aiaraldea.eus

[IRITZIA] Korrika

Erabiltzailearen aurpegia Txani Rodrigez   Iritzia
[IRITZIA] Korrika
Bihar eta etzi igaroko da Korrika Aiaraldetik. / Aiaraldea.eus | Ikusi handiago | Argazki originala

Zergatik idazten dudan galdetzen didate maiz. Nire erantzuna txukuntzeko arrazoi ezberdinak aipatzen ditut, baina, egia esan, erantzun bakar bat dago: ez dakidala. Irrika bat da. Azaldu ezin dudan beharra.  Korrika geure eskualdetik pasatzen denean, irrika berezi bat sentitzen dut ere bai: poza eta harrotasuna, aldi berean, erraietan dantzan baleude bezalaxe.

Arrazionalizatu nezakeen sentsazio horren zioa: euskara indartzeko jai bat delako Korrika, nire haurtzaroaren gogorapen xamurrak dakarzkidalako, klaseko kideekin kilometroren bat betetzen nueneko garai urrun horren gogorapenak; baina, berriro ere, egia esateko, ez dakidala zergatik sentitzen dudan emozio hori aitortu beharko nuke. Argudio honek motza badirudi ere, zehaztu ezin diren arrazoiak, sendoenak  dira, negoziaezinak direlako. Barnean daramaguna, azaldu ezin dugun hori, konbentzimendu osoz defendatuko dugu.

Beraz, korrika egin dezagun apiril honetan haurrek korrika egiten duten modura, anarkia puntu batekin, eta ilusioaz. Korrika egin dezagun azalpenik edo zuribiderik behar ez ditugulako. Nola azaldu bestela geure zerarengana heltzeko korrika egiten dugula, aldendu bagina bezalaxe. Haurrek korrika egiten duten modura egiten dugu korrika guk, ez dugu inora heldu behar, helmuga nork bere barnean daramalako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa