1914-2014: Aiaraldeko langile mugimenduaren mende beteko historia

Erabiltzailearen aurpegia Edorta Moreno Martin 2014ko api. 30a, 19:24

Maiatzaren Lehena, langileen nazioarteko eguna, ospatzen da, bai Aiaraldean eta baita mundu zabalean ere, urtero legez, langileriaren eskubideak aldarrikatzeko. 1886ko maiatzaren 1ean, Chicagoko (AEB) McCornick lantegiaren aurrean, poliziak akabatu zituen beharginen oroipenez izendatu zen egun hau.

Maiatzaren Lehena, langileen nazioarteko eguna, ospatzen da, bai Aiaraldean eta baita mundu zabalean ere, urtero legez, langileriaren eskubideak aldarrikatzeko. 1886ko maiatzaren 1ean, Chicagoko (AEB) McCornick lantegiaren aurrean, poliziak akabatu zituen beharginen oroipenez izendatu zen egun hau.

Aiaraldean ere urteak igaro dira langile mugimenduak lehen pausoak eman zituenetik, 100 gutxienez. 1914ean greba bat egon zen eskualdean, Aketza Merino historialari amurriarraren arabera. Urduñako “Basaldúa y Compañía” lantegian eta bi harrobitan izan zen. Langileek lanaldi murrizketa eta soldata igoera eskatu zituzten mobilizazio hartan, modu baketsuan. Fabrika handirik ez egonagatik baina, garai hartan langile mugimendua nahiko ahula zen eskualdean.

1926ra arte itxaron beharra dago antzeko gertakizunik ikusteko. Baranbion jaso zen orduan, bertako mehatzeetan, nagusiek ez baitzuten zortzi orduko lanaldia errespetatzen eta meatzariek protesta egin zuten.

II. Errepublikaren garaian bazen jadanik Laudio nahiz Amurrion lantoki kontzentrazio handiagorik eta, horrekin batera, langile mugimendu indartsuagorik nahiz jarduera sindikalik ere: ELAk bazuen ordezkaritzarik Laudion nahiz Amurrion, baita UGTk nola Sindicato Obrero Profesional zelakoak ere. Garai honi dagokionez, 1934an greba orokorra egon zen, Espainiako hainbat tokitan, Asturiasen adibidez, iraultzan eratorri zena . Aiaraldean, hainbesteraino iritsi ez bazen ere, Guardia Zibilak 14 langile atxilotu zituen eskualde guztian (sei Amurrion eta beste zortzi Laudion).

Frankoren agindupean

Mugimendu sozial eta politiko gehientsuenekin bezala, frankismoak langile mugimendua ahuldu egin zuen. Sindikatu Bertikala bilakatu zen 1940tik aurrera estatu guztiko legezko erakunde sindikal bakarra, langileak eta ugazabak biltzen zituena eta azken hauen kontrolaren pean zegoena.

Grebak debekatuak zeuden. Frankismoak iraun zituen berrogei urteetan zehar gainera, Aiaraldeak aurrekoa txiki uzten zuen industrializazio prozesu bat bizi izan zuen: Aceros de Llodio, Villosa, Lipmesa, Envases, Tubacex... bezalako lantokiak eraiki izan ziren.

Milaka etorkin iritsi ziren Amurrio nahiz Laudiora Euskal Herriko nahiz Espainiako hamaika txokotatik bertan lan egitera. Laudion, adibidez, biztanleria aktiboaren %80ak ziharduen industrian 1975an.

Hainbeste langile industrial egonagatik ere ez zen gaur egungoa bezalako mugimendu sindikalik existitzen. Baziren, Sindikatu Bertikalaz aparte, JOC (Juventudes Obreras Católicas) edota HOAC (Hermandad Obrera de Acción Católica) bezalako erakundeak, erregimenak toleraturikoak baina pixkanaka Francorekiko kontrakotasun handiagoa erakutsi zutenak. JOCek Euskal Herri mailako asanblada bat izan zuen Laudion 60ko hamarkadan. II. Errepublikan indar aski izandako ELAk edota UGTk klandestinitatean jardun behar zuten eta ez zuten ia indarrik, ez eta frankismoaren azken urteetan Alderdi Komunistak bultzaturiko Langile Komisioek (CCOOk) ere.

Protesten areagotzea

1966 eta 1967 artean 800 bat langilek sei hilabetean zehar luzatuko zen greba bat eraman zuten aurrera Basauriko Bandas lantokian, Euskal Herrian Francoren garaian egindako esanguratsuena. Aiaraldean, presentzia sindikal minimo bat zegoenez, diru bilketak egin ziren lantegietako beharginen artean Basauriko langileak laguntzeko.

Villosan ere, 1972an, soldata igoerak aldarrikatzeko greba bat ere gauzatu zen. Mobilizazioek geroz eta izaera politikoagoa eskuratu zuten, lan baldintzen hobeagotze bat eskatzeaz haraindi erregimenaren beraren kontrako jarrera bat erakusten zutelarik. 1974an manifestazio bat irten zen Acerosetik, aurrealdean debekaturiko ikurrina zuena. 1976an, martxoaren 3ko erahilketen ostean, protestaldiak izan ziren eskualdean. Franco lurpean, LABen sorrerak eta gainontzeko sindikatuen legalizazioak etapa berri bat ireki zuten lagile borrokan. 80ko hamarkada krisi industrialaren lekuko izango zen, Aceros lantegiaren itxierak ekarri zituen gatazkarik handienak. Orduz geroztik gatazka asko egon dira Aiaraldeko lantegietan, eta gaur egungo krisi egoerarekin areagotu egin dira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide