"Esperientziak eta jakintza elkar trukatu nahi ditugu 'Ametsak Errotuz' topaketetan"

Erabiltzailearen aurpegia Irati Moreno 2015ko mar. 10a, 11:05

Aimar Gutierrez (LAUDIO, 1995) Laudioko Gazte Asanbladako kidea da. Asteburu honetan Laudion izango diren “Ametsak errotuz” Euskal Herriko Gazte Asanbladen eta Gaztetxeen topaketen antolakuntzan parte hartzen ari da Gutierrez.

Nork antolatu ditu topaketak?

Aimar Gutierrez (LAUDIO, 1995) Laudioko Gazte Asanbladako kidea da. Asteburu honetan Laudion izango diren “Ametsak errotuz” Euskal Herriko Gazte Asanbladen eta Gaztetxeen topaketen antolakuntzan parte hartzen ari da Gutierrez.

Nork antolatu ditu topaketak?

Topaketen ideia Laudioko Gazte Asanbladan sortutako ideia bada ere, Aiaraldeko gazte asanbladak (Urduña, Amurrio eta Orozko) ari gara lanean topaketak hauek aurrera ateratzeko. Asanblada bakoitza bere proiektuetan murgilduta dago, beraz bakoitzak ahal duen neurrian bere aletxoa jartzen du “Ametsak Errotuz” topaketak gauzatu daitezen.


Nondik sortu da topaketa antolatzeko ideia?
Ideia, nolabait, kanpotik etorria zaigu. Gaztetxean egin genituen kontzertu batzuen harira, Asturiaseko taldetxo batekin harremana egin genuen. Talde honetako kideak Asturiaseko kolektibo ezberdinetan daude sartuta eta Espainiar estatuan aurkezteko Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen inguruko dokumental bat egitearen ideia otu zitzaien. Proiektu hori gauzatzeko lehen pausu bezala gurekin jarri ziren harremanetan. Euskal Herriko asanblada ezberdinekin biltzeko asmoa zuten eta ideia hartatik tiraka Gaztetxe eta Gazte Asanbladen topaketa hauek antolatzea bururatu zitzaigun.


Zein helbururekin antolatu dituzue?
Topaketen helburua Euskal Herriko gaztetxe eta Gazte asanbladen arteko harremana indartu eta gu guztion arteko saretze bat sustatzea da. Topaketetan egingo diren ekimenak kolektiboen arteko esperientzia trukaketara daude bideratuta batik bat, problematika berdintsuen aurrean asanblada bakoitzak bilatu dituen konponbideak azalaraztea eta abar.


Asturiaseko kideen dokumentala aipatu duzu, zein da dokumental horren xedea?
Topaketen helburua guztiz barrura begirakoa den bitartean, dokumentalak Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen funtzionamendua nolakoa den Euskal Herriko mugetatik kanpo erakustea du helburu.


“Ametsak errotuz” da topaketen leloa. Zergatik?
Filosofia apur bat dago lelo horren atzean: Gaztetxe eta Gazte Asanbladek gazteon ametsak sortzeko espazio askeak dira, gune aske horien funtzionamendu egokia behar beharrezkoa da bertan sortutako gazte proiektu ezberdinak gauzatu ditzaten. Topaketa hauetan muinera jo dugu, gazteon ametsak sortuko dituzten Gaztetxe eta Asanbladen sustraiak sendotzera, hots, gazteon ametsak sendo errotzera.


Hiru egunetan ekintzaz beteriko egitaraua prestatu duzue. Zer nabarmenduko zenuke?
Lehen aipatu bezala, topaketen helburua Gaztetxe eta Gazte Asanbladen arteko harremana sendotu eta hauen funtzionamendua sustatzea da, beraz helburu horri begira egingo diren ekimenak nabarmenduko nituzke.
Alde batetik ostiralean Euskal Herritik kanpoko gune okupatuetako gonbidatuekin egingo den mahai-ingurua daukagu. Bertan, gure mugetatik kanpo dauden gune askeetan daukaten antolatzeko moduaz ikasteko parada izango dugu. Bestetik Gaztetxe eta Gazte Asanbladen arteko esperientzia trukea eta elkar ezagutza bultzatuko dituzten ekintzak, hala larunbata goizeko topaketak nola igande goizeko kafe tertulia ere.
Horretaz gainera jai-girorako aukera ere egongo da ostiral eta larunbateko kontzertuetan zein larunbateko herri bazkarian.

Nahiz eta gaztetxe eta gazte asanbladen arteko topaketak izan, edonork parte hartu dezake antolatu dituzuen ekimenetan?
Bai noski, deialdi zabala egin dugu. Egia da larunbata goizeko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen arteko elkar ezagutzea eta esperientzia trukea hauen barne funtzionamenduari begira egongo dela gehien bat. Horrek ez du esan nahi beste norbaitek ezin duenik parte hartu, ekintza ugari daude asteburu osoan eta jende guztia dago gonbidatuta ekimen guztietan parte hartzera.


Zergatik esango zenuke garrantzitsua dela topaketa hauetan parte hartzea?
Gaztetxe eta Gazte Asanbladek herri mailan lan handia egiten dugulako eta hauek sendotzea Euskal Herriko herri mugimendua sendotzea delako. Guztion ardura da asanbladak sasoi onean egotea, datorkigun guztiari aurre egin eta alternatiba errealak sor ditzagun.


Horrelako topaketa bat antolatzeak lan handia ekarriko du ezta?
Lan karga handia da, hilabeteak dira lanean hasi ginela, baina esfortzuak merezi duela uste dugu. Laudioko Gazte Asanbladan sortutako proiektu hau, Aiaraldeko asanbladen artean antolatzen gaude, egitura lokal hutsa duten asanbladen artean. Egitura lokal horretatik Euskal Herri mailara salto egiteak esfortzu handia eskatzen du. Hala eta guztiz ere abentura polita izan da eta “Ametsak Errotuz” topaketek bere fruitua ematen badute gure balentriak merezi izan duela jakingo dugu.


Topaketen ondoren, zer?
Galdera ona. Topaketak bukatu eta nork bere herrian bereganatutako jakintza apurra aplikatzen hastea pausu handia litzake.
Nork daki, agian “Ametsak Errotuz” topaketak hemendik aurrera urtero egiten diren topaketak izango dira, edota Euskal Herri mailako gaztetxe eta gazte asanbladen koordinadora berri bat sortuko da. Horretarako bilduko gara Laudion, asanbladen inguruan dagokigun guztia eztabaidatu eta hauei etorkizun bat emateko.


Egitarau guztia AGENDAn dago ikusgai.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide