"Lau euskal korrikalari aurkeztu ginen Espainiako ultratrail txapelketara"

Erabiltzailearen aurpegia Gaizka Barañano 2015ko uzt. 1a, 14:36

Pasa den ekainaren 26an, ostiralean, 24:30ean, Euskal Herriko mendi-lasterketa selekzioa Espainiako Ultra trail Txapelketara joan zen aurreneko aldiz. Hitzordua Nevacerradan izan zen, Peñalara Trail Handian, 115km-tako ibilbide eta 5.500 metrotako desnibela zituena. Bertan egon zen Gaizka Barañano eta lasterketari buruzko kronika idatzi du: 

Pasadan ekainaren 26an, ostiralean, 24:30ean, Euskal Herriko mendi-lasterketa selekzioa Espainiako Ultra trail Txapelketara joan zen aurreneko aldiz. Hitzordua Nevacerradan izan zen, Peñalara Trail Handian, 115km-tako ibilbide eta 5.500 metrotako desnibela zituena. Bertan egon zen Gaizka Barañano eta lasterketari buruzko kronika idatzi du: 

"Lau korrikalari aurkeztu ginen bertan, Euskal Herriaren ordezkaritzan: bi mutil (Imanol Aleson eta biok) eta bi neska (Silvia Trigueros eta Jone Urkizu).

Zita hauetan aurreikusi daitekeen bezala lasterketa oso azkar hasi zen, korrikalari asko podiumeko toki baten bila. Baina beroaren (40 graduraino) eta lasterketaren hasierako desnibel txikiaren ondorioz, korrikalari askok kale egin zuten ibilbidearen amaieran.

Arlo pertsonalari dagokionez, argi neukan hiru zirela kontu handiz zaindu beharreko alderdiak: hidratazioa, elikadura eta 80. kilometroaren osterako indarrak gordetzea; izan ere, azken 40 kilometroetan korrika asko egiteko aukera zegoen, indarrak izanez gero.

Esan eta egin. Lehenengo kilometroak oso lasai egin nituen, batez ere nahi nituzkeenak baino urrats txikiagoak ematera behartzen ninduten iskioetako arazoen ondorioz. Igo genituen lau mendietako lehenengoa (La maliciosa 2.217 m) 50. postu inguruan egin nuen, baina tekniko xamarra zen gaueko aurreneko jaitsieran hamar posizio inguru aurreratu nituen.

Bigarren tontorra igo (Puerto de la Morcuera 1.777 m) eta jaitsi ondoren, lasterketaren 54. kilometro inguruan, monotonoa eta aspergarria zen pistako ibilbidea arindu zuen egunsenti eder batek. Ordura arteko ibilbidea ez zen batere mendikoa izaten ari, eta horrek haserrealdi handia sortu zuen Rascafriako hornidura-postuan. Bertan, Imanol Aleson selekzio-kidearekin batu nintzen, hau bai korrikalari aparta. Harekin joan nintzen Peñalararen igoeraren zati handi batean (ikusgarria, gogorra eta teknikoa, azken zatian; 2.428 m), urdaileko arazo batzuengatik atzean gelditu behar izan zuen arte.

Normalean, salbuespenak salbuespen, gero eta hobeto bukatu ohi ditut lasterketak, eta hau ere horren adibide argia izan zen. Etengabe joan nintzen korrikalariak aurreratzen. Sentsazioak gero eta hobeagoak ziren, eta kilometroak aurrera egin arren ez nuen ibilitako orduen higadurarik nabari. 81. kilometroan, San Idelfonsoko Baserrian, familia osoa eta Amurrio Traileko taldekideak nituen zain, beti bezala, eta kontroletik kontrolera, horniduratik hornidurara, korrikalariak aurreratzen nituela ikusten zuten. Ordurako, eta zehaztasunez jakin ez arren (antolakuntza ez zen nabarmentzeko modukoa), 20. toki inguruan nindoan, eta nire lagunen animoek zein postuak aurreratzeko nire gogoek ez zuten etenik.

Guztia primeran joan zen nire akats batek hornidura-postuarekin nahasmena eragin zidan arte. Izan ere, 100. kilometroan espero nuen postua 5 kilometro aurrerago zegoen, eta ondorioz, nire indarrek, hankek eta buruak ez zuten ordura arte bezala erantzun. Iristea kostatu zitzaidan; gogorra eta luzea izan zen. Eguerdiko ordu bietako bero kiskalgarriak nire aurpegia, alaitasuna eta itsura moldatu zituen, ohi ez bezala. Han egon ziren denak, animatzen, bai gure jarraitzaileak zein Kataluniako selekziokoak (gaur gaurkoz, giro bikaina dago korrikalarien artean), maldan beherako 12 kilometro baino ez zitzaizkidala geratzen esanez. Ura bota nuen burutik behera, sandia apur bat (zerbait freskoa behar nuen) eta gela hartu nituen, eta beherantz abiatu nintzen.

Azkenean, 12 kilometro luze, bero eta gogor horien ondoren, 16. tokian amaitu nuen lasterketa, 15 ordu eta 13 minutuko denborarekin. Azken 3 kilometroetan izan ezik (lasterkari batek aurre hartu zidan), lasterketak aurrera egin ahala hobetzen joan nintzen, eta korrikalariak banan-banan aurreratu nituen, 50. postutik gora hasi eta helmugara 16. heldu nintzen arte.

Esperientzia ahaztezina izan da. Arlo pertsonalean hala-nolako emaitza izan arren, ultra trail munduko esperientzia ederrenetakoa izan da niretzat; batez ere, lasterketa honetan Euskal Herria ordezkatu ahal izateagatik, esperientzia beragatik, lasterketaren estrategiagatik eta selekzioko kideekin gozatzeagatik.

Nire eskerrik beroena doazkizue  jarraitu eta animatu ninduzuenoi eta nire emaitzagatik interesa agertu zenuten guztioi.

 

Euskal Selekzioa:

Silvia Trigueros: 2.

Jone Urkizo: 5.

Gaizka Barañano: 16.

Imanol Aleson: 27.

 

 

Sailkapen orokorra:

 

1. Miguel Heras (Roberto Herasen anaia) (Gaztela eta Leon)

2. David Lutzardo (Kanariar Uharteak)

3. David Lopez Castan (Gaztela eta Leon)

 

1. Gemma Arenas (Andaluzia)

2. Silvia Trigueros (Euskal Herria)

3. Mercedes Pila (Madril)

Nire eskerrik beroena doazkizue jarraitu eta animatu ninduzuenoi eta nire emaitzagatik interesa agertu zenuten guztioi."

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide