aiaraldea.eus

Untzuetako gazteluan Nafarroaren eguna ospatuko dute domekan

Erabiltzailearen aurpegia Markel Iturrizar   Jendartea
Untzuetako gazteluan Nafarroaren eguna ospatuko dute domekan

Bi urte pasa dira jada 2014ko apirilaren 6an herritar talde batek Untzuetan hainbat ekitaldi antolatu eta mugarria jarri zuenetik. Bere helburua izan zen aldarrikatzea bertan egondako gaztelua Nafarroako Erresumari lotuta zegoela.

Hari beretik tiraka, domekan, apirilaren 24an, Untzuetako gazteluan Nafarroaren eguna ospatuko dute.

Herri bazkariarekin bukatuko da Eguna

Bi urte pasa dira jada 2014ko Apirilaren 6an herritar talde batek Untzuetan egondako gaztelua Nafarroako Erresumari lotuta zegoela aldarrikatzeko hainbat ekitaldi antolatu eta mugarria jarri zuenetik.

Hari beretik tiraka, domeka honetan, Apirilaren 24an, Untzuetako Nafar-gazteluan Nafarroaren eguna ospatuko dute.

Herri bazkariarekin bukatuko da Eguna

Zutabeak Arakaldo, Orozko, Arrankudiaga-Zollo, Ugao eta Zeberiotik irtengo dira. 11:00etan Untzuetako tontorrean batu eta hamaiketako herrikoia egingo dute txalaparta eta albokarien laguntzarekin. 12:00etan aurreskua dantzatu egingo da, bertsolariak abestuko dute eta ekitaldia izango da ere. 15:00etan herri bazkaria izango da Ugaoko Dorretxean (Herriko taberna).

2006 eta 2007ko udetan egin zituzten indusketak gazteluaren arrastoak lurpetik ateratzeko. Aunia kultur elkarteak sustatu zituen, eta Juanjo Hidalgo laudiarra egon zen bertan lanean.

Gazteluaren historia

Historialariak azaldu zuenez, lehenagotik ere bazekiten bertan gaztelu bat zegoela, jasan izan zituen erasoen inguruko dokumentazioa dagoelako.

Dokumentatua ez zegoena gazteluaren antzinatasuna zela adierazi zuen Hidalgok, eta horregatik indusketetan topatu zituzten materialei karbono 14aren froga egin zietela. Hala jakin zuten gaztelua XI. mendekoa zela.

Bere ustez, Eneko Lopez Bizkaiko Lehenengo Jaunaren kontrolpean eraiki zen gaztelua, Nafarroako koroaren agindupean. Bi mende geroago, baina, gaztelarrek inguruko eremua bereganatu eta gaztelua hartu zuten.

Orduz geroztik hainbat eraso jasan izan zituen, Gaztelako Koroaren eta Bizkaiko jaunen arteko “tira-birak” medio. Baina gaztelua ez zen eraso horiengatik suntsitu.

Hidalgoren arabera, iritsi zen momentu bat zeinetan Bizkaiko Jauna eta Gaztelako Koroa “gauza bera” ziren. Enrique III Gaztelako Erregea eta D. Tello Bizkaiko Jauna anaiak ziren, “eta gainera ondo moldatzen ziren elkarrekin”. Horregatik, D. Tellok gaztelua birrintzeko agindua eman zuen XIV. mendean, eraikina bertan egoteak zentsurik ez zeukalako.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia Felix Mugurutza Erantzuna | #1

Ondo etorriak izan daitezen jendea etxetik ateratzeko ekimen guztiak eta norberak nahi duena aldarrikatzea.

Baina honelako ekimenek eta albisteek herritarren iritziak eta usteak nahastea ekar dezakete. Horregatik, ohar argigarri bat egin behar dela uste dut.

Beste behin esan nuen bezala, historiografiaren ikuspuntutik, Untzuetako gaztelu hori Nafarroako erresumari lotzea gehiegizkoa da, asmo edo amets bat... baina ez dago proba arkeologiko edo dokumentalik horri eusteko. Bestetik, C14 metodologiaz lortutako datek ere errebindikatzen den bide hori arbuiatzera garamatzate.

Indusketa arkeologikoen (AUNIA, 2006-2007) ondorioz lortutako kronologiagatik, XI. mendearen amaierakoa da hango gaztelua. Une horretan Iruñeko erresuma deseginda zegoen eta, bere baroiek, banatuak zituzten lurraldeak jada: ekialdekoak Aragoiko koroari emanda eta, mendebaldekoak, gure kasukoak, Gaztelakora. Bestela esanda: zaila dela oso Untzuetako gaztelua nafarra izatea eta bai gaztelaua (seguruena), data horietan Nafarroako (Iruñeko) erresuma ez zelako existitzen. Gehiago luza gintezke baina ez da hau tokia.

Iritzi berekoak gara horko indusketetan aritu ginen guztiok, baita albistean aipatutako Juanjo Hidalgo laguna ere (bere eta gainerakoen oniritziaz argitaratuko dut hau). Beraz, bestelako ekarpenik egon ez bitartean "nafar gaztelua" esaten den albiste guztietan aipatu beharko litzateke errebindikazio bat dela; baina eran berean aipatu beharko litzateke ez datorrela bat ikerketetan lortutako emaitzekin.

Nolanahi, hasierako mezura noa: ongi etorria ospakizuna eta, bereziki, bere bitartez errebindikatzen dena.

Erabiltzailearen aurpegia Javier Cuadra Erantzuna | #2

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa