ERREPORTAJEA

Autismoa eta konfinamendua, kalera irtetzeko beharra eta etxean geratzeko nahia

Bikendi Artarazek, adibidez, nahiago du etxean geratu kalera irtetea baino. / Esther Diego

Autismoaren espektroko nahasteak (AEN) dituzten pertsonen artean haien artean erabat desberdinak diren kasuak aurkitu daitezke, pertsona bakoitzak behar espezifikoak baititu. Bikendi Artaraz gazte laudioarrak, adibidez, ez du etxean geratzeko inolako arazorik izan.

Kalera ateratzeari beldur, kalera ateratzeko beharra. Klasera bueltatu behar ez izatearen poza, etorkizunaren ezjakintasunari beldur. Autismoak sintoma espektro oso zabalak biltzen ditu eta baliteke haien artean kontraesankorrak izatea kasu batzuetan. Berrogeialdian oso entzuna izan da balkoietatik jasandako irainak ekiditeko ama batek autismoa zuen semeari jarritako tira urdinaren kasua, estatu osoan eztabaida digitala bultzatu zuena. Baina, nahiz eta bere semeak kalera ateratzeko beharra izan, ez da beti horrela.

Bikendi Artaraz laudioarra, adibidez, etxean geratzeko inolako problemarik ez dituen horietako bat da. Bere amak, Esther Diegok, ziurtatu duenez, “poz-pozik” dago Artaraz, erabat lasai eta “denboraren noziorik gabe”, irakurtzen eta interneten murgilduta pasatzen ditu eguneko ordu gehienak. Dena den, goizero klase telematikoak eman behar ditu eta arratsaldeetan bizikleta estatikoan kirola egiteko ohitura hartu du, “behartu dudalako, baina” zehazten du Diegok. Semea izatea ere gogorra da zenbaitetan.

Autismoa duten pertsonen artean dagoen kalera irtetearen edo etxean geratzearen arteko dikotomia horren inguruan ere mintzatu da Raquel Sedano Apnabiko (Bizkaiko autismo elkartea) psikologoa. Batzuek kalera irteteko beharra sentitzen dutela dio, "este batzuek, ordea, etxean geratzea dute nahiago". Arrazoiak, ugari. Artaraz eroso sentitzen da, baina beste askok beldurra dute teilatupean geratzeko arrazoi nagusi, arauak apurtzeko beldurra kasu. Noski, autismoaren sintometako bat pentsamolde zurruna da, arauak erabat betetzeko daude haientzat.

Errutinak mantentzea funtsezkoa da autismoa duten pertsonentzat, aldaketek antsietatea eta ezinegona sor dezakete. Berrogeialdiaren lehenengo edo bi asteetan asko izan ziren bat-batean tokiz kanpo aurkitu zirenak, Sedanok adierazi arabera. Epe hori igaro eta gero, errutina berriak hartzen hasi ziren, etorkizuna kontrolpean mantentzen saiatzeko beharrarekin.

Pentsamolde zurruntasun horrek hainbat egoera erabat ez ulertzea eragiten du ere. Esaterako, kaleko arropak etxean janztea gomendatzen dute Apnabitik. “Malgutasun faltak lana zailtzen die, askok aktibitateak pertsona konkretu batera edo egoera konkretu batera lotzen dituztelako”. Teknologia berriek hainbat onura dituzte konfinamendu egoeran, baina pantailekiko gehiegizko esposizioa ere kaltegarria da; hau erregulatzea oso garrantzitsua da haien egonkortasuna bermatzen saiatzeko. Kontrola galtzeak berrogeialdia amaitzean erabateko joera aldaketa sortzea eragingo luke.

Errutinak finkatzeko behar horrek berebiziko garrantzia du umeen kasuan. Bakarkako eta familiako aisialdi ekintzak eta kirola egiteko ohitura hartzea gomendatu ohi du psikologoak, baita kontaktu soziala mantentzen saiatzea ere. Dena den, konfinamenduaren luzapenak beste motatako emozioak sortzen hasia dela gehitu du: “Beldurra, ezinegona, ezjakintasuna, tristura eta abar”. Noski, pertsonaren arabera sintoma hauek bortitzagoak ala leunagoak izango dira, baina haserrealdiak eta jokabide bortitzagoak izaten hasiak diren hainbat ume tratatu behar izan dituzte Apnabin.

Etxean goxo
Haien ongizaterako gakoetako bat da, beraz, egoera kontrolpean dutela sentitzea. Artarazen lasaitasunaren arrazoietako bat, esaterako, kalera atera ez izana dela uste du bere amak. Ez ditu maskarekin babestutako aurpegiak oraindik ikusi, ezta latex eskularruekin tapatutako eskuak ere. Gurasoek ez dakite zer motatako erreakzioa izango  duen semeak: “Baliteke izutzea, edo barre egitea, baina ez dakigu zehatz mehatz zer motatako erreakzioa izango duen, egoera erabat berria baita denontzako”. Urduriegi jartzean bere buruaren kontra jotzen du Artarazek, atzamar bat tenkatzen du eta mihia koskatzen du, haragi bizitan utzi arte. Kontrola berreskuratzeko era bat da berarentzako, gorputzarekiko kontaktua bermatzeko modu bat.

Zurruntasun horren barruan, ohiturak apurtzeko beharra ere badago zenbaitetan. Hor, Apnabiko psikologoaren esanetan, oso baliabide ona da kalera irteteko aukera izatea. Hala ere, askotan, lehenengo paragrafoan aipatutako faktore bat sartzen da jokoan: Jendearen beldurra. Beldur horrek balkoietatik kalean ibiltzen zeuden pertsonak iraintzea ekarri du, adibidez. Noski, irainak jasotzea kaltegarria izan daiteke autismoa duten ibiltarientzako, antsietatea eta beldurra handituta.

Egun batzuk geroago, Artaraz etxetik irten behar izan da ospitalera joateko, osasun berrikuspena egitera. Arrisku taldekoa denez (bihotzeko eta giltzurruneko arazoak ditu), maskara jarri behar izan du, nahi eta nahiz ez. Hala ere, ondo hartu duela eta inolako kexarik jarri ez duela komentatu du Diegok. Artarazek, bestalde, etxean geratu nahi duela gehitu du, ez duela kalera bueltatzeko gogorik. Kalean ez da izutu, baina badaezpada nahiago du etxean goxo egon.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide