aiaraldea.eus

Genero indarkeriaren menpe

Erabiltzailearen aurpegia Angela Rico (Laudio)   Iritzia

Genero harremanek ez dute gizonen eta emakumeen arteko harremana soilik definitzen; jendarte sistema oso bat baizik. Jendarte sistema edo egitura hau patriarkatuan oinarrituta dagoen heinean, maskulinoa denaren nagusitasunean oinarritzen da. Era honetan generoaren araberako rolak,jokabideak, gustuak, sexu-harremanak eta abar amaigabezin bat sortuz joan  da. 

Jaiotzen garen momentutik “indar ikusezin” batek iradokitzen digu zer den emakume femeninoa  eta gizon maskulinoa izatea. Mezu hauek oso modu sublimean azaleratzen dira eta batzuetan zaila egiten zaigu  hauek identifikatzea. 5 urteko neskato batek nekez jakingo du zergatik nahiago duen motxila arrosa eta ez urdina. Are gehiago, emakume heldu askok ere ez dute jakingo zergatik eta zertarako egon behar duten beti argal, lirain, erakargarri, isilik, irribarretsu, zintzo, gazte eta zuzen. 

Horrela apurka-apurka modu inkontzientean eta nahi gabe, pentsatu nahi dut, emakumeok  gure alea jarri eta gure kontra jokatzen duen sistema elikatzen goaz. Horrelako jarrerek jada ez naute harritzen, aspaldian ulertu bainuen jendarte -sistema orok, bizirauteko, beharrezkoa duela etengabe legitimatuko duen balio, keinu eta jarrera multzoa, eta emakumeok oso ondo heziak izan gara funtzio hori betetzeko, ezta? Ez dut gure gain ardura eta zama gehiago jarri nahi, nahikoa dugu tokatu zaigunarekin, baina, neurri batean (ez naiz ausartzen txiki edo handia den esatera), erantzukizuna ere geurea da. Arreta gehiago eskainiko bagenie horrelako jarrerei, anestesia egoera kolektibo honetatik azkarrago iratzarriko ginateke. Egoera aldatzeko ez da beharrezkoa talde feminista baten partaide izatea, edota gaian aditua izatea. Bakoitzak, bere txikitasunetik zein handitasunetik, asko egin dezake. Errealitatea eta zeure buruarekin aurrez aurre jarri eta galdetu, eztabaidatu, hausnartu, alderatu, murtxikatu eta ondoren... auskalo zer topatuko duzun.Hau da nik topatutakoa: emakumeon eskubideak ez dute zertan erlatiboak izan, eta ez lukete egon behar aukera aniztasuna kontuan hartu gabe eraikitako testuinguru baten menpe.   

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa