aiaraldea.eus

Gernika, Gernikara!

Erabiltzailearen aurpegia Txutxi Ariznabarreta   Iritzia

Otxandio (1936-07-22), Durango (1937-03-31) eta Gernikako (1937-04-26) bonbardaketak Euskal Herriaren aurkako genozidioaren baitan kokatu behar diren gerra krimen izugarriak dira. Bero-beroan, 1937ko maiatza-ekainean margotu zuen Pablo Picassok Gernika koadroa Parisen. Eta, gezurrean eta izuan oinarritutako ondorengo memorizidioaren gainetik, askatasun eta bakearen ikur unibertsal bilakatu da sarraskiaren basakeria hain gordin erakusten duen koadroa. Euskal iruditegi kolektibotik, euskal unibertsotik, mundu osora jauzi egin du Gernikak, margolanak eta hiriak.

Apirilaren 26an bonbardaketaren 80. urteurrena izango da, baina koadroak Madrilen dirau, munduko tokirik desegokienean. Ardura zuzena izan arren, basakeria aitortu eta barkamena eskatzeko gai ez den Estatuaren hiriburuan, Franco eta Molaren oinordekoen eskuetan.

Ziur nago, urtemuga baliatuta, berriro ere historia desitxuratu, egiari iruzur egin eta Gernika euskal iruditegi kolektibotik lapurtuz espainiarrenean kokatzeko ahalegina egingo dutela. Horrexegatik, udaberri honetan ezinbestekoa da jauzi berri bat egitea, oroimen historikoa berreskuratu eta mundu guztiari erakustea Gernika Euskal Herriaren duintasunaren eta askatasunaren ikurra dela, eta margolanaren tokia Gernikan dagoela. Zabal dezagun lau haizetara gure garrasia: Gernika, Gernikara!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa