[IRITZIA] Koronabirusak ez digu denei berdin eragiten

Erabiltzailearen aurpegia
Laudioko anbulategia, iragan astean ateratako irudi batean. / Aiaraldea.eus

Pandemia garaian gauden honetan ere zer nolako mundua nahi dugun hausnartzea dagokigu.

Pandemiek nekez eragiten digute guztioi berdin. XIV. mendean hedatu zen Izurri-Beltzak, munduko populazioaren herena hiltzea ekarri zuen, pobrezia maila handienean zeuden horiek izan zirelarik kaltetuenak. Erdi Aroko Europan, Izurri Bubonikoak ere ondorio larriak izan zituen malnutrizio eta lan gehiegizko egoeran zeuden laborarien artean. Eta zazpi mende beranduago, prest al dago gaur egungo mundua -100 trilioi doar baino gehiagoko BPGa duena- izurrite bati aurre egiteko? COVID19ak zalantza ugari jartzen ditu mahai gainean.

Plazaratu berri diren ikerketa batzuek diote pandemia honek munduari 10 trilioi dolar baino gehiagoko kostua suposatuko diotela, nahiz eta momentuz denak ematen duen aldakorra eta zalantzaz. Zalantza gabe esan daitekeena da, hartzen ari diren, eta hartuko diren, erabaki politikoek izango dutela eragina gure etorkizun eta bizitzetan.  

Munduko ekonomiak %1a atzera egiten duela diotenean, 10 milioi pertsona baino gehiago pobreziara kondenatzen direla irakurri dut. Ez da baina argi esaten zer aurpegi duen pobreziara kondenatutako horrek. Eta ez nuke apustu egingo gizon zuriaren antza duela esanez. Kontuan hartu behar da ere, maila sozioekonomiko baxuenean dauden herritarrak direla gaixotasun kronikoak pairatzeko aukera gehien dutenak, eta beraz koronabirusaren aurrean zaurgarriagoak direnak.

Gainera, pandemia honek dakartzan langabezi tasen igoerak, baita ongizate soziala bermatuko duten laguntza eta politiken ahultzeak ere, osasun eta gizarte segurtasunaren bermea arriskuan jartzen ditu. Eta honez gain, ez dezagun ahaztu enpleguak ez lukeela inoiz pertsonon osasunaren, eta oro har osasun publikoaren, gainetik egon behar.

Aurreko beste pandemietan bezala, honetan ere mediku, erizain, zaintzaile eta osasun langileak izaten ari dira gaixotasunaren transmisio bektore eta kaltetu handienetariko batzuk. 2030. urterako, mundu mailan 15 milioi osasun langileren falta egongo dela aurreikusi dute.

Eta hala ere, ez dut zalantzarik egiten edozein mediku edota erizainek holako egoera batean prest daudela oso, ausardia eta kemenaz beren bizitzak arriskuan jarri behar badituzte ere, pazienteak ahalik eta hobekien artatzeko. Beraiek erakutsitako jarrera eta konpromisoak baina, ez digu baimenik ematen beharrezko diren babes neurrietan aurrezteko. Eta adibide bat jartzera ausartzen naiz esandako hau hobeto azaltzeko. Edozein estatuko zein gobernarik bidaliko lituzke bere soldaduak gerrara beharrezko babesgarri eta arma gabe? Ba horixe bera ari da gertatzen hemen. Soldadu gehiegitxo dago gure kaleetan eta arma gutxi ospitaletan.

Beste hainbat arlo eta sektoreri ere ari zaio eragiten Koronabirusak. Informazio kanal berrietara heltzeko arazoak dituzten pertsonei, Internet bidez ikasteko arazoak dituzten ikasleei, eta baita osasun zerbitzuetara heltzeko mugak dituzten horiei ere.

COVID19aren aurrean izaten ari den erantzuna, ezbairik gabe, ez da ekitatezkoa. Hilkortasun tasak eta bizitza osasungarri bat izateko aukerak modu ez proportzionalean suertatu dira historian zehar, eta behin ere historia errepikatzera kondenatuak gaudela uste dut. COVID19ak ekarriko dituen ondorioak ez dira denentzat berdinak izango, eta birusak errefuxiatuen kanpamentuetan, kartzeletan eta herrialde txiroenetan hedatzen jarraitzen duen bitartean, egoerak ez du hobera egingo. Munduko ekonomiak itotzen jarraitzen duen bitartean eta gobernuburuen programek industria eta merkatuak salbatzera jotzen duten heinean, inekitateak gora jarraituko du. Baliabideak nora bideratuko diren erabakitzea dagokigu, pertsonon arteko aukera desberdintasunak ezabatu eta denon ongizatea badugu helburu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide