aiaraldea.eus

Rokodromoa Laudion

Erabiltzailearen aurpegia Aaron Garmendia   Iritzia

Kirola paisaia balitz Laudiokoa basamortua litzateke. Horrelakoa da tamalez gure lur eremuan topa dezakeguna, ezer hutsa. Bizitza gabekoak diruditen lurrak dira, baina erein izan denean uzta oparoak bildu izan ditugu.    

Lur hauek badituzte hainbat jauntxo, lau urtean behin aldatu egiten direnak. Beraien boterea herriaren eskutik jasotzen dute, euren konpromisoengatik. Agintariz hainbatetan aldatu izan da baina harea hondar bihurtu eta hondarra harea bilakatu da soilik.

Zorionez, oasi txikiak topa ditzakegu gurean. Hainbatek gutxitan, batzuetan edo maiz ureztatu dutelako haien eremua. Urteak pasa dira, baina jauntxoek ez dute ura ekartzeko asmo handirik.

Negu lehor honetan elkarte bat, jauntxoen laguntzarik gabe, ur emari berri batekin dator. Likido garden kopurua handia dakar, oasi berri bat sortzeko adinakoa.

Ura eskalada da eta hura Goikogane mendi taldea. Herri gabezia horri aurre egiteko, bazkideek aho batez rokodromoa eraikitzea erabaki dute, banketxeen kreditua eskatu behar badute ere.

Eskalada maite duen baten eskerrik beroena. Mila esker.

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Blanco Erantzuna | #1

Hamaikak ikusteko jaioak! Irakurri eta sinestu ezinean nabil zure iritzi gutuna, Aaron! Lehenik eta behin, zintzoki ez zarela jokatzen ari esan behar dizut, ez zure buruarekin, ez herriarekin ez aipatzen duzun kirol eskalatzaile komunitate horrekin ere.
Izan ere, ez da egia Laudio kirol arloan basamortua danik. Agerkari honi noizean behin begiradatxoa ematea, kiroldegitik edota herritik buelta bat ematearekin nahikoa litzateke horretaz konturatzeko. Basamortuarena zure asmakizuna da, gutunean zehar bilatzen duzuna justifikatzeko trikimalua besterik ez, rokodromoa ez egotearen ardura guztia Udalaren bizkar uzteko alegia. Eta ados ez nagoelako, baina batez ere egiten duzun eran, mingarria zaidalako, horra nere iritzia.
Esan bezala eta zuk ederki dakizun moduan, Laudio ez da basamortu bat kirol mailan. Beste arlo batzutan , eztabaidagarriagoa litzateke baina zenbat kirol talde, zenbat kirol jardun eta ekitaldi, astegun eta asteburu guztietan: hockey, taekwondo, igeriketa, pilota, saskibaloi, txirrindularitza, mendia, karate, fullkontac, xakea, atletismoa, eskubaloi, futbola, espeleologia,… hori al da basamortua? Mesedez!! Beste kontu bat da, kirol azpiegituren egoera, kirol batzuen nagusikeria, azpiegitura eza… baina badirudi hori zuri ez zaizula axola…aipatu ere egiten ez duzulako.
Egia da, hori bai, Laudion rokodromorik ez dagoela. ..ezta belodromorik ere ez; surf egiterik ez daukagu ez eta izotz gaineko hockey egiteko aukerarik ere…
Ez, Aaron , Laudion ez dago rokodromorik. Baina kirol azpiegitura hori ez badaukagu ez da Udalaren errugatik bakarrik; Goikogane Mendi elkartearen errua ere bada, baina batez ere, laudioko kirol eskalatzaileen errua da, hori lortzeko ezer gutxi egin dutelako. Bakoitzari berea. Itsusia da ondokoari errua bota, norberarena izkutatzeko. Zure gutuna Goikoganeren ekimena txalotzeko (txalogarria delako) erabili ahal zenuen, baina bestelakorik nahiago izan duzu, eta kritikatu Udalak egin ez duena, kirol eskalatzaileen komunitateak egin ez duena izkutatzeko.
Laudion rokodromorik ez dago, eta arrazoi berberagatik, laudioko mendizale gazteak kanpora joan behar dira goimendian trebatze ikastaroak egitera. E ta beste gauza askorik ere ez daukagu, Laudio Laudio dalako. Eta hori ez da Udalaren errua bakarrik, baizik eta herritar guztiona, batez ere, nortasunik gabeko herri bat izatera eraman gaituzten bekaizkeriak eta axolagabekeriak jotako herritar ezketxarrekoena ere. Begirunez.
JOXE BLANCO, KIROLZALEA, GOIKOGANE M.T.-KO BAZKIDEA ETA TAKOMANO E.T.-KO KIDEA

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa