aiaraldea.eus

Gerra plastikoari

Erabiltzailearen aurpegia La Milagrosa Laudio   Hezkuntza
Gerra plastikoari

Erabilera bakarreko plastikoak murrizteko eta ozeanoetara milioika tona plastiko iristea eragozteko helburuarekin, La Milagrosa Ikastetxeak "Plastikorik gabeko patioa" proiektua jarri du abian, ingurumena zaintzeko bere harea-granitoa emateko.

Proiektuaren helburua da hamaiketakoa tartera edo oihalezko poltsa gisa berrerabil daitekeen ontzi batean ekartzea, eta fruta, fruitu lehor eta zizka-mizka osasungarrien kontsumoa lehenestea opil industrialen gainetik. Modu horretan helburu bikoitza lortzen da: plastikoen kontsumoa murriztea eta sasoiko fruten kontsumoa handitzea.

Lehen asteetan arrakasta izaten ari da proiektua, ikasle gehienek tartera batean ekartzen dute hamaiketakoa nahiz eta oraindik zenbaitek tarteraren barruan plastikozko poltsatxoa gailetekin ekarri. Kasu horretan, ikasleek poltsatik atera behar dituzte gailetak, eta plastikozko bilgarria ikasgelaren atzealdean dagoen kutxa batean utzi. Hor, plastikoak pilatzen joaten dira astean zehar, ostiraletan, zenbaketa egiten den arte, zenbat hondakin sortu diren ikusteko. Datu horiek guztiak ikasleek ikusteko moduko taula batean idazten dira, eta, horrela, kontzientziatu egiten dira.

Ostiraletako azken orduan, patruila berdea osatzen duten ikasleak eskoletatik pasatzen dira plastiko guztiak jaso eta edukiontzi horira eramateko.

Kalkuluen arabera, 8 urteko haur bakoitzak urtean 30 kg plastikozko zabor sortzen du, hamaiketakoa eta askariarekin bakarrik. Kontuak ateratzen dituzte, 30 kg 20 umeko klasean, 600 kg zabor… zifrak beldurtu egiten ditu.

Egunez egun kontzientziatzen doaz, eta hasieran berrikuntza zena pixkanaka ohitura bihurtzen doa. Ikasturte amaieran, hondakin gutxien sortu duen gelak sorpresa bat hartzeko aukera izango du.

Ekimen honen alderik positiboena, pauso hori emateak, familia asko etxean ere ohitura batzuk aldatzen hastera eraman dituela da. Guraso asko ikusten da askaria oihalezko poltsetan eta tupper-etan ekartzen, lehen albalpapera, plastikozko bilgarriak eta edangarriak nagusitzen zirenean.

Ikastetxeak berak aldaketa garrantzitsuak egin ditu: irakasleek kristalezko edo aluminiozko botiletan eramaten dute ura, eta jarduerak antolatzea pentsatzen denean, kontuan hartu beharreko gaia da, eta horri garrantzia ematen hasi zaio.

Patruila berdea
Patruila berdea joan den ikasturtean hasi zen martxan. Ikasleak txandaka joaten dira, eta jolasetan zehar jolastokira ateratzen dira txaleko berdearekin, eta dena behar bezala egoteaz arduratzen dira: geletako argiak itzalita, komunetako txorrotak itxita eta patioan zabor guztia dagokion tokian. Ikasturte amaieran diploma bat jaso zuten, egin zuten lan handiagatik.

Keinu xume batekin, txikienak beren adibidearekin erakusten ari dira ohitura onak hartuz mundu iraunkorrago bat posible dela.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa