aiaraldea.eus

[Erreportajea] Emakumeak prest, berdintasuna urruti

Erabiltzailearen aurpegia Miren Ayesa Aranoa   Jendartea
[Erreportajea] Emakumeak prest, berdintasuna urruti

Emakumeak prest egon arren berdintasuna urruti dago oraindik. Lan munduan, kirolean, politikan, jendartean... adibide mordoa daude. Egoera aldatzeko asmoz, eskualdean ere emakume talde ugari sortu izan dira, eskubideak errespetatzeko: Menagaraiko emakume taldea, Hiriska, Ametsuts, Adi, Loraldi, Aurreraka, Matxintxu, Solastiar, Emaion ,Sorgin moreak... 

Emakumeak prest egon arren berdintasuna urruti dago oraindik. Lan munduan, kirolean, politikan, jendartean... adibide mordoa daude. Egoera aldatzeko asmoz, eskualdean ere emakume talde ugari sortu izan dira, eskubideak errespetatzeko: Menagaraiko emakume taldea, Hiriska, Ametsuts, Adi, Loraldi, Aurreraka, Matxintxu, Solastiar, Emaion ,Sorgin moreak... 

Esti Vicente Hernandezek horietako batean hartzen du parte, Urduñako Adi emakume taldean. Parekidetasuna benetakoa izateko borrokatzen du. Izan ere, ez du uste emakume eta gizonek eskubide berdinak dituztenik: “Lantokietako zuzendaritza postuen %80 gizonezkoena da. Emakumeek lan berdina egiteagatik gutxiago kobratzen dute. Horretaz gain, emakumeok etxean eta kanpoan egiten dugu lan; eta ez zaigu aitortzen”.

Besteak beste, emakumeak jendartean ikustaraztea eta ahalduntzea jotzen ditu erronka nagusi. Aurten, baina, bereziki, abortu eskubidea aldarrikatuko du; hori iruditzen baitzaio garrantzitsuena: “Atzerapauso ikaragarria da, %100koa. Emakumeoi erabakitzeko eskubide guztiak kendu dizkigute. Ezin dute gure etorkizunaz beste batzuk erabaki Are gutxiago ea bortxatu nauten edo ez”. 

 

Abortuaren harira, datu esanguratsu bat ekarri du argitara: “1983an emakumeen heriotza kausa gehienak abortuengatik ziren. Lege honekin nik uste dut pertxara itzuliko garela, antzina alanbredun pertxarekin abortatzen zen. Baita koka-kola xiringan  ota eta baginan sartuta”. Egoeraren aurrean, kalera atera behar dela garbi du: “Jendeak ez du ezer egiten, udalek ere ez. Gauza hauek ezagutarazteko lan handia egin behar da. Aberatsek klinika pribatuetan abortatu ahal izango dute, eta gainontzeko emakumeak hil egingo dira”. Esti Vicenteren iritziz, denborak aurrera egin ahala, legeek atzera egiten dute: “Lege honekin 70. hamarkadara itzuliko gara, zaintzaile errola jarri nahi digute, gure seme-alaba edo gurasoak zaintzeko. Litekeena da urte guzti hauetan lortu ditugun aurrerapausoak lehengora itzultzea, bikote edo senarrei lotutako emakume botere gabeak nahi gaituzte. Ez da lege kontua, ondorioena baizik”. 

 

Itziar Bigurik emakumeen eskubide sozial eta politikoak urratzen direla pentsatzen du. Jendarte justuago bat du aldarri: feminismoaren ikuspuntutik emakume eta gizonezkoak berdinak izango direna. Gizonezkoek dituzten eskubide guztiak emakumeok ere izan behar ditugu: lana, gorputzarekiko erabakitzeko eskubidea, abortatzekoa...”.

 

Egoera aldatzea nori dagokion galdetuta, gizonen paperak ere parekidetasunean zer esan eta zer egin handia duela erantzun du. 

 

Julene Onaindia Garciak mikromatxismoak azaleratuko ditu Laudioko institutuan emango duen hitzaldian. Hau da, gizonezkoek emakumeen gainean duten boterea baieztatu edo defendatzeko hartzen dituzten jarrerak. “Adibidez, taberna batean mutilak neska gonbidatzen duenean edo ikasgeletan neskak hitz egitean mutilek kasu egiten ez dutenean”, azaldu du. Gazteen artean autokritika egitea eta kontzientziatzea izango ditu helburu: “Emakumeok ezin dugu gizonek ez dutena nahi aldatu, bai, ordea, presionatu”. Botere transformazioa eman behar dela dio; indarkeriak detektatu, izendatu eta salatu egin behar direla.

Pepa Ikaran Salegik Laudioko Hezkuntza, Berdintasuna eta Gazteria arloan egiten du lan. Berdintasunaren alde, prebentzio kanpainak oso garrantzitsuak direla dio. “Bikote gazteetan genero indarkeria lantzeko herriko ikastetxe guztietan saioak egiten ditugu”. Baita sexualitatea lantzekoak ere. Hala ere, herrian herri egitasmo ezberdinak egiten direla dio: “Udaletako zerbitzu eta baliabide gehienak emakume biktimekin lotuta daude; tratu txarrekin”. Herri gehienetan bezala, Berdintasun arlotik ekitaldi ugari antolatu dituzte.

 

Zergatik martxoaren 8an?

 

Nazioarteko Emakumearen eguna zergatik ospatzen da? Askotan pentsatu izan da Emakumeen Nazioarteko Eguna 1911. urteko matxoaren 25ean New York-eko Triangle fabrikako sutean hil ziren 140 emakume langileengatik egiten hasi zela, baina ez dago argi noiz hasi zen ospatzen eta zergatik aukeratu zen martxoak 8 egiteko. 

 

Abiapuntua XIX. mendeko amaierako nazioarteko emakume sozialisten mugimenduan dago. Haien helburu nagusia bozkatzeko eskubidea lortzeko borroka sustatzea zen, hezkuntza, jabego edota aberastasunean oinarritutako inongo murrizketarekin. Izan ere, sufragistak giro burgesetik zetozen. 

Kopenhagen egindako Emakume Sozialisten Nazioarteko II. Biltzarrean Clara Zetkin komunista alemaniarrak Emakume Langileen Eguna egitea proposatu zuen emakumeen bozkatzeko, kargu publikoetara iritsi ahal izateko eta lanerako eskubideak aldarrikatzeko helburuarekin. Horrela, 1911. urteko martxoaren 19an Alemanian, Austrian, Danimarkan eta Suitzan Emakume Langileen Nazioarteko Eguna ospatu zen lehen aldiz. Astebete beranduago, martxoaren 25ean, Triangle fabrikako emakume beharginek greba egin zuten pairatzen zuten esplotazioa salatzeko. Enpresan itxiak zeudelarik jabeek su eman zioten eraikinari emakume langile guztiak errez. 

 

Renée Côte ikertzailearen ustez Errusian dago jatorria. Nahiz eta 1914. urtetik errusiar emakumeek data horretan ospatzen zuten, 1917. urtean gerran hil ziren 2 milioi errusiarren omenez, bertako emakumeek “ogia eta bakea” lelopean grebak egiten hasi ziren. Langile mugimenduko buruei ezegokia iruditu omen zitzaien, baina ezustean emakumeek hasitako borroka arrakastatsua izan zen eta iraultza giroa Errusia osoan zabaldu zen. Mobilizazio horiek Tsar-aren abdikazioa ekarri zuten eta emakumeek martxoaren 8an boto eskubidea lortu zuten munduko herrialde askotan egun hori ospatuz. 

 

1975. urtean Nazio Batuek martxoak 8 Emakumeen Nazioarteko Eguna ofizialki ezarri zuten nazioartean emakumeen eskubideen aldeko aldarrikapen eguna eginez eta langile izaera kenduz.

Guztira, 40 ekitalditik gora izango dira datozen  egunetan eskualdean zehar. Berdintasuna helmuga duten 40 urrats bat gehiago.

 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa