IRITZIA

Laudioko zentsura: zentsura “modernoa”

Erabiltzailearen aurpegia
Iragan asteburuan zuritu zuten Altsasuko gazteen aldeko murala. / Aiaraldea.eus

Laudioko Udalak hainbat muralen margoketa iragarri zuen pasa den astean eta lehenengo margoketak Altsasuko gazte errepresaliatuak ezabatu ditu jadanik herrigunetik. 

Azken asteetan jakin izan dugu Laudioko Udalak herriko itxura "modernizatzeko" asmoa duela hainbat mural artistikoren bitartez. Laudio "soineko berriz" janztea omen da helburua. Eta ezin ukatu hitzez hitz ari direla betetzen agindutakoa.

Lehenengo biktima: Altsasuko gazte errepresaliatuen alde egindako murala. Kasualitate kosmikoa. Mural honen gainean egin dute ikusi dugun lehen mural “modernoa”. Laudioko artista batek atzera egin zuenez hori margotzeko, erakundeak udalerritik kanpo bilatu ditu beste sortzaile batzuk, zeinak larunbatean azalpenak eman behar izan zizkieten hurbiltzen zitzaizkien herritarrei. Langile hutsak direla eta… artista hutsak, bai horixe!.

Esan bezala, Laudioko Udalak herri berria eta modernoa nahi du: gatazkarik, memoria eta elkartasun izpirik gabekoa, alegia. Aseptikoa, eurentzat erosoa eta menderatzeko erraza.

Horretarako, zentsura hitza itsusi samarra denez, hobe "modernizazioa" aipatzea, eta modu zitalenean, herritarren partaidetza bilatzea. Udalak ez du herritarren iritzia nahi izango kontu erabakigarrietan, baina bere zentsura maniobretarako, gustura erabili ditu laudioarren marrazkiak eta ideiak. Zentsura laudioarra, tokikoa.

Edonola ere, zentsura mota hori ez du Laudioko Udalak asmatu. EAJ eta PSE-EEren gobernu taldeak aurrekari nahikoak izan ditu herritarren aldetik ere. Zenbait adibide argi ditugu berriki emandakoak.

Hasteko, Juan Ibarrolaren biografia liburuaren aurkezpenean Kofradiako zenbait kidek gaitzetsi zuten Kepa Barañanoren hitzartzea, Gerra Zibileko errepresioa gogora ekartzeagatik. Antza, Kofradiak berak gonbidatutako guardia zibil batzuek ospa egin zuten ekitalditik horren ondorioz. Ez dugu hau lehen aldia historiatik zapalkuntzaren arrastoak ezabatzen direla. Amalur Fundazioak egindako liburuetan Laudioko historiari buruz, Frankismoaren errepresioaren berririk ez dago, esaterako.

Jarraitzeko, kezkatzekoa da ere "La ventana de Laudio" Facebook taldea bezalako ekimen herrikoi bezain zentsurazalea, non kutsu aurrerakoia sumatzen zaion edozein gatazka (feminismoa, lan gatazkak, errepresioa...) ezabatzen den "politika" dela argudiatuta. Noski dela politikoa. Bizitza honetan aukera GUZTIEK esanahi politikoa baitute.

Aspaldi dakigu honen guztiaren atzean zer ezkutatzen den. Gizarteko indar atzerakoiek ez dute gogoko gatazka eta ez dute gogoko euren arauetatik ateratzen den inor ezta ezer. Talkak eta borrokak bakarrik erakutsi baitute historian aurrera egiteko gaitasuna. Haiek tamalez, nahiago dute errealitate idiliko eta faltsua proiektatzea, Laudioren kasuan, iragan sasi-folkloriko eta nostalgiko batean oinarrituta eta ezkutatuta agertzen dena maiz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide