aiaraldea.eus

Eta gu? Zerura begira?

Erabiltzailearen aurpegia Txutxi Ariznabarreta   Iritzia

Europan independentziaren aldeko haizeak mugitzen ari dira, indartsu joko dute 2014an. Eskozian irailaren 18an egingo duten erreferendumean izango dute independentziaren atea zabaltzeko aukera. Katalunian, azken Diadako “Vía catalana cap a la independència”-ren arrakastaren ostean, ziur nago urrats berriak egingo dituztela datozen hilabeteotan. Hauek ere mahai gainean daukate 2014an bertan kontsulta egiteko aukera. Eskozia eta Katalunia badoaz! Edo, badabiltza behintzat! Eta gu, zerura begira?

 

Ez dakit zeren zain gauden, Madrilerantza begiratu eta ikusten dugun panoramak berak erakusten digu bidea: Euskal Estaturik gabe ez dago etorkizunik Euskal Herriarentzat. LOMCE legea da horren adierazgarri: asimilazioa, zentralizazioa eta españolizazioa erarik gordinenean. Aldi berean, babes sozialaren eta zerbitzu publikoen desmatelamendua eta gure sare produktiboaren hondamena; langabezia eta pobrezia; ustelkeria eta inboluzio politikoa; gure hizkuntza eta kulturaren etengabeko erasoak; eskubide zibil eta politikoen urraketa sistematikoa … Nora goaz horrela? Nekatuta gaude etengabe erasoei aurre egitearekin eta noraez honekin.

 

Independentzia da hau guztia oinarritik aldatzeko alternatiba bakarra. Gaur independentzia ez da soilik abertzaleen nahia, herri baten beharra baizik. Bidea zehaztu eta mugarriak jartzeko garaia da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa