[IRITZIA] Herritarrok erantzukizunez jokatu eta kaleak hartuko ditugu!

Erabiltzailearen aurpegia
Greba orokorraren egitarauaren aurkezpenean eginiko irudia. / Aiaraldea.eus

Urtarrilaren 30ean Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartak deitu duen Greba Orokorraren harira, gehiengo sindikalak gutuna bidali dio Urkullu Jaunari grebarako argudioekin batera, planteatzen diren aldarrikapenei bide emateko bilera bat eskatuz. Bilera ukatzeko Urkulluk, betiko argudioa erabiliz; aldarrikapenak gure erkidegoak duen eskumen esparrua gainditu eta Madrilgo gobernuari dagozkiola!

Euskal Herriko gehiengo sindikalak eta karta osatzen duten eragile sozial andanak,  badakizkigu gure erkidegoaren mugak zeintzuk diren. Zergatik hartzen du kolektibo honek  borroka nagusi bezala Lan eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren aldarrikapena bestela? Baina inozoak ez gara, eta greba honen bidez mahai gaineratu ditugun aldarrikapenetan Jaurlaritzak beste paper bat jokatzeko gaitasuna duela badakigu. Borondate politikoko kontua da.

Jaurlaritzak erkidegoan 1.080 eurotara iritsi ez, eta bizitza duin bat ahalbideratzen ez duten pentsioak osagarri ekonomiko baten bidez duindu ditzake. Horretarako aukera paregabea izan du aurrekontuetan, dirua egon badagoelako, baina aukera honi muzin egin dio, astelehenero erkidego honen herritarrak diren milaka eta milaka pentsiodun kalean baditu ere!

Jaurlaritzak, bere eremuan, nahiz instituzioek azpikontratatzen duten eremuetan, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezar lezake. Soldata arrakalaren aurrean, paper hutsean geratzen diren adierazpen hutsalak gaindituko dituzten neurri eraginkorrak ezar ditzake baita.

Eta hemengo patronalak? Ez al du eskumenik gehiengo sindikalarekin batera, lan baldintza duinak (1.200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lan astea, subrogazioa, soldata arrakalarekin amaitzeko neurriak) bermatuko dituen Akordio Marko bat negoziatzeko?

Urkullu Jaunak, eta bere euskal oasiaren mantrak, jendartea lokartzea besterik ez dute helburu. Baina Euskal Herriko jendartea lo egotetik urrun, oso esna eta mobilizatua dago. Pentsionisten borroka, gazteen indarra, mugimendu feministaren mobilizazio ahalmena, zein lan munduan ematen ari diren borrokak ikusi besterik ez dago.

Guk argi dugu, orain arte dugun guztia borrokaren bidez lortu dugu, eta benetako LAN, BIZI eta PENTSIO DUINAK nahi baditugu, horiengatik borrokatzea da gure erantzukizuna.

Horregatik, agintari politikoek bere erantzukizunei muzin egiten dioten bitartean, jendarteak U30ean Euskal Herriko eta Aiaraldeko kaleak hartuko ditu!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide