“Egoera berri honek gauza berriak egitera eta asmatzera eraman gaitu”

Erabiltzailearen aurpegia

Laudio Ikastolako Bigarren Hezkuntzako ikasketa buruak, Igor Lujanbiok, Cuadernos de pedagogía aldizkariak Trilema fundazioarekin batera antolatutako irakasleen foroan parte hartu zuen apirilaren  30ean. Berton Galizia, Katalunia, Errioxa eta Madrileko ikastetxe ezberdinetako kideekin batera, COVID-19ak Hezkuntza alorrean eragindako egoeraren azterketa eta aurrera begirakoei buruzko solasaldia partekatu zuen.

Konfinamendu garai honek ezustean harrapatu gaitu guztiok. Nola ari zarete bizitzen zuek egoera berri hau? 

Errealitate anitzak daude, eta denetarik dago esparru guztietan. Okerren, ziurrenik, DBH 4 eta Batxilergoko 2.mailako ikasleak ari dira bizitzen. Garai erabakiorrak dira eta egoerak ez du ezertan laguntzen. Emozioak, agurrak, ikasbidaiak, erabaki-prozesuak… berez hau dena batera bizitzen duten garaian etorri da osasun krisi hau. Ez da erraza.

Etxealdiak gauza asko egin ahal izateko mugak ezarriko ditu, ezta?

Gu ez gara distantzian lan egitera ohituta dagoen zentro bat. Nahiago dugu ikasleekin aurrez aurre lan egin, eta orain… oso zaila da. Baina ez da ezinezkoa, egoerara egokitzen joan beharko dugu eta salbuespenezko egoera dela jakitun izanik, aurre egiten ikasteko ere balioko digu. Bizitzak berak horrelako ezusteak ere ematen dizkigunez, horiei aurre egiten ikasteko ere balioko digu, hortaz.

Zer egiten ari zarete zentro moduan, ikastola bezala, ikasleekin batera joateko?

Animikoki eta emozionalki elkar babesteko ahalik eta komunikaziorik handiena izaten ahalegintzen ari gara. Ikasleekin enpatizatzea da, gure ustez, gakoa. Horretarako tutoretza ugari, familia-bilerak eta abar burutu ditugu eta burutzen arituko gara. Ikasleen jarraipena egiteko tarteko ebaluazio-saioak egin ditugu Bigarren Hezkuntza osoan. Gure asmoa hiru ideia argiren inguruan lan egitea izan da. Bat, mezu ahalik eta argienak bidaltzea, adostutakoak, eta eraginkorrak; bi, enpatikoak eta gardenak izatea; eta hiru, ahal den heinean sormena garatzea.Azken ideia honen harira, “Sormenari so” izeneko proiektua garatu da.
 
Ebaluazioari erreparatuz gero zein zailtasun izango dituzue?

Galdera ona da. Ikusirik egoera “berezia” eta ezohikoa dela, ebaluazioari begirako gure proposamenak ere ezohikoak izango dira. Ezin dugu “ohiko” egoeran ebaluatuko genukeen bezala ebaluatu, egoerara moldatzeko lanean ari gara irakas-talde osoarekin, Ikastolen Elkartearekin eta Hezkuntza Saileko ordezkariarekin.

Eztabaida, mahai gainean jartzeko parada eskaintzen du, berriro ere, hala ere ezohiko egoera honek. Noiz arte mantenduko dute USE proba? Zergatik jarraitu ebaluazio kalifikatzailearekin? Noizko ebaluazio hezigarria? Osasun krisiak agerikoago bilakatu dezake eztabaida. Zentzu horretan, apurka-apurka, gu irakasle bezala ikaslearen bidelagun izatearen ideia errotzen ari gara, beheko etapetan garatzen hasi eta gorantz datorrena pixkanaka.

Datorren ikasturteari nola egingo zaio aurre?
Ziurrenik ezjakintasunarekin. Argi dago oraingo egoeran airean geratuko direla helburu didaktiko eta konpetentzien lorpenak. Hauek irailean ohiko egoeran hasten garenean, printzipioz horrela izatea espero baitugu, berrikusi eta indartu beharko da. Dagoeneko horretan ari gara lanean. Hau da, kurtso amaiera “berezi” hau antolatzen eta, era berean, datorren ikasturtearen hasiera adosten.

Konfinamenduan iritsi zaizue matrikulazio kanpaina. Nola egingo diozue aurre?

Honetan ere egokitu behar izan dugu. Ikasle zein familiekin gertuago egoteko eta ahalik eta informazio osatuena eskaintzeko, online bilerak egiten ari gara, banakako bilerak zein taldekakoak eskainiz. 

Bertan, ahalik eta informazio gehien ematen diegu ikasleei zein familiei, ikasleen ordenagailuak erabiltzen ari baikara harrementarako. Egoera berri honek, matrikulazio garaian ere, gauza berriak egitera eta asmatzera eraman gaitu. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide