aiaraldea.eus

Saratxoko palmondoa

Erabiltzailearen aurpegia Zaloa Kintana eta Idoia Etxeguren (Saratxo Bizirik 2.0)   Iritzia

Jakin badakizuenez azken aldian modan dago Saratxoko herriaren hitzak margoz ezabatzea. Horrekin gustura gelditu ez eta Arabako Foru Aldundia, bertako zuhaitz bat kentzera etorri da, palmondo bat hain zuzen ere, bere gailentasuna azaldu nahian edo. Inori ezer esan gabe lorezaintzako enpresa pribatu bat jabetza pribatura zuzenduko duten palmondo bat atera dute Arabako Foru Aldundiaren baimenarekin. Ezin dugu palmondoa makro-proiektu burugabe honetarako erabili nahi duten desjabetutako herritar baten lur-eremu batean kokatuta dagoela ahaztu.

Ez dakigu nori bideratuko dioten palmondoa, ezta zein mugimendu estrategiko egin behar izan duten hori lortzeko ere, baina bai Foru Aldundiaren babesa dutela. Aski da, palmondoak ez du berea ez den jabe baten esku geratu behar. Palmondo hau ez da edozein zuhaitz, 30 urte baino gehiago izanik balio biologiko handia du, eta familia zein herritarrontzat balio sentimental handiagoa. Beraz lehenengo ez al genieke jabeei aukera eman behar? Eta, haiek nahi izango ez balute, Saratxoko herriko jendeari! Palmondoa Saratxokoa izanik Saratxon gelditzea litzateke bidezkoena. Hori dela eta, Saratxoko batzordeak Foru Aldundiari horixe eskatu dio.


Saratxoarroi eman diguten mina ez al zaie nahikoa iruditzen? Gurea dena ere behartuta kendu ostean, bertan dauzkagun oroitzapenak eta gure bizitza osatzen duten gauzak ere kendu behar al dizkigute? Bizitzan bildutako objektuei lotutako sentimendu eta oroitzapenak ezin dira ordaindu. Betiko lez, Arabako Foru Aldundiaren bideek eta moduek haien buru eta teknikoen izaera islatzen dute. Gure nahia sinplea da: errepidearen baldintzak hobetuko dituen proiektu jasangarri bat burutzea.

Amurrioko udaletxean PPk izan ezik talde guztiek babestutako mozioak berdina dio, garatu beharreko proiektuak ahalik eta oniritzi zabalena eta inpaktu ekonomiko, ekologiko zein sozial txikiena izan behar duela. Bide horretan aurrerapausoak eman beharrean gaude, baina gure herrian ezinegona da nagusi, Aldundiaren baitan teknikarien iritziek politikoenak baino pisu handiagoa duela ematen du eta. Arabako Batzar Nagusietan ideia bera plazaratzen zuen mozioa onartu zen eta momentuz ez dugu irtenbidea proposatzen duen proiektuaz ezer entzun. Azken aldian, alderdi politikoek adostutako irtenbidea aldarrikatzen dute... Hauteskunde garaiaren eragina izango ote? Zinez espero dugu epe hau igarota aireak ez ditzala esandakoak eraman.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa