aiaraldea.eus

Osasun zerbitzuen urradura, agur unibertsaltasuna

Erabiltzailearen aurpegia Garrastatxu Landaluze (Erizaina)   Iritzia
 
Pasaden uztailean Eusko Jaurlaritzak etorriberri guztiei osasun zerbitzuak jasotzea bermatzen zuen ordena arautu zuen, modu honetan Espainiako Gobernuak ezarritako 16/2012 Errege Lege Dekretuari, bizileku baimen gabeko pertsonei osasun asistentzia jasotzea galarazten dien legeari, aurre eginez.  
 
Konstituzio Auzitegiak, Eusko Jaurlaritzak bizitzeko baimen legalik gabeko pertsona batzuek (soilik Euskal Autonomi Erkidegoko udalerriren batean urtebetez bizitzen zeramatela frogatzen zutenentzat) osasun asistentzia izatea bermatzen duen osasun-txartela lortzea ahalbidetzen zuen neurri honi abala eman zion. Baina, gainontzeko paperik gabeko etorkinak? Isiltasuna Eusko Legebiltzarrean.
 
Egun hauetan jakin dugu Espainiako Gobernuak Osasun sailburuaren agindu honen aurkako errekurtsoa jarri duela Konstituzio Auzitegian. Gehiegikeria omen da urtebetez hemen bizi direnei osasun asistentzia ematea! Osasun-zerbitzu doakoa eta unibertsala zen, pertsonen artean hainbeste desberdintasun sortzen dituen gizarte honetan, desberdintasunen murrizketetara zuzenduriko zerbitzu garrantzitsuenetako bat. 
 
Izan ere, unibertsaltasunak justiziaren printzipio bioetikoan dauka oinarria: pertsona guztiei osasun asistentzia jasotzeko aukera berdinak bermatzea desberdintasunei aurre egiteko. Mingarria eta lotsagarria izan zen uda honetan bertan herrikide batentzat, bere osasun-txartelaz baliatuta, medikuarentzako hitzordua eskatzera etorri zen pertsona bati hori ezin zitekeela egin eta urgentzietara joateko esan behar izatea. Etorkin hark ez zeukan osasun zerbitzu guztiak jasotzeko eskubiderik. 
 
Larria da egoera: badira osasun zainketak jasotzeko eskubidea zeinek duen eta zeinek ez duen legeztatzen ausartzen direnak; geure bizilagunei gaixotasunean beharrezkoak dituzten zainketak ez jasotzeko legeak egiten ausartzen direnak. 
 
Batzuek beste alde batera begiratzen dute, ezjakinarena egiten. Beste batzuek behera, lotsaturik. Egoera honi aurrez aurre begiratu beharko genioke, ezta? 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa