemaren arazo larri eta sistematikoa argira atera ondoren, kasu konkretu baten bidez, lehendakariaren konponbidea kasu konkretu horren aldeko ardurarekin besterik ez zen “konpondu”.

Lehendakariaren alde atsegin eta eskuzabala nabarmen ageri da bere sare sozialetan, baina aldi berean ez da inondik ere sumatzen herrialde oso baten lehendakariak izan beharko lukeen ardura maila, kasu konkretuetan zentratu baino arazo sistematikoak konpontzera bideratu beharko litzatekeena.

Sareetan, lehendakariak bere burua “Laylaren aita” soilik esanez deskribatzen du. Samurtasun iraultzaile baten adierazle modura hartu genezake honakoa, zaintzaren garrantzia ulertzen duen hiritar xumearen irudia. Baina kezkagarria da honakoa lehendakari karguarekiko ardura faltan islatzea. Eta, hain zuzen ere, ardura falta hori bera ikusi ahal izan genuen pasa den igandean, otsailak 9.

Operazio berezietako militarrez babestuta eta inguratuta, hurrengo igandean Asanblada Legegilea hartu nahi zuen inor ez zuela geldituko esan zuen, argudiatuta erakunde honek ez duela segurtasunerako aurrekontu eta zorra onartzen.

Oso larria da demokratikoki hautatutako buruzagi batek era honetan deslegitimatzea eta gutxiestea demokratikoki hautatutako erakunde bat, soilik ez duelako hark nahiko lukeen erabakia hartzen. El Salvadorreko 84 ahaldunek osatutako Asanblada Legegilea ez baldin bada legitimoa, zergatik beharko luke izan lehendakariak? Hala ere, honakoa ez da analfabetismo politikoaren adibide bakarra, ezta gutxiago ere. Gai berdinari helduta, Sortu euskal alderdi politikoak ere egin du bere adibide propioa.

Bukeleren agerralditik egun bakarra besterik igaro ez zelarik, Sortuk adierazpen argi bat argitaratu zuen, “El Salvadorrek bizi duen egoerarekiko” kezka agertuz. Adierazpen honetan, alderdiak enpatia maila handia erakutsi izan du herrialde honetako eta Zentroamerikako gizartearekiko.

Baina ezerezean geratzen dira hitz horiek, kontuan hartuta kilometro gutxi batzuen bueltan buruzagi despota batek duela bi urte gizarte zentroamerikar bera masakratzen zuela. Sortuk, momentu horretan, ez omen zuen hitzik aurkitu hura salatzeko. Benetan kuriosoa nola adierazpen sinple batek horrelako berehalako erantzuna “sortzen” duten, polizia eta paramilitarrek eragindako ehunka hilketen aurreko erabateko isiltasunarekin alderatuta.

Ez da arraroa pentsatzea ezkerreko ideologia sozialista batek errealitatearen analisi eta kritika gaitasuna behar dituela. Baina kasu honetan, badirudi ustezko ezkerreko ideologia horrek berak ekiditen duela errealitatearen azterketa.

Sortu alderdiak, analfabetismo politiko eta ideologiko izugarria erakutsiz, Daniel Ortegak enpresari nikaraguarrekin eta eliza katoliko eta ebanjelikoaren alde gogorrenekin dituen aspaldiko aliantzen aurrean itsu agertzen da. Nikaraguako lehendakariak duela hainbat urteren bueltan ezarritako garapen eredu kapitalista eta neoliberala, antza denez, ez da aipagarria Sorturentzat. Eta Ortegak berak bere buruarentzako jarritako etiketa itsu-mutsuan sinetsita, gobernu sozialistatzat hartzen du. Distortsioz beterik ulertzen duten inperialismoaren dogma zaharretan babestuta, ustelduta, “sandinismoa” aspalditik mespretxatzen duen gobernuaren kontrako ustezko estatu kolpea salatu zuen Sortu alderdiak. Analfabetismo politikoaz gain, erabateko koherentzia politiko falta erakusten du honek. Orain Sortuk El Salvadorren dagoen euskal komunitatearekiko agertzen duen kezka hori bera, literalki iraina delako bi herrialdeetako egoerak bizi izan dituen euskaldun batentzako. Batzuek kontzeptuak husten dituzte euren distantziakidetasun hipokrita babesteko. Besteek, aspaldi galdutako lubaki zaharrak mantentzen saiatzeko egiten dute, euren norabide falta justifikatzeko, eta Che-ren kamiseten jabe iraultzaileek inoiz utzi ez duten eurozentrismoa indartzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa