aiaraldea.eus

Udal sukalde ekologikoak gaur ekingo dio bere ibilbideari

Erabiltzailearen aurpegia Urduñako udala   Hezkuntza

Urduñako Herri Eskolako ikasleek tokiko produktu ekologikoekin prestatutako bazkaria disfrutatzeko aukera izango dute gaurtik aurrera

Udal sukalde ekologikoak gaur ekingo dio bere ibilbideari
Urduñako udal sukaldea./ Urduñako Udala | Ikusi handiago | Argazki originala

Ikasturte berriaren batera, Urduñako udal sukaldeak 2009an, proiektuaren hastapenetan, ezarri zitzaion helburua beteko du. Izan ere, gaurtik aurrera Herri Eskolako ikasleei ere zerbitzua eskainiko die, udal egoitzako egoiliarrei 2015etik egiten zaien moduan.

Bedarbide Ekoizleen Elkartea, Urduñako Zaporeak, ACCOR Merkatari Elkartea, eskola, Ekoizpen udal Zerbitzua eta Urduñako Udaleko Ekonomia Sustatzeko Arloa 8 urtez lanean eta borrokan aritu ondoren, gaurtik aurrera haurrek ere izango dute tokiko produktu fresko eta ekologikoak erabilita prestatutako bazkaria dastatzeko aukera.
Proiektua 2009an hasi zen, inguruko garapen jasangarria sustatzeko asmoz tokiko produktuen kontsumoaren bitartez.
 
2015ean Urduñako adinekoen egoitzan abiatu zen, ingurumenean horrelako jantoki batek duen talka murriztuz,  hirian eta inguruan enplegua sustatuz eta horren bitartez Urduñako zerbitzu publiko hobeagoa eskaintzeko helburuarekin. Nahiz eta abiaraztea gaur arte atzeratu den, dagoeneko Hezkuntza Sailaren baimena du proiektuak probari ekiteko.
 
Eskolako Gurasoen Elkartetik eskerrak eman nahi izan dizkiete proiektua bultzatu duten pertsona,  elkarte eta erakunde publiko guztiei. Azken asteetan, hain zuzen ere,  boluntario talde bat lanean aritu da ikasleen jantokia atontzeko.
 
Gainera, ekimen horretan inplikatuta dauden agenteak elikadura eta sukaldaritza profesionalekin elkarlanean daude gaur egun lan prozedurak, metodologiak eta zerbitzua erabiliko duten haurrentzat egokienak diren menuak diseinatzeko. Hurrengo hilabeteetan frogaren balorazioa egingo dute etorkizunean zerbitzua hobetu ahal izateko.
 
Ekoizpen udal zerbitzuko arduraduna den  Marijo Imazek aipatu du ilusioz ekingo diotela: “Hurrengo egunetan, apurka-apurka, ikasturtean zehar jantoki zerbitzua baliatuko duten ikasle guztiak sartzen joango dira eskolara. Gogotsu gaude, baina oraindik ere gauza asko egin behar ditugu. Eguneroko eskarmentuak markatuko du etorkizunean jarraituko dugun bidea.”

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa