IRITZIA

Osasuna gaixotasun eza baino gehiago da

Erabiltzailearen aurpegia
Iragan astean eginiko elkarretaratzeetako baten irudia. / Aiaraldea.eus

Osasuna gaixotasun eza baino gehiago da. Osasuna justizia soziala bermatzeko printzipioa da. Osasun sistemaz eta sistema sozial batez gain, osasuna, bizi garen testuinguru ekonomikoak, politikoak eta ingurune naturalak baldintzatua da, non lan eta bizitza duinek zuzenean eragiten duten. Dena den, esan gabe doa, osasungintza sistema unibertsal eta doakorik gabe, nola traba ekonomiko, sozial eta geografikoak eraitsi gabe, ez dagoela justizia sozialik. XX. mendean zehar ongizate sistemen garapenak Europan osasun sistema unibertsal eta doakoak sortzea ekarri zuen, garai haietako interes ekonomiko eta politikoen mesedetan. Giza baliabideen garrantziak eta langileen osasunak berma zezakeen bakarrik produkzioa ez etetea. Hau horrela izanik ere, zalantzarik ez dago honek bizi itxaropenean eta familien ongizatean izandako eragina.

90. hamarkadan, baina, korronte neoliberalek “estatuen ahultasunak” eta “merkatuaren efizientziak” goraipatuz, ongizate sistemen ahultzea ekarri zuen. Publikoa versus pribatua, inefizientzia versus efizientzia. Hori da saldu nahi izan digutena, guztion osasunarekin etekinak ateratzeko asmoz. Osasuna merkatuan erosi eta saldu daitekeen baliabide bat balitz bezala. 

Aurreko krisietan bezala, gaurko egoera behin ere aprobetxatzen ari dira publikoa dena, giza eskubidea dena, esku pribatuetara eramateko. Defizit publikoaren kontrolak, sistema publiko inefizienteen errelatoak, eta kudeaketa modu berriek pribatizazioa ekarri dute hein handi batean. Errelato hau baina, ez dago frogatuta. Are gehiago, ikusi izan da osasun zerbitzu batzuen azpikontratatzea kalitatearen kontra joan daitekeela. Erresuma Batuan, esaterako, ospitaleetako garbiketa zerbitzuen azpikontratatzeak infekzioen gorakada eragin zuen XX. mende amaieran.

EAEn gora egin dute azken urteetan seguru pribatuen kontratazioek, %9 2017-2019ko epean. Zergatik? Aurrekontuen murrizketek, baliabideen gutxiagotzeak eta honen ondorioz itxaron zerrenda handitzeak zerbitzu pribatuetara “ihesa” dakarrelako. Ordaintzeko aukera duenak nahiago du arreta arinagoa izateko poltsikotik ordaindu. Hori aldi berean zerbitzu publikoentzat arrisku handia bihurtzen da:  “Zertarako sistema publikoa, seguru pribatua badut?”. Diskurtso honi aurre egitea da gaur egun, nire iritziz, sistema publikoak duen erronka handienetariko bat.

Kalitatezko sistema publikoa behar dugu, bai osasungintzan, arlo sozialean zein hezkuntzan, pribatizazioek publikoa dena kaltetzen dutelako, eta biztanleen arteko desberdintasun sozialak handitzea dakarrelako.

Garai zailak datoz, badaude hemen. Eta honi aurre egitea dagokigu. Osasun sistema publiko indartsu baten alde egitea beharrezkoa da, eta berau deslegitimatu nahi dutenen aurrean jartzea. Zaintza politika publiko eta komunitarioak indartzea, gure aurrekoen borrokaz lortutako osasun sistema publikoa defendatzea. Kalitatezkoa, ez benefizentziakoa. Denona, ekitatezkoa. Hurbila eta komunitarioa.

Osasuna ez dagoelako salgai, kalitatezko osasun sistema baten defentsan, azaroaren 11n denok kalera!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide