aiaraldea.eus

Belandian jaio al zen Juan de Garay?

Erabiltzailearen aurpegia Jose Mari Gutierrez Angulo   Historia

Urduñako Aintzinako Andra Maria ikastetxeko LH 6. mailako BERRIKARIAK taldeak Juanjo Hidalgori egindako elkarrizketa.  

Urduñako Aintziñako Andra Maria ikastetxean BERRIKARI talde batzuk daude: LH 4., 5. eta 6. mailetan talde txiki bana. Talde hauetan aritzen direnek borondatez egiten dute. Taldeen helburua Urduñako leku berezien historia eta herriarekin zerikusia duten gizaki ospetsuen eta historikoen egindakoa ezagutzera ematea da.
 
LH 6. mailako BERRIKARIAK taldeak aukeratu duten gaia “Juan de Garay” izan da. Hiru galdera izan dira egindako lanaren abiapuntua: Nor izan zen Juan de Garay? Non jaio zen? Zer egin zuen?
 
Bilbon, Santurtzin, Barakaldon, Gasteizen …, Juan de Garay izeneko kaleak daude. Urduñan, izen horrekin enparantza bat izateaz gain, gure herrian jaio zela esaten dugu; egia da?
 
Juan de Garay
 
 
Kaixo, lagunak. Gaur LH 6. Mailako berrikariok hurbildu gara txoko honetara: Hirune, Inés, Ainhitz, Igone, Nagore eta Iraide. Urduñakoa omen zen pertsonaia historikoari buruz hitz egingo dizuegu: Juan de Garay.
 
Baina saioa prestatzeko bilatu dugun informazioetan ez da argi geratzen non jaio zen pertsona hau. Hau argitzeko eta gehiago jakiteko aditu batekin jarri genuen harremanetan. Juanjo Hidalgo da, arkeologia eta historian aditua. Aiaraldeko edo Nerbioi garaiko historia eta kulturari buruz asko idatzi du eta hitzaldi ugari eman ditu; horrez gain hainbat aztarnategi arkeologiko indusketetan ardura izan du.
 
Berrikariak (Bk). Ongi etorri gure saiora, Juanjo. Esan digute zure espezialitatea historia dela, eta oso gustukoa duzula arkeologia. Noiz sortu zitzaizun zaletasun hori?
 
Juanjo Hidalgo (J.H.). Egia esan txikitatik maitemindu nintzen antzinako historiarekin, baina nerabean izan zen aurkitu nuen nire txokoa, mendizaletasunarekin batera eta hemengo kultura etnografikoari lotuta. Baina arkeologiari dagokionez, Historia ikasketekin batera sortu zitzaidan, eta hainbat aztarnategietan ibili izan nintzen praktikak egiten. Dena den, ogibide irakasle naiz, eta arkeologia ikerketak beti udaroan egiten ditut, eskola-ordutegitik kanpo. Aipagarrienetariko bat, 2006 eta 2007an eginiko Untzuetako gazteluaren inguruko indusketa, Aunia Kultura Elkartearen eta EHUren bitartez. Gero, 2009an hasi ginen Elexazar izeneko aztarnategiarekin, Amurrion kokatua eta erromatar garaikoa.
 
(Bk.) Goazen harira. Juan de Garay-ri buruz lan bat prestatzen ari ginen, eta Belandian bere izena duten baserrien hondakinak ikustera joan ginen. Esaten digute leku horretan jaio zitekeen. Ziurtatu ahal da hori?
 
(J.H.) Zoritxarrez ez. Urduñan jaioa zelaren esateari dagokionez eta etxe horretako leku-izenari dagokionez pentsatu ahal izan da bertakoa zela, baina ezin da modu zuzenean ziurtatu, bataio-dokumenturik ez baitago. Gainera, "las casas de Garay" izeneko tokian geratzen den eraikin bakarra ez da XVI. mendekoa, eta han zegoena soilik arkeologia-indusketaren bidez jakin daiteke.
 
(Bk.) Bataio-agiririk ez da aurkitu Juan de Garay-ren jaiolekua ziurtatzeko; baina ez al dago beste biderik jakiteko non jaio zen?
 
(J.H.) Jakin badakigu 1535. urtean izugarrizko sutea piztu izan zela Urduñan eta bataioen eliza-erregistroaren zati bat betirako galdu egin zela, eta horrekin batera gure pertsonaiaren datu zehatzak. Beraz, Juan de Garayren jaio-urtea ez dago jakiterik. Onartuena, 1528. urtekoa da, baina aurreko urtean edo ondorengoan ere gertatu ahal izan zen, beraz kolokan dago, eta kronologia-tarte horretan kokatu baino ez dugu. Juan izenari dagokionez bai pentsatzen da jaiotegunaren ondorioa zela, hau da, San Juan Bautista egunean (ekainaren 24an) edo ondoko egunetan jaioa zelako, leinu nobleetan ohikoa zen bezala.
 
(Bk.) Villalba de Losa herrian monumentu bat daukate, 1980an eraikia; Urduñan enparantza bat daukagu Juan de Garay izenarekin. Bi herrietan esaten dugu gurean jaio zela. Azaldu ahal diguzu non dauden aldeko eta kontrako argudioak kasu bakoitzean?
 
(J.H.) Lehenengo eta behin esan behar da pertsonaia dela goraipatu eta baloratu behar duguna, ez jaioterria. Dena den, bertsio bi dira. Villalba de Losa herrian jaio izanaren aldekoa, Paul Groussac-ek zuzenduta, eta Urduñan jaio izanarena, Mendiburuk eta Enrique de Gandiak bideratuta. Egia esan, Urduñan gertatzen den bezala, Villalban ere ez dago Juan de Garayren bataioen erregistrorik, baina Urduñan gertatu ez zen bezala, Villalban bai kontserbatzen direla garaiko bataio-erregistroak. Beraz, alde horretatik berdinketa dugu. Baina bigarren bertsioa defendatzen dutenek, gure pertsonaiak zazpi urte zituenean Villalbara abiatu izan zela Urduñako 1535eko sutea zela eta diote (1).
 
Hau esanda ere, nire ustez, Urduñan jaio izanaren aldeko arrazoirik inportanteena Juan de Garayren senideak Urduñarrak zirela, eta haiek eraman zutela Villalbara Urduñan gertaturiko suteak bultzatuta. Horretaz gain, 'de Garay' abizen horrek beti jatorria adierazten du, eta lehen aipatu duzuen bezala, badago Urduñan horietako leku-izenen bat, Garai edo hobeto esanda, "las casas de Garay" dokumentatua.
 
Juanen senideen artean Pedro Ortiz de Zarate (2) izen-abizeneko osaba urduñarra dugu, Juan de Garayren heziketaz arduratua, bere ama Lucía, ezkongai, haurdun geratu izan zen eta (3). Urteak pasa ondoren amak Martín de Garay ezagutu zuen eta berarekin ezkondu. Ohikoa ez bazen ere, senarrak zintzo jokatu zuen eta gure Juan, mutil koskorra, propio balitz adoptatu zuen eta bere abizena Garay eman ere egin zion.
 
Dirudienez, 1535eko suteak bere osaba Pedroren etxe-jauregia erre egin zuen, eta ondoren, Villalban zituen beste etxeetara joan behar izan zuten. Beraz, Juan de Garay amaren familiarekin, bere osaba-izeba eta lehengusuekin, Villalbara bizi izatera joan izan zen (4).
 
(Bk.) Juan de Garay Amerikara joan zenean oso gaztea zen; ospe handia badauka Amerikan egindakoagatik da. Zergatik joan zen Amerikara?
 
(J.H.) Bai, 1543an, 15-16 urte zituela bere amaren familiarekin Peruko Birreinatora joan izan zen, bere osaba Pedro Ortiz de Zarateri goi-kargu bat eman ziotelako (5). Orduan, esan daiteke, Juan de Garay ez zela motu proprio joan, baizik eta osabaren eskutik eta familiarekin batera.
 
1543ko azaroaren 3an Sanlucar de Barramedako portutik irten ziren Kanarietara abiatuta, eta handik, Atlantiko ozeanoa eta Karibe itsasoa gurutzatuz, Erdiko Amerikan kokatzen zen Nombre de Dios izeneko portura heldu ziren 1544ko urtarrilaren 10ean. Handik, Panamá hiriburura, baina ez dago argitzerik zergatik atzeratu zuten helduera, zeren eta Limara ez ziren 1544ko irailaren 10era arte iritsi.
 
(Bk.) Irakurri dugunez Liman hasi zen bere Amerikako abentura, eta 40 urte eta gero Buenos Aires hiritik hurbil hil zen. Luzea bazen ere, laburtu genizuke Juan de Garayren abentura?
 
(J.H.) Limako Birreinatoa oso gorabeheratsua zen eta berehala gaineratu ziren Blasco Núñez Vela eta Gonzalo Pizarroren arteko tirabirak, gerra zibil batera helduz. Pedro Ortiz de Zarate Virrey-ren alde agertu zen, baita Juan de Garay ere, osabari beti fidel. 1547an zendu zen Pedro osaba, eta Juan, 19 urteko mutila, zer egin jakin barik geratu zen. Martín de Roblesek, kapitaina eta euskalduna, konbentzitu zuen Juan de Garay armadan sartzeko matxinatuen kontra eta Pizarroren kontra. Eta horixe izan zen, soldadu ona bilakatuz. Horrela parte hartu zuen hainbat batailetan.
 
1549an Juan Núñez de Pradoren espedizioan ibili zen eta pertsonai ospetsu batzuk ezagutu ere, esate baterako Francisco de Aguirre, baita Tucumán eta Charcas lurraldeak. 1567an kapitain izendatu zuten Juan de Garay, Paraguay probintziara biztanleak eramateko eskatuz. 1568an "alguacil mayor de las provincias del Plata" izeneko kargua eman zioten. 1573ko apirilaren 3an, Rio de la Plata y del Paraguay lurraldeetako gobernadoreak agindu zion Garay-ri Paraná izeneko ibaitik espedizio bat egiteko hiri berri bat sortzeko xedearekin. Horrela, Asunción izeneko hiria lotuko zela itsasorako irteera zehatz batekin, hiri berri horretan oinarritua, geroko Santa Fe hiri ezaguna (6). 'Teniente de Gobernador de Santa Fe' kargua ere hartu zuen. 1577an 'Teniente de Gobernador General de todas las provincias del Río de la Plata y del Paraguay' izendatu zuten Asunción hirian.
 
Hurrengo urteetan Juan de Garay han hemenka ibili zen, Santa Fe, Asunción eta Buenos Aires zonalde horretako hirietan. 1583ko martxoan, Buenos Airesetik Santa Fe-rako ibilbidetik zihoazela urmael ezezagun batean sartu ziren txalupa sorta bat eta gaua pasa ahal izateko gelditzeko agindu zuen Garayk. Baina Querandiar etniako eraso batek Juan de Garay hil zuen, frantziskotar bat, emakume bat eta hamabi soldadurekin batera.
 
(Bk.) Buenos Aires hiriko bigarren fundazioa Juan de Garayk egin omen zuen. Zergatik fundatu zen bi aldiz?
 
(J.H.) Inondik inora, ez ba, ez zuen bi aldiz Buenos Aires fundatu. Gertatu zena ulertzeko erreza da. Pedro de Mendoza, 1536. urteko urtarrilean, 14 itsasontzi, 1.500 bat soldadu, eta emakume gutxi ekarriz iritsi izan zen Rio de la Plata ingurura. Ondorengo egunetan, otsailaren 3an, "Santísima Trinidad y el puerto de Nuestra Señora de los Buenos Aires" deituriko hiria fundatu egin zuen. Baina askotan, fundatzea erreza da, eta aldiz, fundazioa zutik mantentzea, zaila. Eta hori da gertatu izan zena. Querandiar etniako etengabeko erasoek porrot eginarazi zioten bertan eginiko fundazioari, baita elikagaien eskasia eta izurriteen agerpenak. Beraz, konkistatzaileek eta haiekin joan ziren biztanleek alde egin zuten, bertara eramandako behiak, zezenak eta zaldiak libre utziz. Badira hortik irakurtzeko dokumentu ikaragarriak, jendea goseak jota, bizirik irauteko zapataren larrua jan behar izan zutela, eta denetariko animaliak, jangarriak eta ez jangarriak.
 
Urte mordoak pasa eta gero, Juan de Garay iritsi izan zen Río de la Platara, 62 gizon eta emakume batez lagunduta, eta 1580ko ekainaren 11n Garay-k behin betikoz fundatu zuen Buenos Aires, Plaza Mayor izenekoan 'rollo jurisdiccional' jarriz, gaur egungo Plaza de Mayo deitukoan (7).
 
Garai hartako Buenos Aires gaurkoarekin konparatuta askoz txikiagoa zen, noski, kale gutxi batzuk eta ekialdean Río de la Platak mugatua. Baina bazen Buenos Aires eta bakar batean fundatuta, lorpenak kontatzen direlako eta ez okerrak.
 
(Bk.) Gure saiorako Juan de Garay aukeratu dugu, Urduñan jaio zela egiatzat hartuz. Baina hori ez omen dago bat ere argi. Gainera ia bizitzako hiru laurden Amerikan eman zuen, eta han egindakoagatik ezagutzen dugu. Beraz, nongoa da? Zuk esango zenuke hemengoa dela?
 
(J.H.) Zaila da esatea. Bada Historian jende asko jaio zen tokitik mugitu ez denik, ea bizitza osoa toki berean emanik, edo inguruko kilometro gutxitan. Horiek bai, bertan jaioak, bertan bizi, lan eta bertan hil, urruneko lurrak ezagutu barik. Baina Historian ere migratzaileak izan oi gara, milaka euskaldun Ameriketara, XVI. mendetik XIX. mendera arte batez ere, eta gehienak Euskal Herrira inoiz ez bueltatzeko. Baina herrimina bai existitzen dela, lur maitea, askotan idealizatua, amets bat izango balitz, amets idilikoa, garbia, ukiezina …
 
Estatu Batuetako euskal artzainak beti daude Euskal Herriari begira. Nongoa dira ba? Hangoak hemengoak baino, urteak eta urteak han eman dituzte eta, baina haiek, behin eta berriz Euskal Herriari begira daude. Zergatik? Zaila da esatea. Gure ariman dago, tripetan ere bai, eta sentimendua gaineratzen denean negar egitea oso erreza da. Beraz, nongoa zen gure Juan de Garay? Urduñakoa, Villalba de Losakoa edo Amerikakoa? Erantzun zehatzik ez dago, baina berak bere burua bizkaitar ikusten zuen beti eta bere ondorengoek gauza bera egingo zuten. Horren harira Jerónima de Contreras izen-abizeneko bere alabaren bat dugu, "Juan de Garay era vizcaíno" esaten (8). Beraz, bizkaitarra. Gu ez gara inork kontrakoa esateko.
 
(Bk.) Oso gauza interesgarriak entzun ditugu; eskerrik asko, Juanjo. Urduñakoa izan ala ez izan, orain hobeto ezagutzen dugu Juan de Garay.
 
Ondo izan eta hurrengo arte!
 
1 Orduan, Juan de Garayk "soy natural de Villalba de Losa" esanarekin ez zuen bertan jaioa zela esan nahi, Gandiaren ustez, eta Alfonso X.ak idatzitako Las Siete Partidas izeneko liburuan argi eta garbi azaltzen da zeintzuk ziren leku jakin batetik "natural"-a izateko hamar arrazoiak, eta horien artean jaiotza bat baino ez da.
 
2 Urduñan 1485ean jaioa eta 1547an Liman zendua
 
3 MOYANO ALIAGA A., Juan de Garay y su descendencia, Fundación Vasco-Argentina Juan de Garay, 2007. Historialari honen iritziz, Clemente López de Ochandiano y Huciano nobleak Catalina Lucía de Mendieta bortxatu omen zuen, 12-16 urte zituela; horregatik jaioberriaz, Lucíaren neba, Pedro Ortiz de Zarate, arduratu zen.
 
4 Lehen komentatu dugun bezala, Fernández Díaz-en hitzetan (FERNÁNDEZ DÍAZ, A., Juan de Garay, su vida y su muerte, Ed. Banco Provincial de Santa Fe, 1973, página 10.), "Juan de Garay había sido natural residente de Villalba de Losa, según como figura el 8 de diciembre de 1568 en su nombramiento como alguacil mayor por Felipe de Cáceres", argi eta garbi adierazita dago 'natural residente' terminoak ez du bertan jaio zela esan nahi.
 
5 "Oidor de la Real Audiencia de Lima con el nuevo virrey Blasco Núñez Vela" hain zuzen.
 
6 Asunción hiriaren isolamendua apurtzeko esaera asmatu zuen gure Juan de Garayk, "Abrir puertas a la tierra" deiturikoa.
 
7 Juan de Garayren hitzak Buenos Aires fundatu zuenean: "(...) yo Juan García Garay, teniente de Governador y Capitán General y Justicia mayor y alguacil mayor en todas estas provincias, por el muy Ilustre el Licenciado Juan de Torres de Vera y Aragón, del Consejo de su magestad, y su oidor en la Real Audiencia de la ciudad de la Plata en los Reynos del Perú, Adelantado (...), y en lugar del dicho señor Adelantado Juan de Torres de Vera y Aragóon (...) estando en este Puerto de Santa María de los Buenos Ayres, hago y fundo una ciudad (…) La iglesia de la cual pongo su advocación de la Santísima Trinidad (...) y la dicha ciudad mando que se intitule Ciudad de la Trinidad".
 
8 URQUIJO IBARRA, Julio, Revue internationale des études basques , Vol. 18, p. 366, Ed. Biblioteca de la Gran Enciclopedia Vasca, año 1971.
 
 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa