aiaraldea.eus

Kartzelak apurtu!

Erabiltzailearen aurpegia Txutxi Ariznabarreta   Iritzia

Makina bat bider oihukatu dugu, espetxeak apurtu! Eta oihukatzen jarraituko dugu herri honetan ehunka preso politiko dugun bitartean. Edo bakar bat dugun bitartean. Euskal Herritik urrun, etxetik urrun ditugun bitartean. Statu quo menperatzailea inposatzen diguten estatuen salbuespenezko legediaren ondorioz, gure herriak sufritzen duen salbuespen egoera amaigabearen adierazle garbia dira euskal preso eta iheslari politikoak.

Baina badira beste kartzela batzuk ere. Hemen, Euskal Herrian bertan, milaka dira bere eskubideak ukaturik dauzkaten herritarrak. Milaka dira langabeziaren, prekarietatearen, esklusio sozialaren eta pobreziaren kartzeletan preso daudenak, zigorraldi amaierako datarik gabe. Epaiketarik gabe bere askatasuna eta eskubideak lapurturik ikusi dituzten herritarrak. Lan duinerako eskubiderik gabe, etxebizitza eskubiderik gabe, goserik ez pasatzeko eskubiderik gabe, justizia sozialerako eskubiderik gabe … Askatasunik gabe daudenak. Zeren, bizitza duinik gabe ez dago askatasunik. Aberatsak gero eta aberatsago. Pobreak, gero eta gehiago, eta gero eta pobreago. Hau dena onartezina eta eskandalugarria da Euskal Herrian sortzen den aberastasunaren oinarri-oinarrizko banaketa justu baten bitartez pobrerik gabeko jendartea guztiz posible denean.

Tartean ehun urte igaro ez balira bezala, XIX. mendeko aldarrikapen berberak ditugu XXI. mendean: ogia, justizia eta askatasuna! Apurtu ditzagun espetxeak eta kartzelak! Guztiak!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa