aiaraldea.eus

[IRITZIA] Aurkako poloek ez dute beti elkar erakartzen

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Gastaka Urruela   Iritzia
[IRITZIA] Aurkako poloek ez dute beti elkar erakartzen
Ilustrazioa: Eneko Gastaka Urruela | Ikusi handiago | Argazki originala

Ageria dirudi nazioarteko egoera duela urte batzuk baino zatikatuago dagoela. Espainiar adibidea, uneoro ahaztutako Portugalekin batera, oasi zail baten modura hartu liteke: 2. Errepublikatik egon den lehen koalizioa, haren burua antifaxistatzat duena, gero eta faxismo harroagoa erakusten duen eskuinari aurre egin behar diona. Johnson, Orban, Trump, Bolsonaro, Añez… publikoki eskubideen kontrako gobernuburu gutxi batzuen abizenak dira. Badira ere gobernuburu izan gabe eragin politiko handia dutenak. Eta badaude ere ez dutenak hain esplizituki erakusten Giza Eskubideen aurkako euren jarrera, eta beharbada hau da aurrekoa baino kezkagarriagoa. Baina, zentzuduna da zatiketaz hitz egitea? Edo beharbada, neutraltasunaren ardatzak egindako mugimendu zital batez aritu beharko ginateke?

Hauteskundeen gertutasunak Donald Trump-en (lehenik eta behin enpresari aberats, eta horren ostean AEBetako lehendakari) alderik narzisistena piztu du. Haren botere exekutibo eta exekutorea eta batez ere haren ego megalomanoa bitarte, Irango ustezko terrorista potentzial bat erahil du. Kuriosoa da oinarri sendorik gabeko sailkapen hura jaso duena Ayatolaren konfiantzazko jeneral militarra izatea, eskualdeko harreman militarretan paper zentrala zuena. Kuriosoa da ere jeneral horrek mailako papera izatea ISIS edo “matxino siriarrak” deritzoen kontrako garaipen militarretan. Bitartean, aurpegi laranjadun astopotroaren tronutik apur bat hegoalderantz, Nicaragua eta Ertamerikako, Boliviako edota Chileko normaltasun faltsuen aurrean erabateko isiltasuna da nagusi. Eta horren bitartean, itsasoaren beste aldean, jaiotzatik jasandako gaixotasun batek jota, kontinente zaharra gero eta gehiago lerratzen da eskuin muturrerantz. Erratikoki. Ahotsa mantentzen duen ezker apurraren joeraren antzera.

Albisteak irakurri edo ikusi ondoren, daukagun lehen irudia gero eta etsaituago dagoen mundu batena da. Migrazioa antiinmigrazioaren kontra, faxismoa antifaxismoaren kontra, feminismoa matxismoaren kontra (nahiz eta oraindik ere ezjakin batzuek feminismoaren aurka ustezko “igualitarismoa” defendatzen duten), baliabideen agorketa ekologismoaren aurka, kapitalismoa bizitzaren aurka. Baina ez al dira eman historian zehar kontraesan guzti hauek aurretik ere? Ez al dira egon gai hauen inguruko borroka odoltsuak lehenago? Krisi soziopolitiko ezberdinen testigu izan diren beste momentu historikoak aztertzen baditugu, eta gertakizunen norabidea ikusten badugu, pentsa liteke gaur egun ezberdintasun ideologikoak esplizituagoak besterik ez direla, bestelako momentu batzuetan bezala. Baina, aldi berean, ez dugu inoiz bizi izan gaur egunekoaren parekorik, batez ere informazioa eta datuen sortze, partekatze eta pilatzeari so egiten badiogu. Eta honek ez gaitu jakintsuago egiten, edota gaitasun kritiko handiagoz hornitzen. Are gehiago, kasu onenean gizakion jakinminerako beste erreminta bat besterik ez da. Eta kasu txarrenean, aurrekoa baino askoz ohikoagoa, desinformazioa eta jakintza falta ekartzen ditu.

Adibide modura hiru pertsona: bata aberatsa, bestea mileurista, ta hirugarrena pobrea. Hiru pertsona horiei nahi dutena informatzeko “askatasuna” ematen badiegu, nabaria da informazioaren gehiengoa eta garrantzi gehien hartuko duela aberatsak ekoiztuko duela. Horretarako baliabide materialak erabat erabakigarriak direlako. Zentzugabea delako berdintasunik gabeko gizarte batean baldintza eta araurik gabeko “askatasunak” behartsuaren alde egingo duela pentsatzea. Orduan, zentzuduna al da jasotzen dugun informazioa ideologikoki neutrala dela pentsatzea? ¿edo ondo bereizteko gai garela pentsatzea? ¿benetan bizi al gara zatikatuago dagoen gizarte batean, non muturreko ideologiak ohikoagoak eta biolentoagoak diren?. Interesgarria da Espainiakoa bezalako adibideak ikustea, komunikabide handiek (eta txikietako askok ere) faxismoa eta antifaxismoa poltsa berean sartzen dituztelarik. Batzuen edo besteen agerraldi bortitzak alde batera utzita (nahiz eta hauek ere ziur aski susmoak argituko lituzkete), hain onartuak dauden Giza Eskubideen perspektibatik burugabea da horrelako alderapena egitea. Faxismoa definizioz da demokraziaren eta Giza Eskubideen kontrakoa.

Ariketa logiko sinple bat besterik ez da behar ondorioztatzeko antifaxistak definizioz demokraziaren eta Giza Eskubideen aldekoak direla. Baina “fake news” eta likidoa baino gaseosoa den informazioaren gizartean, erraza da gezur bat errepikatuz egi bihurtzea. Eta “egi faltsu” hori gezurtatzeko, egun baliorik ia ez duten denbora eta ardura kopuru handiak behar dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa