aiaraldea.eus

[IRITZIA] Orain inoiz baino gehiago, GURE ESKU DAGO

Erabiltzailearen aurpegia Maider Urtaran Laresgoiti   Iritzia

COVID-19 a heldu da, eta ez dirudi berehalakoan joango denik. Hau esanda, lasai, ez dirudi ezta betiko geratuko denik gurean, nahiz eta Osasun Publikoko alorrean ez omen den ona aurreikuspenak egitea. Oraindik ere ez dago frogatuta Koronabirusari argi ultrabioleta gustatzen zaion edo ez, eta beraz, goiz da esateko udaberriarekin batera azkar joango den edo ez.

Dena den, Txina, Singapur edota Hong Kongenetik datozen irakaspenek erakutsi dute bertan hartutako neurriek izan dutela bere emaitza. Badirudi egun hauetan hartutako erabakiek ez dutela birusa hilko, baina bai ekidin dezaketela osasun sistemaren kolapsoa. Ez nago hain ziur baina zein beste kolapso eta gertaera ekidin ahalko diren baina. Oraindik (nik dakidanean behintzat) ez da erantzun publiko eta irmorik eman etxean bere erasotzailearekin konfinatuta geratu diren emakumeak* babesteko, osasun eskubiderik gabe dauden etorkinenek izan ditzaketen beharrak asetzeko, ezta menpekotasuna duten eta etxe komunitarioetan (baita familian) bizi diren pertsonen arreta eta ongizatea babesteko, besteak beste.

Munduan osasun publikoko krisi honek agerian utzi du, neoliberalismoak ezarritako indibidualismoan zaintza eta DENON BIZITZA erdigunean jartzea beharrezkoa dela. Esperantza dut egoera honek etorkizunean ere zaintza lanen garrantzia gizarteratu eta sozialki partekatzeko balio izango duela. Gaurdanik, bada, ari dira auzo eta herri ezberdinetan laguntza sareak osatzen. Bejondeizuela! Izan ere, inoiz baino beharrezkoa da sozialki antolatzea, denon artean zaintzak antolatzea eta zaurgarrienen gorputz-bizitzak zaintzea, ahotsik gabekoen beharrak ere agerian utziz. Koronabirusak ez du genero, kultura edota maila sozialez ulertzen, eta ez nituzke zalantzan jarriko gutako gehienak (%80ko portzentaia ere irakurtzera iritsi naiz!) kutsatuko garela diotenen adierazpenak.

Beraz, birus honen aurrean, estrategia bakar batek irabazi dezakeela ausartuko naiz esaten: denon osasuna babestearena, komunitatean eta elkar-zaintza oinarri, bakoitzaren ipurdia salbatu ordez. Geroz eta kutsatu gehiago egon, orduan eta aukera gehiago izango dugulako gutako bakoitzak kutsatzeko ere. Inoiz baino gehiago orain gutako bakoitzak dugu arduraz jokatu eta besteenganako zenbateko errespetua dugun demostratzeko aukera.

Izan estratega, #zaindu maite duzun hori; #geratu etxean, eta gogoratu herriak bakarrik salbatuko duela herria!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa