UGT eta U30 greba

Erabiltzailearen aurpegia

2020-01-22an kaleratutako AIARALDEA hemen aldizkarian U30 grebak leku handia hartzen du. Beste informazio eta iritzi artean UGTko Raul Arzarena irakur daiteke (gaur aiaraldea.eus-en ere argitaratu da). Egiten duen adierazpenik harrigarriena hau da: UGTk ez du bat egiten grebaren edukiekin. Zerekin eta edukiekin!

Bere burua klase sindikatutzat duen sindikatu bat, klaseko pentsamolde batetik bakarrik sor daitezkeen aldarrikapenen aurka dago. Pena da eskaera bakoitzaren aurka dituen arrazoiak ez zehaztea; zehaztapen horrek agerian utziko luke mozorroaren atzean ezkutatzen den benetako aurpegia.

Arzak esaten du denaren eta denon aurka egiten dela greba. Ematen du ez dituela irakurri Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren eskabideak. Lan, pentsio eta bizitza duinen aldeko greba da; hots, denaren alde. Eta, denon aurka? Honek berriro uzten du agerian zer dagoen mozorroaren atzean. Ikus dezagun. Hauek dira grebaren alde daudenak: euskal gehiengo sindikala, pentsiodunen eta gazteen mugimenduak, aurreko talde guzti horietan aritzen den mugimendu feminista, GKE-ak …; bi hitzetan: ezker soziala. Grebaren kontra daudenak: eskuin muturra, eskuina, ezker izenarekin politika neoliberalak suspertzen dituzten alderdiak, eta hauei laguntzen dieten hipotekatutako bi sindikatu espainiarrak.

Gehiago oraindik esaten du: “Arazoak ez duela euskal soluziorik”. Orduan bidea jorratu behar dugu euskal soluzioa bilatzeko. Ez ba dugu eskuduntzarik, tresnarik eta burujabetza ekonomikorik bestelako politika sozioekonomikoak bermatzeko, argi dago burujabetza prozesu herritar bat suspertu behar dugula. U30 greba mobilizazio sozial indartsu baten emaitza da; burujabetza prozesu horren oinarriak hor egon daitezke.

UGTko idazkari nagusiak gehitzen du ez duela ulertzen deialdia gobernu aurrerakoi bat dagoenean. Fidatzekoa al da urte eta erdi baino gehiagoan PPren lan erreforma indargabetzeko promesa bete ez duen gobernuburu bat? Fidatzekoa al da Bruselara bidalitako Erreforma Planean "Austriako motxila" ezartzea planteatzen duena?

Ezin dugu Godoten esperoan egon. Gure jarduera ez da egote hutsa izan behar. Ekintzarik-eza ezinezkoa da dagoeneko.

Gaur dela 9 urte hain zuzen ere, pentsio erreformaren kontrako lehenengo greba orokorra egin genuen Galizan, Katalunian eta Hego Euskal Herrian; estatuko beste leku batzuetan manifestazioak egin zituzten. Baina benetan deigarria dena hau da: egun berean (2011ko urtarrilaren 27an) PSOEk, CCOOk, UGTk eta CEOEk sinatutako Akordio Sozial eta Ekonomikoaren berri eman zuten. Akordio hark Zapateroren proposamenak ontzat ematen zituen, besteak beste jubilatzeko adina 2 urte atzeratu eta pentsioak jaitsarazteko beste neurri larri batzuk.

Arza ez da lekuz aldatu; bazegoen neoliberalismora konbertituta. Orain kategoria berri bat eskuratu du eta bere zeremonietan liturgiaburu izatea uzten diote.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide