aiaraldea.eus

Material berrerabilgarria, proiektu pedagogiko bihurtuta

Erabiltzailearen aurpegia Laudio Ikastola   Hezkuntza

Laudio Ikastolak abian jarri du Hik Hasi, Euskal Heziketarako egitasmoak, sustatutako “Birsortu” ekimena Haur Hezkuntzan, Italiako Reggio Emilian abian den “Remida” Birziklapen Sortzaile Zentroan oinarrituta. Jatorri anitzeko materialen berrerabilpena hezkuntza jardunaren egunerokoan balioan jartzean datza proiektua.

Material berrerabilgarria, proiektu pedagogiko bihurtuta
Elementuekin esperimentatzean datza Haur Hezkuntzako metodologiaren zati handi bat. / Laudio Ikastola | Ikusi handiago | Argazki originala

Birsortu da Laudio Ikastola, tresna eta proiektu berrietan oinarrituta. Hain zuzen, Haur Hezkuntzako etapan material berrerabilgarriekin lan egiteari ekin diote, “Birsortu” egitasmoa ardatz hartuta. “Birsortu proiektua sormenean eta berrerabilitako objektuen ikerketan oinarritutako proiektu kultural, pedagogiko eta jasangarria da”, adierazi du Izaskun Goitia Haur Hezkuntzako arduradunak. Prozesuaren bidez, kontsumo arduratsua eta inklusioa sustatzen dihardute. Nola, baina?

Euskal Herriko hezkuntza esparruan erreferentziala den Hik Hasi egitasmoak garatu duen proposamena da “Birsortu”. Ekimen berritzaile hau Italiako Reggio Emilian sortutako “Remida” Birziklapen Sortzaile Zentroan oinarrituta dago. Bere garapenerako esperientzia pilotu bat zabaldu zuten hainbat ikastetxeren artean Hik Hasiren gidaritzapean,  eta emaitza onak ikusita, egitasmoan sakontzea erabaki du Laudio Ikastolak: “proba pilotua egiteko gonbita luzatu ziguten, eta horrela sartu ginen gu. Iaz izan zen hori eta aurtengo ikasturtean erronkarekin jarraitzea erabaki dugu”.

Emaus-ekin lankidetzan
Ekimenera batu diren ikastetxeek material berrerabilgarri andana behar izan dute eta horretarako ekonomia sozial eta solidarioa sustatzen duen Emaus Gobernuz Kanpoko Erakundearen lankidetza izan dute biltegi komuna sortzerako orduan, altzari, arropa eta bestelako materialen bilketan duten urteetako eskarmentua hezkuntza esparrura ekarriz.

“Birsortu” izena jarri diote ekimenari, eta haurren onurez gain familien parte hartzea azpimarratu dute. Kartoia, plastikoa, egurra, aluminioa, zuntzak eta zeramika bezalako materialak dituzte lanabes. Zertarako, ordea?

Orotariko materialak erabiltzen dituzte umeekin, “pertxak, tenis pilotak gordetzeko ontziak… Egunerokoan erabiltzen diren materialekin kontaktua izatea eta sormena piztea da gakoa”. Bete, hustu, eskegi eta beste hamaika jolas sortzen dituzte haurrek horrela. Gauzak hala, sormena bihurtu dute lanabes, eta eguneroko materiala ikasgai. "Adin-etapa honetan kantitatea garrantzitsua da, bildumak osatzen aritzea. Denek behar beste material izatea gakoetako bat da".

Izan ere, Euskal Herri mailako programa izanik, Gipuzkoan dute biltegi komuna, eta bertotik lortutako materialekin batera familiek ekarritakoak ere erabili dituzte: “Debagoienan dago Hik Hasiko Birsortu programan gabiltzanon biltegia, baina kantitate gutxi iritsi zen iaz, eta gurasoen parte hartzea eskatu genuen gutun bidez proiektua azalduta. Emaitza oso ona izan zen”.
Modu horretan lortu dute hezkuntza komunitatea aktibatzea, “familia batzuk ohitura dute kartoizko tutu sendoak ekartzeko, iturginen hodiak kasu”.

Egunerokotasunean hezteko eta esperimentatzeko materialen inguruko gogoeta luzatu du zentzu horretan Izaskun Goitiak: “Laudio Txikin hasi ginen honelako esperientziekin material naturalen alde egiten. Umeek benetako objektuak izan behar dituzte, ikusi eta erabiltzen dituztenak”.

Haur Hezkuntzako basoa, jolastoki

Haur Hezkuntzako eraikinen aldameneko basoa jolasteko eremu bihurtu dute. “Hesia zabaldu dugu, umeek naturarekin kontaktu gehiago izateko”, adierazi du Izaskun Goitia arduradunak.
Jolastokia basora zabaltzeko apustua, ingurumenaz gozatzeko egin dute, “zementu lurrean eta bestelako tramankuluekin bakarrik ez jolasteko”. Jolasteko eremuak hormekin, koltxoiekin  edo hesiekin inguratuta izaten dituzte haurrek normalean, “eta inolako oztoporik ez jartzen saiatu gara. Umeek bestela ez dakite mendian ibiltzen, arraro sentitzen dira belarrarekin lehen kontaktuan. Erditik erreka igarotzen denez erreka dagoenean, zulo handiagoa egokitu dute umeek... Makiltxoekin, aldapekin eta abar esperimentatzen dute. Guzti hori erronka da eurentzat, autonomia eta elkarri laguntzen ikasten dute eta. Bai umeak eta baita gu ere oso pozik gaude”.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa